Elkarlan Sariak
Berriak Lehendakaritza
qrcode

Udalsarea 2030ek bere 20. urteurrena ospatu du Euskadiko jasangarritasunarekin eta 2030 Agendarekin konprometitutako 205 eskualde eta udalerrirekin

2022-09-12
  • Udalsarea 2030 – Udalerri Jasangarrien Euskal Sareak tokiko garapen jasangarriaren aldeko zerbitzuan egindako 20 urteko lana ospatu du gaur, eta datozen lau urteetarako bide-orria aurkeztu du 
  • Bi hamarkada hauetan, udal sare horrek lortu du 240 euskal udalerrik ekintza-planak izatea tokiko jasangarritasunaren, klimaren eta energiaren alorretan. Euskadiko biztanleriaren % 98arenganaino iritsi da, eta 66 milioi euro mobilizatu ditu
  • Garapen Ekonomiko, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak trantsizio energetiko eta klimatikoaren prozesua bizkortzeko tokiko erakundeei laguntzeko sustatutako programaren berri eman da; programa hori hiru udalerritan ari dira pilotatzen

Udalsarea 2030 – Udalerri Jasangarrien Euskal Sareak Euskadiko udal eta eskualdeen zerbitzuan emandako 20 lan-urteak ospatu ditu gaur; garai horretan, tokiko ekintza jasangarria eta Tokiko 2030 Agenda bultzatu ditu Euskadin. Donostian egindako ospakizun-ekitaldian, euskal udalerri eta eskualdeen garapen jasangarriaren aldeko konpromisoa berretsi da, eta sarea datozen lau urteetan gidatuko duen ekintza-plan berria aurkeztu da.

Iñigo Urkullu Lehendakaria buru izan duen oroitzapenezko ekitaldiak honako partaide hauek izan ditu: Arantxa Tapia, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburua; Gotzone Sagardui, Osasun sailburua; Eneko Goia, Donostiako alkatea; Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ingurumen-sailetako foru diputatuak, hurrenez hurren Josean Galea, Amaia Antxustegi eta José Ignacio Asensio; Koldobike Olabide, Legazpiko alkatea zein Eudel-eko Batzorde Exekutiboko ordezkaria; eta Udalsarea 2030 osatzen duten udalerrietako berrehun ordezkari inguru.

Bere hitzaldian, Lehendakariak nabarmendu du Udalsareak berebiziko garrantzia duela erronka klimatikoari aurre egiteko, “udalek, mankomunitateek eta udalaz gaindiko erakundeek funtsezko zeregina betetzen dute; tokiko eta eskualdeko erakundeek klima-aldaketa arintzeko neurrien % 70 eta klima-aldaketara egokitzeko politiken % 90 gauzatzen dituzte. Pertsonekin zuzenean lan egiten dugu, eta herritarrek iraunkortasunerantz duten jarrera-aldaketa sustatzeko aukera dugu”. Hau horrela,  aurrera egiten jarraitzea beharrezkoa dela esan du Urkulluk, eragile eta herritar guztiak inplikatzeko gizarte kohesionatuago, erresilienteago, jasangarriago eta bidezkoago baterako trantsizioan. "Norberak bere harri-koskorra jarri behar du, ez dagoelako B planik, plan bakarra da guztiok gure egunerokotasunean laguntzea", adierazi du.

Ekitaldian, bi lan-hamarkada hauetan sareak izandako lorpen nagusien berri eman da. Horietako bat da 240 euskal udalerrik jadanik dituztela ekintza-planak tokiko jasangarritasunaren, klimaren eta energiaren alorretan, euskal biztanleriaren % 98renganaino iritsiz.

Azpimarratu da, halaber, azken hamabost urteetan 66 milioi euro mobilizatu direla jasangarritasunari buruzko tokiko ekintzarako. Horien iturria funts autonomikoak izan dira. Estatuko gainerako erkidegoetan erreferentea den udal sare horren egiturak ahalbidetu du euskal udalerriei funts horiek eskuratzen laguntzea. Zehazki, 5 milioi euro Eskola Agendara bideratu dira, 25 milioi atmosferaren kalitatera, 20 milioi biodibertsitatera, 14 lurzoru kutsatuetara, eta 2 milioi euro ekonomia zirkularrera.

Alkate eta eskualde-erakundeetako arduradun ugariren presentzia aprobetxatuz, eta Europan gertatzen ari den krisi energetikoaren testuingurua kontuan hartuta, Tapia sailburuak azpimarratu du bere sailak Energiaren Euskal Erakundearekin eta Ihobe sozietate publikoarekin batera abiatu duen sostengu- eta laguntza-programa, helburutzat duena tokiko administrazioari gertutik eta etengabe aholku eskaintzea, administrazio horiek gauzatu beharko duten trantsizio energetiko azeleratuaren prozesuan, baita abiatu dezaketen klima-ekintzan ere. Une honetan, hiru dira aholkularitza pertsonalizatu hori jasotzen ari diren udalak: Leioa, Laudio eta Tolosa.

Udalsarea 2030en lorpenak

Udalsarea 2030ek 20 urte hauetan izan dituen beste lorpen batzuk honako hauek dira:

  • Berrogeita hamar udalerri inguru Tokiko 2030 Agendan lan egiten,
  • 25 euskal udalerri atxiki zaizkio Alkatetzen Klima eta Energiarako Nazioarteko Itunari.
  • 55 euskal udalerrik egin dituzte, eskura dituzte edo lantzen ari dira klima (arintzea eta egokitza) eta energia jorratzen dituzten planak.
  • Beste 38 udalerrik euren udalen Berotegi Efektuko Gasen isurketen Inbentarioa eta Karbono Aztarna kalkulatzen dituzte 2016az geroztik.

