Berriak Segurtasuna

Josu Erkorekak Rotterdamgo “World Police and Fire Games” jokoetan Ertzaintza ordezkatu zuten agenteak zoriondu ditu

2022-09-15
  • Kirol anitzeko munduko ekitaldirik handienetako bat da, eta 70 herrialdetako 7.000 parte-hartzaile izan ditu
  • Ertzaintzako agenteek 16 domina lortu zituzten atletismo, taekwondo, jiu jitsu, igeriketa, arraun, kros eta powerlifting kategorietan

Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko Sailburuak, Gorka Iturriaga Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariak eta Josu Bujanda Ertzaintzaren buruak hartu dute gaur arratsaldean World Police and Fire Games jokoetan parte hartu zuten 10 ertzainek osatutako taldea, txapelketan eskuratutako dominengatik zoriontzeko. Ertzaintzaren Erandioko egoitzan egin den harrera-ekitaldian Izaskun Urien Giza Baliabideen zuzendaria eta Victoria Landa Ertzaintzaren zuzendaria ere izan dira.

Erkorekak eskerrak eman nahi izan dizkio eta zoriondu egin nahi izan du Ertzaintzako taldea, egindako ahalegin pertsonalarengatik eta lortutako emaitzengatik. Jokoetan izan diren kirolarien lana nabarmentzeaz gainera, horien inplikazio pertsonala ere aitortu du, urtez urte borondatez eta euren denbora librean joaten baitira nazioartean Euskadiren eta Ertzaintzaren irudia eta balioak zabaltzera.

16 DOMINA

Azken edizioa Txinako Chengdu hirian antolatu zen 2019an, eta joan zen uztailean World Police & Fire Games jokoak berriz antolatu ziren Herbehereetako Rotterdam hirian, eta 70 herrialdetako segurtasuneko eta su-itzalketako kidegoetako 7.000 kirolarik parte hartu zuten. Oraingoan, Ertzaintzaren kirol-taldea 16 dominarekin itzuli zen Euskadira.

Ertzaintza ordezkatu zuten kirolariak uztailaren 22tik 31ra bitartean lehiatu ziren diziplina guztietan igo ziren podiumera, lehiatzeko maila eta egoera fisiko aparta erakutsiz. Aurtengo Ertzaintzako taldea 2 emakumek eta 8 gizonek osatu dute, eta atletismoko, arte martzialetako (taekwondo eta jiu jitsu modalitateetan), igeriketako, arrauneko, kroseko eta powerlifting diziplinako probetan lehiatu dira.

Hau da 2022ko edizioan lortutako dominen balantzea:

  • Urrezko 7 domina jiu jitsu modalitatean (4), taekwondoan (1), powerlifting diziplinan (1) eta areto-futbolean (1) Euskadiko udaltzainekin batera.
  • Zilarrezko 5 domina jiu jitsu modalitatean (2), taekwondoan (1), atletismoan (1) eta arraunean (1).
  • Brontzezko 4 domina jiu jitsu modalitatean (1), taekwondoan (1), arraunean (1) eta ur irekietako igeriketan (1).

Ertzaintzak esperientzia handia du era honetako nazioarteko kirol-norgehiagoketetan. Zehazki, 1997an hasi zen polizien eta su-itzalketako taldeen munduko joko hauetan parte hartzen, eta Ertzaintzako taldeak, guztira, 269 domina lortu ditu orain arte.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Josu Bujanda (Ertzaintzaren burua)