Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Mexikoko Bidaia Agentzien Metropolitar Elkartearen biltzar garrantzitsuena lortu du Bilborentzat Eusko Jaurlaritzak

2011.eko azaroak 04

Eusko Jaurlaritzaren Merkataritza eta Turismoko sailburu Pilar Zorrillak eta Bidaia Agentzien Metropolitar Elkarteko presidente Manuel Viñas-ek, Turismoko sailburu Isabel Muelarekin eta Mexikoko Tourespañaren bulegoko zuzendari Alvaro Renedorekin batera, Mexikoko bidaia-agentzien biltzar garrantzitsuena inauguratu dute Bilbon.

Turismoaren 100 profesional inguru bildu dira sektoreko hainbat alderdiri buruz eztabaidatzeko, Euskadi turismo-helmuga gisa ezagutzeko aukerarekin.

Ospe handiko enpresa eta erakundeetako (hala nola Hoteles Meliá, Aeroméxico, Julia Tours, Sabre eta Tourespaña) kide garrantzitsuek parte hartzen dute Biltzarrean.

Lehen aldiz ospatuko da biltzarra segidako bi urtetan herrialde berean. Bilbo aukeratu dute horretarako, Río de Janeirorekin, Buenos Aíresekin eta Parisekin lehian.

Gaurko egunean Mexikoko bidaia-agentzien biltzar garrantzitsuena egingo dute Bilbon, Metropolitana Biltzarra. Eusko Jaurlaritzaren Merkataritza eta Turismoko sailburu Pilar Zorrillak eta Bidaia Agentzien Metropolitar Elkarteko presidente Manuel Viñasek, Turismoko sailburu Isabel Muelarekin eta Mexikoko Tourespañaren bulegoko zuzendari Alvaro Renedorekin batera, inauguratu dute ekitaldia.

Herrialde eta hiri desberdin batean egiten da biltzar horretarako deialdia urtero, mundu osoan eta turismoaren merkatuan duen garrantzia kontuan izanda. Oraingoan, Eusko Jaurlaritzaren Turismoko zuzendari Isabel Muela Mexikon izan zen apirilean biltzar batean, Espainia Berdea ordezkatuz, eta horren ondorioz, Euskadira etortzeko aukera balioesten hasi ziren.. Azkenean elkarteak bere biltzarra Bilbon egitea erabaki zuen, nahiz eta iaz Sevillan egin zuen, eta kontuan izanda ez dela inoiz ere egiten segidako bi urtetan herrialde berean. Euskadi, eta Bilbo, izan ziren aukeraturiko lekuak, beste hiri oso erakargarri batzuekin lehian, hots, Río de Janeirorekin, Buenos Aíresekin eta Parisekin.

Sektoreko 100 profesional inguruk parte hartzen dute biltzarrean, eta turismo-esparruko enpresa eta erakunde garrantzitsuenen (hala nola Hoteles Meliá, Aeroméxico, Julia Tours, Sabre eta Tourespaña) kideak arduratuko dira ponentziez. Biltzarrean, Pilar Zorrillak parte hartu du Euskadi turismo-helmugatzat aurkezteko, gure herrialdearen sustapenarekin jarraitzeko leku berritzaile eta esperientzial gisa, eta ondoren, Isabel Muelak Espainia Berdea aurkeztu du, mexikar merkaturako goi-kontsumoko produktu bat.

Mexikoko Bidaia Agentzien Metropolitar Elkartea duela 17 urte baino gehiago osaturiko taldea da, 150 elkartekide baino gehiago dituena, mexikar sektorearen % 60 baino gehiago ordezkatzen duena, eta horien artean ditugu zenbait bidaia-agentzia, handizkari eta airelinea, eta abar, eta Mexikoko turismo-alorreko erakunde errespetatuena eta onetsiena izatea lortu du. Elkartearen jarduna benetan da garrantzitsua, Mexikon, munduko beste herrialde askotan gertatzen denaren aurka, bidaia-agentziak direlako orain ere nazioarteko bidaiak kontratatzeko funtsezko bidea, Espainiarako bidaien % 70 baino gehiago banakakoak dira eta Elkarteari loturiko agentzien bidez kontratatzen dira. Horretaz gain, Metropolitanak bere biltzarrak egiteko aukeratu dituen nazioarteko helmugek (besteak beste, Zeelanda Berria, Bordele, Berlin, Cartagena de Indias, San Cristobal de las Casas, Sevilla, bi itsas bidaia Karibean zehar, Montreal, Munich eta Quebec), % 10 inguruko gorakada izan dute mexikar merkatuko biltzarra bertan egin eta hurrengo urtean.

Biltzar hori bere parte-hartzaile guztiekin erakartzeko jarduna Eusko Jaurlaritzak bultzaturiko beste jardun bat da Euskadi helmuga erakargarri, berritzaile eta esperientzial gisa sustatzeko. Turismoaren hazkundearen bidetik aurrera jarraitzeko beste jardun bat gehiago. Euskadik 27 hilabete daramatza bertaratzen diren turisten kopurua gehitzen. Ia milioi bat turistara iritsi da udan, iaz baino % 7 gehiago. Ekainetik irailera historiako turista kopuru handiena lortu zen, 980.000 turistarekin. Atzerriko turismoa % 9,1 gehitu da, beste herrialde batzuetako 381.813 bisitarekin, herrialde horien artean Mexiko ere dagoelarik.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko azaroaren 4a

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Eusko Jaurlaritzaren Merkataritza eta Turismoko sailburu Pilar Zorrillak eta Bidaia Agentzien Metropolitar Elkarteko presidente Manuel Viñas-ek,