Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak esan du jakintza sortzea dela Euskadiren “lehiakortasun abantaila nagusia”

2011.eko azaroak 07

Gaur hasi da 2011ko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Astea

Azaroaren 7tik 20ra zientzia gizarteratzea helburu duten konta ezin ahala ekintza eta hainbat eragilek bultzatutako jarduerak garatuko dira: tailerrak, jokoak, hitzaldiak, kongresuak, teknologi zentro eta parkeetako ate irekien jardunaldiak, zientzia ikasleengana hurbiltzeko karpak hiru hiriburuetan, eta abar. Hala, inaugurazio ekitaldian Lehendakariak azpimarratu du une honetan zientzia-, teknologia- eta berrikuntza-politika berri bat garatzen ari dela eta horrek aurrera egiten lagunduko digula gure gaitasun zientifiko-teknologikoetan oinarrituta dagoen eta lankidetza publiko-pribatua bultzatzen duen jakintzaren ekonomiarantz.

Patxi López Lehendakariak ofizialki inauguratu du 2011ko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Astea Gasteizen, eta laguntzaile izan du  Bernabé Unda, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailburua. 2011ko Astea inauguratzeko ekitaldian parte hartu duten erakunde guztiak bat datoz esatean zientziak eta berrikuntzak erakunde arteko konpromisoa behar dutela eta herrialde mailako estrategia direla.

Lehendakariak esan du ezagutza sortzea dela herrialde bezala lor dezakegun lehiakortasun abantaila nagusia. Eraginkortasun operatiboaren paradigmatik berrikuntzaren eta jakintzaren paradigmara igaro behar dugu. Lehendakariak aitortu du aldaketa hori egia bihur dadin, jakintzaren aldeko apustu sendo eta adostua egin behar dela eta denok sinetsi behar dugula zientzia, teknologia eta berrikuntzaren aldeko estrategia partekatuan.

Ildo beretik, Eusko Jaurlaritzak hilabete honetan aurkeztuko du Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Plan berria, datozen urteetan hiru arlo horietan jarraitu beharreko argibideak eta estrategia markatzen dituena. Agiri hori funtsezko zutabe estrategikoa da, aukera emango baitie gure enpresei kanpoko merkatuetan beste batzuekin lidergoa partekatzeko eta, are garrantzitsuagoa dena, euskaldunon bizi-kalitatea hobetzeko.

Bestalde, Manuel Toharía komunikatzaile zientifiko ezagunak (Príncipe Felipe de Valencia Zientzien Museoko zuzendariak) “Zientzia erraza da, baita ere dibertigarria … eta errentagarria” hitzaldia eskaini du,  teknologia eta ikerketaren ustezko konplexutasun hori desmitifikatzeko. Bere hitzaldian esan duenez, “zientziarik gabeko herrialde bat herrialde ezjakina izango da, eta horrez gain, berrikuntzaren eta lehiakortasunaren tren guztiak galduko ditu, beraz, gero eta urrunago egongo da teknologiak eta jakintzak eskaintzen dizkigun abantailetatik”.

Informazio gehiago, hemen.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)