Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Gizarte kohesionatuagoa lortzeko Immigraziorako Itun Sozial bat abian jarri du Eusko Jaurlaritzak

2011.eko azaroak 07

 

  • Itunaren helburua honako hau da: herritar guztien integraziora eta elkarbizitzara bideratutako gizarte-aldaketako prozesu bati hasiera ematea.

Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila Euskadiko Immigraziorako lehen Itun Soziala izango denaren oinarriak finkatzen ari da, eta Itunaren lehentasunezko helburua euskal gizarte osoa inplikatzea da gutxienekoen konpromiso baten bilaketan, etorkinen elkarbizitzari eta integrazioari buruzko ikuspegi baten bilaketan, gizarte kohesionatuagoa lortzeko. Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburu Gemma Zabaletak gaur aurkeztu du Bilbon ibilbide-orria, Itunaren behin betiko dokumentuarekin burutu beharrekoa, eta prozesua gidatuko duen adituen batzordea, Daniel Innerarity eta Imanol Zubero batzordeko buru direlarik.  

"Itunak", sailburuak azpimarratu duenez, "erreferentziazko esparrua emango dio Euskadiri gizarte-estamentuen artean konfiantza-giroa bultzatzeko, mobilizatzeko, inplikatzeko eta sortzeko, eta betiere giro horretan erakunde arteko lankidetza ezartzeko etorkinen integrazioaren aldeko lanean".

Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila prozesuaren buru izango da eta beharrezko bultzada politikoa emango du, eta adituen batzordeak, aldiz, inplikatu guztien oinarri estrategikoak eta jardun-oinarriak adosteaz arduratuko da. Halaber, datozen urteetarako politika aktiboak bultzatu eta, azken batean, euskal gizartean elkarbizitzaren aldeko aldaketa-prozesu bat abian jarri beharko du foro horrek.

Sailburuaren arabera, horrelako itun bat sortzea inoiz baino garrantzitsuagoa da orain, politika publikoen ardatza "harreratik, integraziora, elkarbizitzara, aniztasunaren kudeaketara eta lan- eta gizarte-eskubideen berdintasunera desplazatu behar baita. Etorkinak ez dira gure arteko bestea, eta, aitzitik, guztiok parte-hartzaile garen Euskadin berriaren eraikuntzaren zati dira".

Immigraziorako Itun Soziala euskal erakunde eta gizarte-eragileen arteko eztabaida, elkarrizketa eta eraikuntza kolektiboko parte-hartze prozesu gisa proposatzen da, honako helburu hauekin: 

  •  
    1. Immigrazioaren fenomenoak Euskadin planteatzen dituen erronka eta aukerei buruzko diagnostiko bateratu bat ezartzea. (Nola gaude, zer gertatu da, zer ari da gertatzen eta zer gertatuko da?)
    2. Gizarteak eta erakundeek etorkinen gizarteratze-eredu bati buruz erabat onartutako ikuspegi bat sortzea, eredu horrek herritarren eskubideak, kulturen arteko elkarbizitza eta gizarte-kohesioa bermatuz. Gizarteratze-politikaren printzipioak eta haren tresna nagusiak biltzen ditu eredu horrek. (Zer egin nahi dugu? nola kudeatuko dugu hori? Zer saihestu nahi dugu?
    3. Gizarteratzeko politika publikoen gobernantzako eredu partizipatibo baten ildo nagusiak adostea. (Nola inplikatuko gara? Nola ebaluatuko dugu?)

Euskadin ia 145.000 etorkin bizi dira, hau da, biztanleria osoaren % 6,6. (Horiei erantsi egin behar zaizkie, gainera, Espainiako nazionalitatea duten beste 35.000). Fluxurik handiena 2005-2006 biurtekoan gertatu zen. Handik aurrera, kopurua egonkortu egin da. Jatorrizko herrialde nagusia Errumania da (% 11,2), eta, horren atzetik, Maroko (% 10,08) eta Kolonbia (% 8,4). Atzetik hasita, Moldavia, Kongoko Errepublika Demokratikoa eta Ginea ditugu (hiru herrialde horietako etorkinak Euskadiko etorkinen % 0,3 dira). Sexua kontuan hartuta, % 51,4 gizonak dira, eta % 48,6 emakumeak.

Zabaletak azpimarratu du Euskadira datozen etorkinek Euskadiko biztanleria atxikitzen laguntzen dutela, jaiotze-maila baxuenetako bat baitu Euskadik, eta oso zahartutako gizarte bat gaztetzen ere laguntzen dute, atzerritarren % 19k baino ez baitu 45 urte baino gehiago. Etorkinek enplegu-potentziala ere gehitzen dute: 147.800 atzerritarrek, EAEko % 9,9k, 16-66 urte dute, gogorarazi duenez. (Espainiar nazionalitatea lorturiko etorkinak sartzen dira datu horretan).

Itun handi hori Eusko Jaurlaritzaren 2011-2013 aldiko immigrazio, herritartasun eta kulturarteko bizikidetzarako Planaren zutabe nagusietako bat da, Eusko Jaurlaritzak datozen urteetan garatu beharreko immigrazio-politiketarako ildo estrategikoak ezartzen dituen dokumentua, eta Jaurlaritzaren biharko Kontseiluan onartuko dena.

Zabaletak nabarmendu duenez, Eusko Jaurlaritzaren xede politikoa "komunitateen eta kulturen artean zubiak eraikitzea eta bitarteko izatea" da, Euskadi zuzenagoa eta hobea izan dadin.

Iruzkin bat
  • @jcmelero
    2011.eko azaroak 07

    Comentario de Twitter:
    El Gobierno Vasco pone en marcha un Pacto Social por la inmigracion para lograr una sociedad mas cohesionada http://t.co/Vurbwpnw

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)