Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Euskadiko 2.000 herritarrek baino gehiagok lortu dute enplegua Lanbideren kontrataziorako laguntzei esker

2011.eko azaroak 04

 

  • Partida hori 50,5 milioi eurokoa da, hasieran aurrekontuan sartutakoa baino 8,5 milioi handiagoa
  • Onuradunen % 35 gazteak dira, 18 urtetik 30 urtera bitartekoak, eta beste % 20, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen dutenak 

Euskadiko 2.062 herritarrek baino gehiagok lortu dute enplegua Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak kontrataziorako emandako laguntzei esker; izan ere, 26 milioi euro inbertitu baitira jada programa horretan. Laguntza ekonomikoen lerro horrek 50,5 milioi euroko aurrekontua du guztira, eta 4.000 enplegu sortzea du helburu. Sortutako kontratazioetatik, % 35 dira 18 urtetik 30ra bitarteko gazteenak, eta gainerako % 20 Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren (DBE) hartzaileenak.

Kontrataziorako laguntzen programa udalei, horien mende dauden erakundeei, irabazi‑asmorik gabeko erakundeei, laneratzeko enpresei eta enpresa arruntei zuzenduta dago. Gainera, deialdi honetan, Lanbidek lehentasuna eman die interes orokorra eta gizarte-erabilgarritasuna duten jarduerei. Jarduera horien artean nabarmentzekoak dira teknologia berriekin, energia berriztagarriekin, komunitaterako zerbitzuekin edo landa- eta hiri-ingurunearen mantentze eta berreskuratzearekin. Era berean, zona behartsuetan eta krisialdi ekonomikoak bereziki eragindako zonetan kontratazioak sustatu dira.

Laguntzen onuradun nagusiak langabeziagatiko kotizaziopeko prestazioa jasotzen ez dutenak edo diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenak dira, baita gazteak ere, krisialdiak erabat ukitzen dituen kolektiboak direlako eta, beraz, Lanbiderentzat lehentasunezkoak direlako. Horrela, sortutako kontratuen % 35 gutxienez 18 eta 30 urte bitarteko gazteentzat izango da, eta beste % 20 diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenentzat.

"Krisialdi honetan gazteen kolektiboa da zailtasun gehien izaten ari dena enplegu bat lortzeko, askotan lehen enplegua izanik gainera. Prestakuntza amaitzen dutenean beraientzat oso zaila da enplegua aurkitzea, eta gero eta denbora gehiago behar izan orduan eta zailagoa da lan-merkatuan sartzea. Horregatik, lana aurkitzeko gaitasuna ez galtzeko, lan-harreman bat sortzeko, lehentasuna ematen diegu", adierazi du Javier Ruiz Plangintza eta Enpleguko sailburuordeak. "Eta gauza bera gertatzen da diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenekin, horiek normalki luzaroko langabetuak izan ohi dira. Kontrataziorako laguntza-programa hau haiek lan-merkaturako errekuperatzeko aukera bat da".

Hasieran, kontrataziorako laguntzen programak 42 milioi euroko aurrekontua zeukan, baina kopuru hori % 20 handitu zen, 50,5 milioi eurora iritsi arte. "Krisialdiaren larritasuna eta langabezia handia direla medio, Lanbideren Administrazio Kontseiluak erabaki zuen lehentasuna zuela programa horretara funts gehiago bideratzeak, eskaera ugari izan baititu gainera", adierazi du Ruizek.

Plangintza eta Enpleguko sailburuordeak esan duenez, "laguntza-linea honek enplegu-sorkuntza sustatzen du, eta finantzaketa publiko garrantzitsua duenez, batez ere gizarte-interesa duten jardueretara bideratuta dago" Hori dela-eta, kontrataziorako laguntza-programak "Elkarrizketa Sozialerako Mahaiaren kezka" du sorburu, non agente sozial guztiek parte hartzen duten. "Abal horretaz gain, administrazioen publikoen kasuan, enpresa-batzordeen onespena lortu behar du", gogorarazi du Ruizek.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko