Berriak
Eu

Larrialdi egoerei aurre egiteko lege berriak kudeaketa «azkarragoa eta eraginkorragoa» izatea ahalbidetuko du

2011.eko azaroak 08

Gobernu Kontseiluak onartutako lege proiektuak larrialdi egoerei aurre egiteko laguntza unitate bat sortzea aurreikusten du

Gobernu Kontseiluak Larrialdiak Kudeatzeko Legea aldetzeko lege proiektua onartu du Proposatutako aldaketek larrialdi egoerak kudeatzeko sistema indartzea dute xede, eta babes zibileko egitura eta zerbitzuak indartzen eta herritarrekin erlazioak sustatzen dituzte, betiere egun indarrean den sistemaren oinarriak aldatu gabe. Rodolfo Ares barne sailburuak nabarmendu duenez, egungo legea eguneratzea behar-beharrezkoa da, 1996. urtetik baitago indarrean. Gobernu Kontseiluaren ostean egindako prentsa agerraldian beste hainbat gai ere aztertu ditu Aresek, tartean Memoriaren Eguna.

«Onartutako aldaketek, larrialdi egoeren kudeaketa azkarragoa eta eraginkorragoa izatea dute xede, horretarako hobeto hezitako profesionalak erabiliz. Lehen helburua balizko larrialdi egoerei aurre hartzea eta kalteak saihestea da, eta, kalteak izanez gero, eraginkortasun handienaz jokatzeko beharrezko mekanismo guztiak izatea», nabarmendu du Rodolfo Aresek.

Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzaren bozeramailearekin batera agertu da prentsaren aurrera Rodolfo Ares, astero Lehendakaritzan (Gasteiz) egiten den Gobernu Kontseilua amaitu eta berehala.  Hain zuzen ere, Ares bera izan da Larrialdiak Kudeatzeko Legea aldatzeko onartutako lege proiektuaren inguruko azalpenak eman dituena. Kazetarien galderei erantzunez, Memoriaren Eguna ere izan du hizpide barne sailburuak.

Onartutako lege proiektuari dagokionez, berrikuntza nagusietakoa larrialdi egoerei aurre egiteko laguntza unitate bat sortzearena da; unitate horrek larrialdi egoerak daudenean pertsonak eta ondasunak babestea izango du xede. Euskal Autonomia Erkidegoan lan egingo badu ere, laguntza eskatzen zaionean bertatik kanpo ere arituko da.

Memoriaren Eguna
Rodolfo Aresek alderdi politikoen arteko desadostasunek Memoriaren Egunean Euskadiko erakunde guztiek publiko egingo luketen adierazpen instituzional bat adostea eragotzi izana gaitzetsi du. Barne sailburuak azaldu zuenez, adostasunik lortu ez duten arren, horrelako auziek arduraz jokatzea eta egoerak eskatutako neurria ematea exijitzen dute, eta, horregatik, Gobernu Kontseiluak hurrengo ostegunean, azaroaren 10ean, Ajuria Eneko jauregian adierazpen instituzional bat egitea erabaki du.

Adierazpena Patxi Lopez lehendakariak irakurriko du, eta, Rodolfo Aresek aurreratu duenez, «lehendakariak berak Politika Orokorreko osoko bilkuran esandakoarekin eta legebiltzarrean emango aurrerapausoekin koherentea izango da».  Barne sailburuak nabarmendu nahi izan duenez, «Eusko Jaurlaritzak ezinbesteko eta beharrezkotzat du Memoriaren Eguna ospatzea, Euskadin gertatutako guztia ahantz ez dadin eta inoiz berriz gerta ez dadin».

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak hartutako erabakiak (2011.11.8)

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak 2011-11-08n hartutako erabakiak

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)