Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Estrategiari esker lanbide gaixotasuneko bost aldiz kasu susmagarri gehiago azaleratu dira

2011.eko azaroak 04

 

  • Euskal gizartean datozen urteetan laneko prebentzioaren kultura txertatu nahi duen plana aurkeztu du Gemma Zabaleta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak Legebiltzarrean

Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburu Gemma Zabaletak agerraldia egin du gaur goizean Eusko Legebiltzarreko Gizarte Politika, Lan eta Berdintasun Batzordean, Laneko Segurtasun eta Osasuneko Euskal Estrategia (2011-2014) aurkezteko. Plan hori aurtengo otsailean onartu zuen Eusko Jaurlaritzak, eta euskal gizartean laneko prebentzioaren kultura txertatzea du helburu.

Estrategiaren abiapuntuan prebentzioa enpresen kudeaketaren oinarrizko osagaia delako segurtasuna dago. Autonomia erkidegoko botere publikoek lan‑arriskuen prebentzioaren arloan garatu behar duten jarduera arautzeko beharrezko tresna gisa sortu da; izan ere botere horien arduren artean baitago laneko segurtasuna, higienea eta osasuna zaintzea -herritarrei bizitzeko, laneko higienerako eta osasunerako eta osotasun fisiko eta moralerako eskubideak bermatze aldera- eta haien ardura da, baita ere, eskubide horiek lan-ingurunean gauzatzea.

Plana egiteko, gobernuak kontuan hartu ditu elkarrizketa sozialeko mahaian aurkeztutako eragile soziolaboralen (CCOO, UGT eta Confebask) ekarpenak; eta "hurrengo urteetarako gida izango den" estrategia horren terminoak erabaki ditu eragile horiekin, sailburuak adierazi duenez.

Planak berebiziko garrantzia ematen dio ezbehar-indizeak eta lanbide‑gaixotasunak murrizteari, baita prebentzioa enpresetan txertatzeari ere, laneko segurtasunean eta osasunean inplikaturiko eragileen prestakuntza eta partaidetza sustatuz.

Lanbide-gaixotasunak askotan ezkutuan geratzen den errealitatea dira, eta horiei buruz Estrategian jasotzen diren politikei esker lanbide‑gaixotasuneko bost aldiz kasu susmagarri gehiago azaleratu dituzte Osakidetzaren osasun-zerbitzuek. Horrela, 2010eko urtarriletik irailaren 30era bitarte erregistratutako 25 kasu susmagarrietatik, 2011ko urtarriletik irailaren 30ra 149 kasuetara erregistratzera igaro gara (% 496ko igoera). Hori horrela izan da Osalanek, Osasun Sailak eta Osakidetzak eratutako jarraipen-batzordeari esker.

Horrez gain, enpresetan bertan lan egiten duten prebentzio-zerbitzuek deklaratzen dituzten kasu susmagarriak gehitu behar dira. Horrela, aurten (urtarriletik irailaren 30era) 466 kasu aurkitu dira bide horretatik, eta horiek Osakidetzaren zerbitzuetako 149 kasuei gehitzen badiegu, 615 kasu dira guztira. 

Zabaleta sailburuak adierazi duenez, ziur dago lan-munduan arriskua ezabatzea posible dela, segurtasunarekiko eta, zehazkiago, elkarrizketa sozialarekiko konpromisoaren bitartez. Bere hitzaldian Elkarrizketa Sozialeko Mahaia osatzen duten eragile sozio-laboralen (Confebask, CC.OO eta UGT) lana goraipaitu du Enplegu Saileko arduradunak.

Egoeraren azterlanak hamabi jardun-ildo bereizi ditu.

1. Prebentzioaren kultura indartzea gizartean

2. Prebentzioan inplikaturiko eragileen arteko mekanismo egonkorrak ezarri eta sendotzea, publikoak nahiz pribatuak

3. Euskadiko Administrazio publikoaren konpromisoa laneko segurtasun eta osasunarekiko, eta lankidetza sistematikoa administrazio eta erakunde publikoen artean

4. Prebentzio-araudiaren betearazpena ikuskatzea eta kontrolatzea lantokietan

5. Intzidentzia berezia lan-baldintzetan eragina duten faktoreen gainean (instalazioak, ekipoak eta prozedurak)

6. Arriskuen prebentzioa txertatzea enpresen kudeaketan, horren benetako aplikazio eraginkorra sendotzeko, ETEei laguntza tekniko berezia emanez

7. Enpresetan arriskuen prebentzioa egin ahal izateko ezinbesteko prestakuntza

8. Lehentasuna ematea langileen osasunaren zaintzari, lanbide-gaixotasunak garaiz detektatzeko eta prebentziozko moduan jarduteko aukera emanez

9. Laneko Arriskuen Prebentzioko ekintzen kalitatea

10. Laneko segurtasunaren eta osasunaren arloko jakintzak sortu eta partekatzea

11. Datu-iturrien integrazioan eta informazio-sistemen interoperabilitatean oinarritutako informazio-sistema bat ezartzea

12. Pertsonen garapen pertsonal eta profesionala

Gaur arte, Jaurlaritzak laneko segurtasunaren eta osasunaren arloan gauzatutako 60 ekintza izan dira Estrategiaren emaitza. Ekintza horien artean daude, besteak beste, ekipamenduak eta makina berritzeko enpresentzako laguntzak, lan-arriskuen prebentzioaren arloko on line prestakuntza, zarataren, silizearen eta lan-asmaren eraginpean lan egiten duten langileentzako berariazko protokoloak, arrantzaren sektoreko prebentzioaren gida eta lanari egotzi dakiokeen gaixotasunaren kargari eta horren osasun-kostuari buruzko azterlana.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)