Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak

Hondarribiako kirol-portuak 10 urte bete ditu eskualdeko azpiegitura kontsolidatu gisa

2011.eko azaroak 05

Bostehundik gora itsasontsik iaz beren bidaian eskala egin zuten Hondarribian

Hondarribiako Kiro Portuak gaur bere hamargarren urteurrena ospatu du. Ekitaldian, besteak beste, Felix Asensio Portuen zuzendariak, Pello Olazabal, EKPko (Euskadiko Kirol Portuak) zuzendariak, Aitor Kerejeta Hondarribiako alkateak eta Hendaiako alkateak parte hartu dute.

Zerbitzuan sartu zenetik, Kirol Portua eskualdeko azpiegitura kontsolidatu bihurtu da, eta herritarren artean oso harrera ona du.

Gaur egun, bere 670 lotuneetako guztiak daude okupatuta, eta itxaronzerrendak daude toki horietako bat eskuratzeko. Eremu teknikoan, lokal guztiak hartuta daude eta eremu komertziala aisialdirako toki bihurtu da hondarribiarrentzat nahiz bisitarientzat. Bestalde, bi kirol klub hauen egoitzak eremu berri honetara lekualdatu dira: Hondarribiako Klub Nautikoa eta urpeko jardueren Izurde Kluba. Gainera, Bidasoa Turismok bulego berri bat inauguratu du bisitari guztiei zerbitzurik onena eskaintzeko.

Portuaren zuzendaritzak Artearen Azoka (hilero 1. eta 2. igandean) eta Brokante Azoka (hilero 3. eta 4. igandean) egitea sustatu du, eta mugen bi aldeetako jendearen erantzuna bikaina izan da. Azokak lagungarriak dira eremu komertzial osoa dinamizatzeko. Halaber, abuztuan 1. Itsas Azoka egin zen, eta jendearen artean arrakasta handia izan zuen.

500dik gora itsasontzik egin zuten eskala

2010ean, aisialdiko bostehundik gora itsasontzik egin zuten eskala Hondarribiako Kirol Portuan, eta 3 egun eta erdiko egonaldia egin dute, batez beste. Pertsona bakoitzeko ostatu-gauen kopurua 7.000tik gorakoa izan zen. Bisitari gehienak Frantziatik (%49) eta Espainiatik (%36) etorriak dira, baina azken urteotan nabarmen areagotu da Erresuma Batuko eta Irlandako bisitarien kopurua. Halaber, daniarrak, belgikarrak, holandarrak eta alemanak gero eta sarriago etortzen dira. Gainera, 100 belaontzi baino gehiago porturatu ziren Hondarribiako kirol-kaian iaz egin ziren estropadetan parte hartzeko, portuaren kudeaketaz arduratzen den Euskadiko Kirol Portuak enpresaren datuen arabera. Hori guztia, portuaren arrakastaren adierazgarri da.

Instalazioak hobetzeko plana

Euskadiko Kirol Portuak enpresak 2010ean azpiegitura hobetzeko plan handi bati ekin zion. Horren bidez, birgaitutako instalazioak berritu egin ziren eta beste batzuk eraiki egin ziren. Horri esker, erregai-hornikuntzarako gunea guztiz berritu da, txartel-zorro eta kondukzio guztiak aldatu dira, azpiegitura berri bat eraiki da kontroleko eta segurtasunerako sistema informatiko berriak barne hartzeko. Halaber, argiztapen publikoa hobetu da eta pantalanetako sistema elektriko osoa berritu da. Pantalan berri bat jarri da itsasontziak jaso eta botatzeko lanetan erabiltzaileentzat nahiz ontzientzat segurtasun-baldintza hobeak eskaintzeko, eta finger guztien pilotajeari esker, pantalan horiei egonkortasun handiagoa ematea lortu da itsasontziek kalte txikiagoak jasan ditzaten astintzeen ondorioz. Instalazioak Hobetzeko Plan horren barruan ekindako beste esku-hartze batzuk ahoa dragatzea eta pasealekuak eta terrazak egokitu eta hobetzea izan dira, eta pantalan batzuk egokitu egin dira bere erabilpena optimizatzeko, eta, horri esker, hogeita hamar toki gehiago lortu dira, gutxi gorabehera.

Eta, gainera, EKPk apustu argia egiten du ingurumenaren alde, eta, horregatik, elektrizitatearen eta edateko uraren kudeaketa hobetzen ahaleginduko da.

Eusko Jaurlaritzak, EKPren bitartez, azpiegitura horren jarduera sustatzen jarraituko du, itsasontziak porturatzeko toki soil bat bihur ez dadin. Horretarako, Euskal Kirol Portuakek kirol-kulbekin eta elkarteekin batera lan egiten jarraituko du, kirol-ekitaldi nautikoak martxan jartzeko (traineruen estropadak, urpekaritza-lehiaketak, igeriketa hegalekin, bela-estropadak edo arrantza-lehiaketak). Testuinguru horretan antolatu dira, Hondarribiako Klub Nautikoarekin lankidetzan, interes nautikoko gaien inguruko hitzaldiak (meteorologia, segurtasuna, atunen markatzea, etab.).

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)