Gaurtik 2025era doan prozesu parte-hartzaile bat gauzatu ondoren, Udalsarea 2030en asmoa da ezinbesteko erreferentzia izatea euskal udalerri eta erakundeentzat, bai bere zerbitzu aurreratu eta berritzaileengatik eta bai Garapen Jasangarriaren Helburuei egiten dien ekarpenagatik, batez ere klima-neutraltasun eta –erresilientziaren arloan, lurzoruaren babesean eta ekonomia zirkularrean.

Ekitaldian, gainera, Ramón Grasek emandako hitzaldi inspiratzaile bat ere eskaini da; Gras Hirigintza eta Hirietako Zientziaren arloko ikertzailea da Harvardeko Unibertsitatean (AEB), eta Aretian Urban Analytics and Design-en sortzaileetako bat ere bai. Grasek hirietako diseinuari aplikatutako zientziaz hitz egin du, eta azaldu du Hirietako Zientziaren arloan berriki egindako aurrerapenek ahalbidetzen dutela konplexutasun handiko hiri-erronkei heltzea, hala nola: hirigintza-diseinua; garapen jasangarrirako eta ezagutzaren ekonomiaren aktibaziorako estrategiak; mugikortasuna; edo lurralde-jasangarritasunarekin, elikagai-autosufizientziarekin, energiarekin, baliabide hidrikoekin eta ingurumenarekin lotutakoak. 

Bi hamarkada tokiko jasangarritasunaren zerbitzuan

Udalsarea 2022ko abenduan eratu zen, 16 udalerrirekin soilik, euskal administrazio publikoen arteko koordinazio-foro gisa, jasangarritasuna udal mailan sustatzeko xedez. Hogei urte hauetan, sareak 60 topaketa egin ditu bazkidetutako toki-erakundeen artean, ekimenak eta jardunbide egokiak konpartitzeko, besteak beste alor hauetan: materia organikoa etxez etxe batzeko sistema aurreratuan; klima-ekintzarako udal proiektuak, irtenbide naturaletan oinarrituak; elikadura-ekimenak eta elikagaien xahuketa sektore espezifikotan murrizteko ekimenak; kutsadura akustikoaren aurka borrokatzeko neurriak; uraren kalitatea; ingurumen-osasuna; garapen jasangarrirako hezkuntza; eta genero-berdintasuna.

Gainera, toki-erakundeetako jasangarritasun-teknikariz osatutako 35 lantalde koordinatu ditu, garrantzia hartzen ari diren gaiak aztertzeko, hala nola klimaren aldeko ekintza, erosketa publiko berdea, biodibertsitatea, eta ingurumen-osasun eta –kalitatea. Lantalde horietan sortutako ezagutza Euskadiko udalerri guztien esku dauden 21 txosten monografikotan geratu da jasota.

2005az geroztik, sareak tokiko jasangarritasunerako planak ebaluatzeko eta haien jarraipena egiteko eredu bat bultzatzearen alde egin du, kontuak ematera ere orientatuta; bada, eredu hori finkatu egin da, indarrean jarraitzen du, eta erreferentziazko eredu bilakatu da. Izan ere, hamar edizio baino gehiago egin dira tokiko politiken ebaluazio eta jarraipenerako programekin.

Ihobe sozietate publikoa Udalsarea 2030 – Udalerri Jasangarrien Euskal Sarearen idazkaritzaz arduratu da beraren sorreratik.

Etapa berria 2025era arte

Etapa berri honetan, Udalsrea 2030ek bere ekintza 2025era arte gidatu behar duen bide-orria ere konpartitu du. Gaur aurkeztutako akordio berriak Garapen Jasangarriaren Helburuak tokiko ekintzaren esperientzia praktikotan Euskadin konkretatzearen alde egiten du, zeregin hori koordinatzeaz batera; maila anitzeko gobernantza eta erakundeen arteko lankidetza eskaintzen ditu; eta Udalsarea 2030 izaera teknikoko plataforma eta lan-foro bihurtzen du.

Orobat, Lehendakaritzaren rola ere nabarmentzen da, akordioaren eragile bultzatzaile gisa, eta azpimarratzen da, halaber, udalerriak protagonistak direla eta toki-erakundeak (mankomunitateak, kuadrillak, garapen ekonomikoko agentziak…) eskubide osoko kide izatera pasatzen direla, sarearen protagonistak izateaz batera.

Sareko kide diren erakunde guztiek, hau da, udalerriek, eskualde-erakundeek eta udalaz gaindiko erakundeek, NBEren 2030 Agendaren Garapen Jasangarriaren Helburuak betetzen laguntzeko konpromisoa hartzen dute, horien alde modu aktiboan jardunez, euren politika eta kudeaketa egokitzearen eta eraldatzearen bitartez.

Horrez gain, sare horrek ekimenak abiatzeko eta herritarrengana azkar iristeko duen ahalmena kontuan hartuta, Eusko Jaurlaritzaren garapen ekonomiko bidezko eta jasangarriaren aldeko eredu proiektatuko du, bai tokiko mailan eta bai Euskadiko Itun Berdearen sareko kideen artean.   

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)