Berriak Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza
Eu

Garapen iraunkorreko bere politika aurkeztu du Eusko Jaurlaritzak hondakinen kudeaketari buruzko 4. Jardunaldian

2011.eko azaroak 04

Ingurumeneko sailburuorde Arantza Leturiondok hamaika autonomia-erkidegotako ingurumen-arduradunen aurrean azpimarratu duenez, "une erabakigarrian sartuta gaude Eusko Jaurlaritzan, garapen iraunkorra ardatz izango duen etorkizunerako abiapuntu izango den unean".

Ontzien hondakinak bildu eta berreskuratzeko Kudeaketako Sistema Integratuari buruzko "ECOEMBES 4. Lan Jardunaldia" eszenatoki egokia izan da legegintzaldi honetan Pilar Unzalu buru duen saila abian jartzen ari den ingurumen-politikak erakusteko.

"Ecoeuskadi 2020" Euskadiren Garapen Iraunkorreko Estrategia eta hirugarren "Ingurumen Esparru Programa" dira Eusko Jaurlaritzak abian jarri eta sailburuordeak nabarmendu dituen programak, eta azpimarratu du "Euskadi ekonomia berritzaile, lehiakor eta ekoefiziente gisa finkatu behar dela" eta "gure natura-baliabideak eta biodibertsitatea zaindu behar direla, lurraldearen, azpiegituren, ekipamenduen eta etxebizitzaren antolamendu errespetuzko eta orekatuari ekinez".

Ingurumeneko sailburuordeaz gain, Ingurumen eta Landa eta Itsas Inguruneko Ministerioaren Ingurumen Kalitate eta Ebaluazioko zuzendari nagusi Jesús Huertas-ek eta Ecoembalajes España, S.A., (ECOEMBES) sozietateko zuzendariorde nagusi Carmen Sánchez-ek ere parte hartu zuten irekiera-ekitaldian. Mintzaldi horien ondoren, zenbait administraziotako arduradun politiko eta teknikoek hondakinen tratamenduaren, birziklatzearen eta baliozkotzearen gaia aztertu zuten alderdi operatibo eta legal askotatik begiratuta.

Gai horren inguruan Leturiondo sailburuordeak adierazi zuenez, "apustu irmoa egiten dugu produktuen berrerabiltzearen eta hondakinen baliozkotzearen alde, negoziorako eta enplegu berdeak sortzeko aukera berriak zabaltzen baitituzte".

"Hondakinak behar bezala kudeatzeak hondakindegien bizitza baliagarria zabaltzen du, baliabideak hobeto ustiatzea ahalbidetzen du, garraio-premiak gutxitzen ditu eta hondakinen tratamenduarekin loturiko jarduera berriak berriz bultzatzeko aukera zabaltzen du, eta enplegu berdea sortzeko ere lagungarria izan daiteke", erantsi duenez.

Ildo horretan, arau-esparru baten babes-premia jarri da mahai gainean, esparru horren bidez kanpo-kostuak eta epe luzerako kostuak internalizatzeko, merkatuak sarritan ez baitira gai izaten horiek beren kabuz produkzio-sektorerako seinale bihurtzeko.

Egunean zehar entzun ahal izan diren ponentzia gehienak Kudeaketako Sistema Integratua izan dute aztergai:: ECOEMBESen Kudeaketako Sistema Integratuaren bilakaera, lehentasunezko jardun-ildoak, Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko Legea, etorkizuneko erronkak, ontzi iraunkorragoen sustapena, ekodiseinua, Ontzien Legearen ez-betetzeen ondoriozko jardunak, eta abar.

Lehenengo ponentziak "Ontzien Kudeaketa EAEn" izan zuen aztergai eta Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Kalitateko zuzendari Juan Ignacio Escalak aurkeztu zuen, eta adierazi zuenez, ECOEMBESi atxikitako ontziratzaileek 78.583 tona ontzi inguru jarri zituzten Euskadiko merkatuan 2010. urtean, eta horien % 74,4 edukiontzi horian eta urdinean laga zituzten herritarrek birziklatzeko.

Industria-ontziak birziklatzeko baldintzak hobetzeko prebentzioko enpresa-planen garrantzia ere azpimarratu zuen. Ontziratzaile handiei dagokie plan horiek landu beharra. Banakako 115 enpresa-plan eta dozena bat sektore-plan inguru baimendu dira EAEn.

ECOEMBES irabazi-asmorik gabeko sozietatea da, eta honako xede hau du: ontzi-hondakinak selektiboki biltzera eta berreskuratzera bideratutako Kudeaketako Sistema Integratu bat diseinatu eta antolatzea, geroago hondakin horiek tratatu, birziklatu eta balioztatzeko. 1996an sortu zen, eta 12.100 konpainia baino gehiago Kudeaketa Sistema Integratura atxikitzea lortu du. Ontzien kudeaketan parte hartzen duten sektore guztiak ordezkatzen dituzten 57 enpresa eta elkarte dira sozietateko akziodun, fabrikatzaile eta ontziratzaileekin hasi eta banatzaileekin, lehengaien fabrikatzaileekin eta birziklatzaileekin buka.

Iruzkin bat
  • @XabiGV
    2011.eko azaroak 06

    Comentario de Twitter:
    Leturiondo presenta la política de desarrollo sostenible vasca en la cuarta jornada sobre gestión de residuos http://t.co/SOXXcCq3

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Arantza Leturiondo