Berriak Ekonomia eta Ogasuna
Eu

2012ko aurrekontuak Legebiltzarreko Batzordean aurkeztu dira

2011.eko azaroak 07

Carlos Aguirre Ekonomiako sailburuak 2012ko aurrekontuen proiektua aurkeztu du Legebiltzarreko Ekonomia Batzordean.

Aguirrek Euskal Autonomia Erkidegoaren hurrengo ekitaldirako aurrekontu orokorren ildo nagusiak azaldu ditu eta, halaber, zehatz azaldu du bere sailaren aurrekontua.

Sailburuak adierazi du aurrekontu hauek egoera zail baterako diseinatu direla, elkarren segidako laugarren urtez baikaude krisi ekonomiko orokorrean.

Hori dela eta, aurrekontu hauen lehentasuna euskal ekonomiaren hazkunde-erritmoa sendotu eta bizkortzen laguntzea da. Enplegua sortzea sustatzea da, hain zuzen ere, 2012an ekonomia- eta aurrekontu-politikaren helburu nagusia, langabeziak gizartean eragiten duen berebiziko arazoa txikiagotzeko.

Baina hori lortzen den bitartean, sailburuak esan duenez, berehalako helburua da krisi ekonomikoaren ondorio negatiboak gehien pairatzen dabiltzan pertsonak bertan behera ez uztea. Eta horrek esan nahi du gizarte-gastua ere, pertsonen oinarrizko beharrizanei erantzuten diena (osasun-laguntza, hezkuntza edo gutxieneko errenta), lehentasuna izango dela aurrekontuetan.

Aurrekontuok babesgabeenei laguntzeko lehentasun premiazkoenak eta gizarte-babeseko eskemen epe ertain eta luzerako lehentasunak bateratu behar dituzte. Carlos Aguirreren hitzetan, “gure ongizatearen estatuaren iraunkortasuna lortu nahi da, eta horretarako ezinbestekoa da gizarte-babesteko gaur egungo erakundeak etengabe erreformatu eta modernizatzea, orain eraginkorragoak izan daitezen eta etorkizunean manten daitezen”.

Eskari horiekin guztiekin batera, aurrekontu-desoreka zuzentzea ere beharrezkoa da. Halaxe eskatzen du EAEk Europarekin dituen konpromisoek ezarritako aurrekontu-egonkortasunerako politikak ere, baita Espainiako Konstituzioaren duela gutxiko erreformak ere. Izan ere, erreforma horren ondorioz, Estatuak eta autonomia-erkidegoek ezin izango dute egitura-defizitik izan.

Gauzak horrela, aurrekontu hauek BPGd-ren % 1,3ko egonkortasun-helburua onartzen dute, eta horrek nabarmen baldintzatzen du gastuaren zenbateko orokorra, aurreko urtekoa baino txikiagoa dela.

Hala ere, doikuntza guztiak gastuan egin diren arren, diru-sarrerak eragin du desoreka. 2007. eta 2009. urteen artean zerga itunduen ondoriozko bilketak BPGd-ren 4 puntu egin zuen behera, hau da, 3.000 milioi euro. Horrexegatik nabarmendu du sailburuak “aurrekontu-egonkortasunaren helburua bete nahi badugu, ezinbestekoa dela diru-sarrera publikoak handitzea. Krisiaren kargak zuzen banatu nahi baldin badira herritarren artean, diru-sarreretan ere jardun beharko da, batez ere zergaren ihesean eta elusioan”.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)