Berriak Lehendakaritza

Lehendakariak herri-itunak eskainiko ditu Politika Orokorreko Osoko Bilkuran

2022-09-20
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.
  • Eusko Jaurlaritzak helegitea jarriko dio Gasteizko epaitegiak udaltzainen lan-poltsan sartzeko B2 euskara maila eskatzeari buruz emandako epaiari
  • Diru-bilketa solidarioa egiteko zergak mantenduko ditu Euskadik

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren osteko ohiko prentsaurrekoan. Bertan, Lehendakariak hurrengo osteguneko Legebiltzarreko Bilkuran egingo duen agerraldiaren ildo nagusiak partekatu ditu.

Bozeramaileak azaldu duenez, ostegunean, Lehendakariak Jaurlaritzaren zereginaren egungo uneak inguruan duen testuinguruaren errepaso zehatza egingo du, bai eta bere lana baldintzatzen ari diren faktoreen errepasoa ere. Izan ere, krisialdi mundialak kateatu egin dira eta, ondorioz, Europaren historia hurbilean ezagutu ez dugun ziurgabetasunez beteriko momentuak bizitzen ari gara. Lehendakariak egoera horri erantzuteko Jaurlaritzak, gainerako euskal erakundeekin eta gizarteko sare sozial eta ekonomikoekin koordinatuta hartu dituen neurrien errepasoa egingo du: “lehentasunen artean gure ekoizpen-sarea eta zailtasun ekonomikoak dituzten herritarrak egon dira”.

Eta testuinguru horren erdian, Lehendakariak legegintzaldi honen euskarri diren bi alderdien artean hitzartutako Gobernu Programan finkatzen diren konpromisoen betetze-maila azalduko du eta geratzen diren ia bi urteetarako zereginak errepasatuko ditu, gai sektorialekin zerikusia dutenak, bai autogobernuaren garapenarekin harremana dutenak ere, “hori baita egungo Legegintzaldiko akordioaren zutabe nagusietako bat”.

Azkenik, egoera konplexu honetan murgilduta, mundu osoan hedadura duten faktoreak kontutan izanik baina autogobernuaz baliatuz, Lehendakariak gainerako alderdientzat hausnarketa irekia egingo duela jakinarazi du Bingen Zupiriak, “Euskadik bere etorkizuna eta hurrengo belaunaldien etorkizuna jokoan izango dituen funtsezko gaietan herri-itunak gauzatu ahal izateko”.

EUSKARAZKO PROFILA

Bestalde, Bingen Zupiria bozeramaileak jakitera eman duenez, Eusko Jaurlaritzak helegitea jartzea erabaki du Gasteizko epaitegiaren epaitzaren aurka, udaltzainen lan-poltsan sartzeko B2 euskara maila eskatzeari dagokionez. "Gure ustez, atzo argitaratu zen epaiak abstrakzioa egiten dio Euskararen Normalkuntza Legearekin duela 40 urte hasi zen prozesu legalari, eta horregatik aurkeztuko dugu errekurtso bat", azaldu du. Era berean, adierazi du gero eta herritar gehiagok eskatzen dietela administrazioei euskaraz arreta jasotzeko, eta horrek hizkuntza-gaitasunaren maila eskatzen duela. "Horregatik erabaki zen B2 profila ezartzea udaltzaingoetan ordezkapenak egiteko lan-poltsa horiek osatzerakoan", esan du.

ZERGA-SISTEMA

Zerga-sistemari dagokionez, Bingen Zupiria sailburuak azpimarratu du Euskadiko zerga-eredua eta gainerako autonomia-erkidegoetakoa desberdinak direla; “euskal eredua erabateko arriskuaren eredua da, diru-sarrerei eta gastuari begira diziplina eskatzen duen eredua, betiere oreka egon dadin”. Sailburuak azpimarratu duenez, elkartasun-maila bermatuko duten gizarte-politikekin bat etorriko den garapen ekonomikoko sistema bat bermatzeko, beharrezkoa da diru-sarrera horiei eta horien kudeaketa onari begira konpromiso bat izatea. Ildo horretan, bozeramaileak gogorarazi du euskal erakundeek eredua berrikusteko eta aldaketaren bat aplikatu behar den ikusteko konpromisoa dutela.

GOBERNU KONTSEILUAREN AKORDIOAK

Gainera, ohikoa den bezala, Bingen Zupiria sailburuak, jakitera eman ditu Gobernu Kontseiluak gaur onartutako hainbat akordio, besteak beste, honakoak aipatu ditu:

Alde batetik, euskal poliziaren euskalduntze bidean, eta herritarrei zerbitzu hobea eman ahal izateko, Gobernu Kontseiluak 2022-2023 ikasturtean lan-orduz kanpo Ertzaintzako agenteei formakuntza ematen jarraituko du eta HABE - Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeak beteko du zeregin hori. Bi erakundeen arteko akordioa onartu da eta HABEK aurrez aurreko ikastaroak eta nork bere kasa ikasteko modalitatekoak antolatuko ditu. Akordio honek 600.000 euroko partida dauka eta euskaldundu nahi duten agenteen matrikulak eta tasak ordaintzeko izango dira, Ertzaintzak nabarmenduta bait dauka gero eta handiagoa dela euskara ikasteko eskaera bere plantillan.

Bestalde, Gobernuak 800.000 euroko dirulaguntza onartu da gaurkoan Artziniegako monumentu-multzoa hobetzeko. Euskadiko ekonomia eta enplegua berreskuratzeko Berpiztu programaren barruan, 800.000 euroko diru-laguntza emango dio Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Artziniegako Udalari, bertako monumentu-multzoa hobetzeko. Jarduerak izango dira Kultur Etxea egokitzea eta 1592ko Ortiz de Molinillo dorrean esku hartzea, hura berriro hotel bezala irekitzeko.

Gai-zerrenda

Prentsa-txostena

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak