Berriak Ekonomiaren Garapena, Jasangarritasuna eta Ingurumena
qrcode

Patogenotasun handiko hegazti gripearen kasu berriak hauteman dira zangetan

2022-09-26

•Hegazti basatiak birus horen eramaile naturalak dira, eta, ondorioz, eskortako hegaztiekin edo autokontsumorako baserri txikietako hegaztiekin kontaktua izatea ekidin behar da.

• Gaixotutako hegaztiak izatekotan, ez dira hegazti horiek manipulatu behar, eta larrialdi-zerbitzuei jakinaraziko zaie erretira ditzaten.

• Hegazti-haragia, arrautzak edo hegaztietatik eratorritako edozein elikagai kontsumitzea ez da arriskutsua kontsumitzaileentzat.

Neikerreko Animalien Osasun eta Baliabide Naturalen Laborategiak H5N1 patogenotasun handiko hegazti-gripeko (PHHG) kasu berriak hauteman ditu euskal kostaldeko zenbait udalerritan bildutako zangetan. Algeteko Erreferentziako Laborategi Nazionalean lagin horiek baieztatzeko zain daude.

Zanga Ipar Atlantikoan habia egiten duen hegazti itsastarra da, eta garai honetan hegoaldera migratu ohi du (Afrika mendebaldera) ur epelagoen bila. Azken hilabeteetan patogenotasun handiko hegazti-gripearen hainbat kasuren berri eman da espezie horren jatorrian, eta, segur aski, hori da Penintsula Iberikoan gaixotutako zangak agertzearen arrazoia.

Abuztuaz geroztik, Kantauri itsasoaren ertzean patogenotasun handiko hegazti‑gripearen zenbait kasuren berri eman da zangetan: hamar Galizian, hiru Kantabrian eta beste bi Euskadin, hain zuzen ere. Frantziako kostaldean ere hegazti‑gripea duten zenbait zanga antzeman dituzte. Kasu berri horiekin, bederatzi dira animalien gaixotasun‑fokuak Euskadin 2022an. Izan ere, kontuan hartu behar dira maiatzean agertu ziren sai arreen bi fokuak eta abuztuan Gipuzkoan eta Bizkaian antzeman ziren zangen bi kasuak.

Bi kasu horik aurkitu ahal izan dira hiru Foru Aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak koordinatutako gaixotasuna zaintzeko eta kontrolatzeko programari esker. Programa hori indartu egin da azken hilabeteetan arrisku handieneko eremuetan, hala nola inguru hezeetan eta hegaztiak biltzen diren bestelako inguruetan. 2022an dagoeneko 900 lagin baino gehiago aztertu dituzte Euskadin, Neikerren laborategian, birusaren zirkulazioa goiz hautemateko eta hegazti-gaixotasuna geldiarazteko azkar jokatzeko.

Gaur egun, Europan azken urteetako hegazti-gripearen epidemia larrienetako bat ari da bizitzen, eta hegaztien migrazio-aldia hasi zenetik 5.608 kasu jakinarazi dira 36 herrialdetan. Une honetan, lehentasuna da eskortako hegaztiak babestea birusaren aurrean; izan ere, birusak galera ekonomiko handiak eragin ditzake Euskadiko hegaztizaintzaren sektorean, eragindako ustiategiko hegazti guztiak sakrifikatu beharko lirateke eta, baita murrizketa-eremuak ezarri ere horren inguruan.

Horregatik, kasuak baieztatu ondoren, Euskadiko Administrazioak sektoreari horren berri emango dio, eta eskatu dio beharrezko neurriak hartzeko eskortako hegaztien eta hegazti basatien arteko kontaktuak ekiditeko. Neurri horiek autokontsumo‑hegaztiei ere aplikatu behar zaizkie; izan ere, rol garrantzitsua izan dezakete hegaztien artean gaixotasun hori transmititzeko.

Azkenik, gomendatzen da ez manipulatzea hilda edo hilzorian dauden hegazti basatiak, eta berehala jakinaraztea larrialdi-zerbitzuei 112 telefono-zenbakiaren bidez, foru-zerbitzu ofizialek bil ditzaten. Osasun-agintaritzek jakinarazten dute gaitasun zoonosiko txikiko anduia dela, eta gomendatzen da ahalik eta gehien murriztea sintoma klinikoak dituzten edo hilda dauden hegaztiekiko kontaktua. Edonola ere, birusa ezin zaie transmititu pertsonei hegazti-haragia, arrautzak edo hegazti horietatik eratorritako edozein elikagai kontsumituta.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)