Berriak Hezkuntza

Jokin Bildarratz Hezkuntza Sailburuari elkarrizketa ETBko “Egun on, Euskadi” saioan

2022-09-15

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua elkarrizketatu dute gaur goizean ETBko “Egun on, Euskadi” saioan. Hezkuntza Sailak prestatu eta dagoeneko jendaurreko informazio izapidean jarri duen Hezkuntza Lege-aurreproiektua izan da hizpide nagusia solasaldian.

Lege-aurreproiektu horretaz, Bildarratzek azpimarratu du gaur herritarren zein eragileen ekarpenak jasotzeko ireki den testu horrek apirilaren 7an Legebiltzarrak lortutako akordioari erantzuten diola. “Guk agindu bat jaso dugu Legebiltzarretik”, zehaztu du, eta argitu du Legebiltzarraren akordioak bi atal jasotzen dituela. Batetik, balizko lege baterako oinarri batzuk, eta bestetik, ondorengo 12 urteetan hartu beharko diren 43 neurri zehatz. “Lehen aldia da –gaineratu du- 12 urterako hezkuntza-politika bat adosten dena. Hori jasotzen saiatu gara aurreproiektuan, eta orain hitza gizarteari eman behar zaio, bere iritzia eman dezan”. Bildarratzek gogora ekarri du, gainera, Hezkuntza Sailak akordioan jasotako neurri horien aplikazio egutegi bat ere aurkeztu zuela, eta horietako batzuk datorren ikasturtean bertan hasiko direla aplikatzen.

Legebiltzarreko akordioa “lan sakon baten ondorioa” izan dela berretsi du Bildarratzek, eta azaldu du akordio hura babestu zuten taldeen babesa jaso duela, lanean jarraitzeko. “Hezkuntza-eragile bakoitzak bere iritzia dauka, eta iritzi guztiak entzun behar ditugu, nahiz eta batzuetan kontrajarriak izan. Baina batik bat, guk leial izan behar dugu apirilaren 7an Legebiltzarretik jaso genuen aginduarekin”, baieztatu du.

Hezkuntza “herri-proiektu eta etorkizuneko proiektu” gisa definitu ondoren, hezkuntzaz aritzerakoan ezinbesteko diren hiru kontzeptu azpimarratu ditu sailburuak. Bata, hezkuntzaren eraldaketa; bigarrena eraldaketa horretarako behar den prozesua, “hezkuntza ez baita eraldatzen egun batetik bestera. Horregatik ari gara 12 urterako prozesu batean”. Eta hirugarrena, “inportanteena, ilusioa. Sailburu naizen aldetik tokatzen zait eragile eta alderdi politikoen artean etorkizuneko proiektu hori garatu ahal izateko”.

Hezkuntza Sailaren asmoa, ekarpen berri hauek jaso ondoren, bigarren testu bat osatzea da, Gobernu Kontseiluan udazken honetan onartu eta Legebiltzarrera bidali ahal izateko, alderdi politikoek eztabaidatu dezaten.

EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultatearen eraikin berriaren inguruan, berriz, Bildarratzek unibertsitate publikoaren eta Hezkuntza Sailaren artean dagoen elkarlan handia azpimarratu du, bientzat lehentasunezkoa baita proiektu hau. Eraikin berria egiteko lanak laster esleitzeko Itxaropena azaldu du sailburuak.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak