Berriak Lehendakaritza

Donostia Zinemaldiko bost film dira Euskadi Basque Country 2030 Agenda Sariaren izangai

2022-09-12

Donostia Zinemaldiaren 70. edizioko programazio ofizialeko bost film izango dira Euskadi Basque Country 2030 Agenda Sariaren izangai. Sari horrek jasangarritasunaren eta solidaritatearen balioak hobekien islatzen dituen filma aitortuko du, Nazio Batuen Erakundearen 2030 Agendak bultzatzen dituen Garapen Jasangarrirako Helburuen enblema nagusi gisa.

Zehazki, pelikula hauek dira hautagaiak: Great Yarmouth-Provisional Figures, Marco Martinsek zuzendua, Sail Ofizialean Urrezko Maskorra lortzeko ere lehian ariko dena; Juan Diego Bottoren En los márgenes / On the Fringe eta Dardenne anaien Tori et Tokita, biak Perlak sailean hautatuak; Natalia Beristainen Ruido, Horizes Latinos sailean izango duena mundu-estreinaldia; eta Made in Spain sailean bildutako Mi vacío y yo, Adrián Silvestrerena.

Tabakalerako zuzendari nagusi Edurne Ormazabalek, Rosa Zufía kazetariak eta Eusko Jaurlaritzaren Gizarte Berrikuntzako zuzendari Asier Aranbarri Urzelaik osatuko dute Euskadi Basque Country 2030 Agenda Sariaren epaimahaia.

Saria 20.000 eurokoa izango da, eta film irabazlearen ekoizle nagusiari emango zaio, hilaren 23an (ostirala), Kursaaleko Prentsa Klubean.

Jonan Fernandez Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren idazkari nagusiak adierazi duenez, “pandemiaren eta Ukrainaren inbasioaren ondorioek premiazkoagoa egiten dute Garapen Jasangarrirako Helburuekin –GIHkekin– konpromiso global, tokiko eta pertsonala hartzea. Konpromiso horrek energia aurrezteko neurrietan, deskarbonizazioan eta energia berriztagarrietarako trantsizioan jarri behar du arreta espezifikoki. Izan ere, planetari klima-aldaketaren aurrean laguntzeko oinarrizko euskarria dira hiru ardatz horiek.

Helburu horiek lortu nahian, hau ere azpimarratu du: “Donostia Zinemaldia, tokiko eta nazioarteko irismena duen esparrua izaki, bereziki egokia da Euskadi Basque Country 2030 Agendak irudikatzen dituen ideien aldeko pedagogia egiteko”. Azken batean, honako ideia hau zabaltzea da azken jomuga: “Garapen Jasangarrirako Helburuak funtsezkoak eta egokiak direla, eduki argi eta zehatzen bidez eta herritarrekin partekatutako estrategia baten medioz betiere: Auzolana. Agenda 2030 Euskadiren eta Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa da.

José Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiko zuzendariaren hitzetan, “oso garrantzitsua da Eusko Jaurlaritzak gure lehiaketa leku egokitzat hartzea 2030 Agendaren mezua zabaltzeko”. “Donostia Zinemaldiak bere egiten ditu 2030 Agendaren helburuak, eta berariaz lantzen ditu, izan ere, Agendaren zenbait lan-ildo, hala nola jasangarritasuna eta genero-berdintasuna”, adierazi du, halaber, Rebordinosek.

2030 Agenda Nazio Batuen Erakundeak 2015ean lortutako akordio bat da. 2030erako ikuspegi bera duten 193 herrialderen konpromisoa da: mundu eta bizitza iraunkorra; eta lehentasun bera: pobrezia desagerraraztea. Mundu osoan lerrokatzen ditu erakunde publikoen, erakunde pribatuen eta gizarte-eragileen politikak, 17 helburu, 169 jomuga eta ebaluazio-adierazle ezarrita, mundu bidezkoago, ekologikoago, oparoago eta baketsuago baterako.

Bost konpromiso handik laburbiltzen dute edukia: (I) Desberdintasuna geldiaraztea, inklusioa sustatzea eta pobreziarekin amaitzea; (II) klima-aldaketa iraultzea eta trantsizio ekologiko-energetikoa bultzatzea; (III) osasuna, hezkuntza edo aurrerapen digitala indartzea eta sarbidea unibertsalizatzea; (IV) enpresa, lana eta enplegua duintasunaren, oparotasunaren eta jasangarritasunaren balio partekatuak bihurtzea; eta (V) mundu osoan bakea, bizikidetza eta giza eskubideen errespetua sendotzea.

2030 Agendak, gobernuak, foru aldundiak edo udalak ez ezik, enpresak, unibertsitateak, erakundeak eta gizarte-eragileak eta pertsonak ere inplikatzen ditu. Euskal erakundeen konpromisoa da, eraldaketarako eta elkartasunerako agenda global eta tokiko honi lehentasun osoa ematen diotena.

Eusko Jaurlaritzak, zehazki, 2030 Agenda eta bere helburuak Euskadin aurrerapenerako eta berdintasunerako kontratu soziala izatea proposatzen du. Proposamen hori eta legegintzaldiko plana 2030 Agendaren Lehentasunen Euskal Programan jasota daude, zeina Gobernu Kontseiluak onartu zuen 2021eko ekainaren 29an.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak