Berriak Lehendakaritza

Lehendakariak UPV/EHUk bizi dugun ziurgabetasun eta segurtasunik ezaren agertokian egin duen lana nabarmendu du

2022-09-14
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.
  • Ikasturte berriari hasiera emateko ekitaldian, Iñigo Urkulluk bat egin du Euskal Herriko Unibertsitatea munduko 400 onenen artean kokatzen duen nazioarteko aintzatespenarekin
  • 35.000 ikasle inguruk egingo dute unibertsitateak 2022-2023 ikasturtean eskaintzen dituen 105 graduetakoren bat

Lehendakariak azpimarratu du Euskal Unibertsitate Publikoak bizi dugun ziurgabetasunaren eta segurtasun-ezaren agertokian egin duen ekarpena, eta bat egin du UPV/EHUk egindako lanaren nazioarteko aintzatespenarekin, zeinak munduko 400 onenen artean egotea ekarri baitio. Iñigo Urkullu arduratu da ikasturte berriari hasiera emateaz Bizkaiko Campusean egindako ekitaldi batean, Jokin Bildarratz Hezkuntzako sailburuarekin batera.

Unibertsitate-komunitatearen aurrean, Lehendakariak adierazi du aintzatespen hori etengabeko ebaluazioa eta hobekuntza lehenesten dituen eredu eta ibilbide batean oinarritzen dela, eta iragarri du Unibertsitate Sistemaren 2023-2026 aldirako Plana egin eta abian jarriko dela ikasturte honetarako, hiru printzipiotan oinarrituta: unibertsitate-zerbitzua bermatzea euskal gizarteari eta Europakoari; unibertsitatearen gizarte-balioa ematea eta erakustea; eta inor atzean ez uztea. “Alegia, konpromiso akademikoa eta konpromiso soziala”-adierazi du.

Plan berriak prestakuntza-, ikerketa- eta transferentzia-gaitasunak indartzeko lanean sakonduko du, besteak beste, Osasun eta Hezkuntza arloetan. Lehendakariak azaldu duenez, osasun arloan lehentasuna eta konpromisoa Basurtuko Medikuntza eta Erizaintza Fakultatea abian jartzea da, eta Jaurlaritza unibertsitatearekin lanean ari dela adierazi du, “sortu diren zailtasunak gainditzeko eta proiektu hau premiaz gauzatzeko”.

Beste une batean, lehendakariak iragarri du gaur bertan argitaratu dela EHAAn Euskal Hezkuntza Legearen Proiektua jendaurrean jartzeko izapidea, eta hezkuntza-komunitatearen eta legebiltzar-taldeen parte-hartzea eta konpromisoa eskertu ditu, elkarrizketan oinarrituta aurrera egiteko eta konpromiso partekatuan eta itunean oinarritutako lege berri bat izateko.

“Legea guztion artean egin behar dugu, guztiontzako legea baita” esan du amaitzeko.

35.000 ikasle eta 105 gradu

Orotara, 35.000 ikasle inguruk 2022-2023 ikasturtean Euskal Herriko Unibertsitateak eskaintzen dituen 105 graduetako bat egingo dute. Horietako hamalau gradu bikoitzak dira, aurten bi berri ematen hasi baitira (Ingeniaritza Zibila + Arkitektura Teknikoa, Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolan, eta Ingeniaritza Mekanikoa + Industria Elektronikaren eta Automatikaren Ingeniaritza, Gasteizko Ingeniaritza Eskolan).

Gainera, UPV/EHU Shangaiko rankingaren azken edizioan, munduko 400 unibertsitate onenen artean jarraitzen du. Gainera, espezialitate akademikoen araberako Shanghaiko sailkapenean, Euskal Herriko Unibertsitatea 150 onenen artean kokatu da hiru diziplinatan (Ingeniaritza Metalurgikoa, Ingeniaritza Kimikoa, eta Kimika (Espainiako lehen unibertsitatea da hiruetan)); eta 200 onenen artean, beste lau diziplinatan: Elikagaien Zientzia eta Teknologia, Materialen Zientzia eta Ingeniaritza, Nanozientzia eta Nanoteknologia; eta Matematika, talde pribilegiatu honetan sartzen dena.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak