Berriak Lehendakaritza

Udako balantze ona Euskadin

2022-09-13
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.
  • Segurtasunaren arloan, herri eta hiriburuetako jaiak ondo joan dira, nabarmentzekoak sex-erasoengatik jasotako saaketak eta zenbatutako ziztada kopurua
  • Kultur programazioa pandemiaren aurreko datuetara itzuli da
  • Uda osoaren perspektibak ezin hobeak dira turismoaren esparruan, eta horrek sektorea berreskuratzen lagunduko du
  • EEEk bere ekipoa indartu du ibilgailu elektrikoaren eskaera andanari aurre egiteko

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren osteko ohiko prentsaurrekoan. Bertan, udaren balantzea egin du, azken asteotan Euskadin bizi izan den egoerari errepasoa eginez, behin betiko datuak ez diren arren. Eta errepaso hori egiterakoan, hiru arlo hartu dira erreferentziatzat: segurtasuna, kultura eta turismoa.

Udako diagnostiko bati erreparatzen badiogu, segurtasunari dagokionez, poliziaren ikuspuntutik, herri eta hiriburuetako jai nagusiak ondo joan dira, batez ere kontuan hartuta segurtasunaren erronka askoz handiagoa zela, pertsonen mugimendua eta kontzentrazioa askoz ere handiagoa izan baita. Jaietako ospakizunei kalte egin dien gertakari garrantzitsurik izan ez den arren, jaiak lausotu dituzten sexu-eraso salaketak aipatu behar dira. Zentzu honetan, Zupiria bozeramaileak emakumeen aurkako indarkeria onartezina dela berretsi du eta esan du gizarte heldu batek etengabe gaitzetsi behar lukela horrelakorik inoiz gehiago gerta ez dadin. Lapurretei doakionez, delinkuentzia-datuak pandemia aurreko urteetakoen antzekoak izan dira.

Bestetik, nabarmentzeko datua da zenbatu diren 127 ziztada biktima uztailetik orain arte. Kasu gehienetan pintxoak emakumeei egin zaizkie eta 7 kasutan gizonei. Sailburuak azpimarratu du Gobernuak ziztaden aurka jarduteko ezarritako protokoloek behar bezala funtzionatu dutela, eta salaketa jarri duten pertsona guztiak osasun-zentroetan artatu dituzte. “Oso garrantzitsua da nabarmentzea pintxoen ondoren ez dela gai toxikoen arrastorik aurkitu. Eta nabarmendu behar da ere Ertzaintzak ez duela inolako asmo kriminalik ikusi haien atzean. Aldiz, salaketa kopurua askoz txikiagoa izan da: 49 salaketa egon dira”, adierazi du. 

Kulturaren eremuan ere, Bingen Zupiria sailburuak nabarmendu du kultur programazioa pandemia aurrekora itzuli dela. “Pandemia aurreko irudiak ikusi ditugu: jende asko jaialdi, areto eta antzokietan. Uda aurretik sumatzen zen joera hori, gure datuen arabera. Pixkanaka-pixkanaka kultura gosez zeuden herritarren eskariari erantzun izan die programatzaileek. Lan handia egin dute lehengora bueltatzeko eta publikoak orokorrean ondo erantzun du”, azaldu du.

Kulturklikek, gure Herri eta hirietako agenda osatua biltzen duen atarian adibidez 2022eko udan 3561 kultur jarduera jaso ditu, 2019ko udan baino 1000 inguru gehiago dira. 

Testuinguru honetan, Kultura eta Hizkuntza Politiketako sailburuak azpimarratu du orain aurretik dugun erronka nagusiena joera hori udazkenean eta neguan ere mantentzea dela. “Esan beharra dago zine, antzoki eta jaialdietan beraien egitarauak ahalik eta kalitatezko ekitaldi gehienarekin osatzeko ahaleginetan ari direla. Herritarroi dagokigu orain horri erantzuna ematea eta kulturaren sektoreak ere bultzada hori jasotzea”, gaineratu du

Eta turismoari dagokionez, behin betiko datuak laster izango dira eskura baina uztailera arteko turismo-datuak kontuan izanik, bozeramaileak azpimarratu du balantzea positiboa dela eta 2019ko zifrak gainditu direla. “Eta emaitza hau oso beharrezkoa zen covid aurreko jarduera berreskuratu duen sektore honentzat”, esan du.

Uztailean, turismoaren hazkundea hiru lurraldeetan gertatu da, bereziki nazioarteko turismoan (pandemiarekin gehien jaitsi dena). “Beraz, esan dezakegu uda osorako aurreikuspenak ezin hobeak direla, eta aurtengo emaitzek Euskadin 100.000 pertsonari lana ematen dien eta BPGaren % 6,4 hartzen duen sektorea berreskuratzen lagunduko dutela”, adierazi du.

MUGIKORTASUN ELEKTRIKOA

Bingen Zupiria sailburuak mugikortasun elektrikorako Moves III laguntzak eta suertatzen ari diren eskaera-andanari emandako erantzunean gertatzen ari den atzerapena ere izan ditu hizpide. Zupiriak azaldu duenez, bi berrikuntza izan dira 2019arekin alderatuta: alde batetik, elektromugikortasunerako laguntzen eskaria nabarmen handitu da, eta, bestetik, helburu horretarako bideratutako finantza-baliabideen kopurua handitu egin da, Next Generation funtsetatik datozen zenbatekoei esker. «Erabilgarri dauden baliabide publikoak 15 aldiz biderkatu dira», zehaztu du.

Jasotako eskaerei erantzun ahal izateko, EEEk, laguntza horiek kudeatzeaz arduratzen denak, bere taldea indartzea erabaki du. “EEEren eta Eusko Jaurlaritzaren asmoa da baliabide guztiak erabiltzea aurkeztu diren eskaera guztiei erantzun ahal izateko eta funts horiek guztiak gastatu ahal izateko elektromugikortasunari aurre egiteko”, nabarmendu du.

COVID 19KO BIKTIMEI ELKARTASUN EKITALDIA

Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak jakinarazi du hirugarren urtez jarraian Covid 19ko biktima guztiekiko enpatia eta elkartasun ekitaldia egingo dela. Topaketa irailaren 21ean izango da, 9: 30ean, Gasteizko Sempervirens parkean.

2020an urtero data horretan bertan eta espazio horretan pandemiaren ondorioz hildako pertsona guztiak gogorarazteko asmoz ekitaldi bat antolatzeko erabakia hartu zen. Gune honek osasunaren arloko profesionalen eta oinarrizko zerbitzu guztien lana ere gogoratu nahi ditu, baita boluntarioek eta konpromisoa hartu zuten pertsonek egindako ahalegina ere.

Gainera, Zupiriak Lehendakariak gaurko bileran  gogorarazi duenari egin dio erreferentzia, “pandemia global baten eraginpean jarraitzen dugu eta 2020ko martxoan hasi zenetik atzo arte 7903 pertsona hil direla Euskadin Covid-ekin”. Ekintza honek berretsi egiten du bai jasandako sufrimenduaren oroitzapena eta baita ere gizarteak adierazitako konpromiso- eta elkartasun-espiritua bizirik mantentzeko Jaurlaritza eta erakundek duten borondatea.

Prentsa-txostena

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak