Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariaren esanetan, AHT "lehentasun bat da eta ez du inork geldituko"

2010.eko urtarrilak 15

Abandoko geltokia izango da Bilbon Abiadura Handiko Trenaren helmuga. Tren berri hori Bizkaiko hiriburuan nola egokituko den eta Abiadura Handiko Trenak hiriburura izango duen sarbidea aurkezteko ekitaldian izan da Lehendakaria. "Herri proiektua" da, eta euskal gizartearen gehiengoaren babesa du, Patxi Lopezen hitzetan.

Sustapen ministroak, Jose Blancok, Bilbon esandakoaren arabera, Abiadura Handiko Trenak 30 minututan lotuko ditu EAEko hiru hiriburuak. Gainera, proiektuak 85.000 metro karratuko gune berri bat sortuko du Bizkaiko hiriburuaren erdi-erdian.

Abiadura Handiko Trena "lehentasuna" duen azpiegitura da Jaurlaritzarentzat, eta "ez du ez inork ez ezerk geldituko". Azpiegitura berria Bilbon integratzeko eta AHT Abandoko geltokitik sartzeko proiektua aurkezteko ekitaldian esan ditu hitz horiek Lehendakariak. Patxi Lopezen arabera, azpiegitura "estrategikoa" da, lana sortu eta garapenerako bidea emango baitu. Horren ustez, "gakoa" izango da Euskal Y-aren baitan, eta Euskadira "ate nagusitik" sartuko dela gaineratu du.

AHT hiriburura sartzeko eta azpiegitura berria integratzeko egungo azpiegituretan egin behar diren birmoldaketak aurkezteko ekitaldian egin ditu hitz horiek Patxi Lopezek. Bertan, Lehendakariarekin batera, besteak beste, Sustapen ministroa, Jose Blanco; Bizkaiko hiriburuko alkatea, Iñaki Azkuna; eta Bizkaiko ahaldun nagusia, Jose Luis Bilbao, izan dira.

Proiektu honek Indalecio Prieto Abandoko Geltokia erabat birmoldatzea ekarriko du, abiadura handiko zerbitzu berriak eta RENFE eta FEVE konpainiek egun eskaintzen dituzten aldiriko zerbitzuak hartzeaz gain, eta EAEko Tren Sare Berriari jarraipena emateko, Basauritik bertara heltzeko tunel berri bat egiteko lanak jasotzen baititu. Ondorioz, gaur egun trenbideek hartzen dituzten lursailak libre geratuko dira eta hiriak duela urte asko inguru horretan zuen lekua berreskuratuko du, Bilbo erdian 85.000 metro karratuko sail berri bat sortuko baita.

Lehendakaria erabat sinetsita agertu da "Euskadik aurrera egitea nahi ez dutenen" terrorismoak ez duela "geldiaraziko" Eusko Jaurlaritzarentzat "lehentasuna" duen azpiegitura hau.

Bestalde, Sustapen ministroak iragarri duenez, AHT Bilbora iristeko ia 7 kilometroko tunel bat egingo dute. Basaurin hasiko da, ADIF erakundea gaur egun egiten ari den "Galdakao-Basauri" tartearekin bat egingo du, Nerbioi gainetik joateko aukera ematen duen zubiarekin bat egingo du, gaur egun Cantalojas tunelaren iparraldeko sarreraren azpitik igaroko da eta Indalecio Prieto Abandoko geltokiraino iritsiko da, egungo trenbidearen ibilbidearen azpitik joango den tunel faltsu baten bidez.

Ministroak egindako adierazpenen arabera, Abiadura Handiko Trena Bilbora iristeak "iraultza" ekarriko du, hiru arrazoirengatik: batetik, azpiegitura honek Euskadi eta Europa erdialdea lotuko dituelako; bestetik, EAE Espainiako gainerako lurraldeekin konektatuko duelako; eta bukatzeko, Blancoren aburuz, EAEko erdiguneko ardatza izango delako.

Blancoren hitzetan, Ministerioa lanak arintzen ari da AHT lehenbailehen gauzatu eta EAEko hiriburuetara heltzeko. Orain arte, proiektuak egin eta lanak kontratatzeko, 1.200 milioi euro erabili dituztela jakinarazi du. Halaber, horren esanetan, Sustapen Ministerioak 218 milioi euro bideratuko ditu proiektu honetara, eta horri Jaurlaritzak jarriko dituen 225 milioiak erantsi behar zaizkio. 443 milioi euro horiek, Blancoren arabera, horrek guztiak eragin zuzena eta positiboa izango du ekonomia sustatzeko eta enplegua sortzeko.

Patxi Lopezen hitzak, abiadura handia Bilbora helarazteko eta trena integratzeko gaur egungo instalazioak birmoldatzeko soluzioa aurkezteko ekitaldian egindakoak.

Aurkezpen ekitaldian, Lehendakariarekin batera, Sustapen ministroa, Jose Blanco; Bilboko alkatea, Iñaki Azkuna; eta Bizkaiko Ahaldun Nagusia, Jose Luis Bilbao, ere egon dira.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Beste gonbidatu batzuk
  • Lehendakaria