Berriak Lehendakaritza
Eu

Zapaterok lehendakariaren «ibilbide orriari» babesa agertu dio, garai berria kudeatzeko Euskadin

2011.eko azaroak 07

Lehendakaria eta Gobernuko presidentea Ajuria Enean elkartu dira indarkeria terroristaren etenaren ondoko egoera aztertzeko

Patxi López lehendakariak eta José Luis Rodríguez Zapatero Gobernuko presidenteak Euskadik bizi duen egoera aztertu dute, joan den urriaren 20an ETAk iragarri zuen indarkeriaren etenaren ostean. Biek zuhurtzia «eskatu» dute Euskadin zabaldu den aro berriaren kudeaketarako. Presidentearen ustez lehendakaria «ondo kudeatzen» ari da garai berri hau.  Izan ere, Zapaterok lehendakariak garai berri honetarako Eusko Legebiltzarrean «ibilbide orri» gisa aurkeztu zuen dekalogoari bere babesa agertu dio. Lehendakariarekin Ajuria Enean ordubetez batzartu eta gero, «ekimen hau osoki babesten duela» esan du. Patxi Lópezek Euskadiko indar politiko, sindikatu, enpresari eta eragile sozialekin izaten ari den bilera errondaren berri eman dio.  Lehendakariak Zapaterok bere agintaldian Euskadin bakearen alde egin duen lana eskertu du, eta presidenteak gauza bera egin du euskal herritarrek terrorismoaren aurka izandako erresistentziagatik, bere laguntza barik «ezinezkoa izango zitzaigukeelako amesgaizto honekin bukatzea».

Baterako agerraldi batean, lehendakariak eta Gobernuko presidenteak adierazi dute beharrezkoa dela zuhurtziaz eta presarik gabe jokatzea askatasun aro berri honetan; beraz, azaroaren 20ko hauteskundeetatik ateratzen den gobernu berriaren esku utzi dute bide horretan joango ekimen oro. «Ez dugu herri honek jasan duen 40 urteko indarkeria, 10 egunean konponduko» adierazi du lehendakariak. Bere iritziz, edozein erabakik «batasuna» izan behar du gidaritzat.    «Batasuna bilatu beharra daukagu memoria instalatzeko, gorrotoa eta tolerantzia eza lurperatzeko herri honetan behar dugun pedagogia demokratikorako eta aro berrian aurrera egiteko, batasuna aro berrian aurrera egiteko», erantsi du.

Lópezek terrorismoaren aurkako borrokan jokatu duen papera eskertu dio Gobernuko presidenteari, «askok iraindu eta dena arriskatzen zuenean egindako apustuagatik». Era berean, baieztatu du «Euskadik asko zor diola Zapatero presidenteari». «Zapateroren gobernuek inbertsio handiak ekarri dituzte Euskadira eta batez ere, askatasuna ekartzen eta terrorismoari garaitzen lagundu digute. Guk ez dugu hori ahaztuko José Luis. Mila esker zure laguntzagatik. Euskadin beti izango zara presidente handi bat, euskaldunen laguna», erantsi du.

Bere aldetik, Gobernuko presidenteak «hurbileko» sentimendu bat agertu dio euskal herriari eta onartu du gaur goizean Gasteizen lur hartzen ari zela «giro berri sakon eta hunkigarri hori» sentitu duela.

Lehendakariak azaldu du, bai bera, bai Gobernuko presidentea bat datozela ideia batekin: terrorismoaren porrotak «Zuzenbidezko Estatuaren, gizarte demokratikoaren erresistentzaiarena eta bere erakundeen garaipena izan da; biktimen ausardiarena; bidegabekeria totalitarioaren aurrean erakutsitako tolerantzia ezarena; polizia indarren eta epaileen lan eraginkorrarena eta beste herrialde batzuk eskaini duten laguntzarena».   «Armen isiltzeak argi utzi duenez, ETA zen konfliktoa» esan du lehendakariak. Bere ustez, garaipen hau ere «bi gobernuek elkarri lagunduz eta batasun osoz egindako lanaren» emaitza da; izan ere, «alde batek eta besteak politika antiterrorista aldatzeko egiten ziguten proposamenei jaramon egin izan bagenie, ziurrenik ETArekin amaitzeko denbora gehiago emango genukeen», baieztatu du ondoren.

Etorkizunari begira, lehendakariak hura «itxaropenez, baina memoria eta memoriatik» eraikitzeko apustua egin du. «Mendekurik gabeko gero baten alde egingo dugu, baina bakoitzak egin zuenagatik edo egiten utzi zuenagatik bere erantzukizunak, bere gain hartuz. Ez dugu onartuko, borreroak biktima bihurtzea edo terroristek hura izateko beste erremediorik ez zutela argudiatzea», nabarmendu du.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Lehendakaria