
Malandain Balletek eman dio hasiera Montrealgo Quartiers Danses jaialdiari
- Jaialdiak euskal sorkuntza garaikidean jarriko du fokua aurtengo edizioan, eta irailaren 18ra bitarte lau euskal konpainia pasako dira bertatik
- Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua buru duen ordezkaritza Montrealen da egunotan Saison Québec – Pays Basque egitasmoak irekitako bideari jarraipena emateko asmoz
Miarritzeko Malandain Ballet entzutetsuak eman dio hasiera, bart, Montrealen, Festival Quartiers Danses jaialdiari. Hiriko antzoki nagusian, Maisonneuve antzokian, ‘La Pastorale’ lana aurkeztu dute, 1300 pertsonaren aurrean, horien artean, Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua eta Irene Larraza, Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria. Beethovenen Seigarren Sinfonian, Pastorala hain zuzen, oinarritutako lan honek konpositoreak naturarekiko zuen maitasuna transmititzen du, dantzaren bidez, Antzinako Greziako inozentzia eta bakea adieraziz. Ikuskizun honekin eman zaio hasiera, era berean, Etxepare Euskal Institutuak antolatutako Saison Quebec - Pays Basque kultur trukerako egitasmoaren azken txanpari.
Datozen egunotan, eta irailaren 18ra bitarte, bederatzi lan koreografiko ikusi ahalko dira. Malandain Balleten beste bi lan ez ezik, beste hiru euskal konpainiaren sorkuntzak taularatuko dira Montrealgo gune ezberdinetan. Izan ere, euskal dantza sorkuntza garaikidean jarriko du arreta jaialdiak aurtengo edizioan, Focus Basque atalaren bidez; Quebeceko Kultura eta Komunikazio Ministerioa, CALQ (Conseil des arts et des lettres du Québec) eta Etxepare Euskal Institutuaren arteko elkarlana.
Irailaren 9 eta 10ean, ‘Nocturnes’ eta ‘Mozart a deux’ ikuskizunak eskainiko ditu Malandain Balletek. Judith Argomanizek gidatutako Lasala izango da programazioko beste protagonistetako bat. Konpainiak ‘Fight’, ‘Alive’ eta ‘IU’ lanak aurkeztuko ditu irailaren 11, 12 eta 13an. Jaiotz Osa eta Xabier Mujikak osatzen duten bikote artistikoak, Osa + Mujika, hartuko dio lekukoa: ‘Expectations will not kill you’ lana ikusi ahalko da hilaren 13, 14 eta 15ean hiriko kaleetan. Eta amaitzeko, Proyecto Larrua taldearen txanda izango da, ‘Muda’ eta ‘Idi begi’ lanekin, irailaren 15 eta 16an.
Dantzarekin lotutako eskaintza, ordea, ez da ikuskizun horiekin amaituko. Irailaren 11n, Telmo Esnalen ‘Dantza’ filma emango dute Montrealgo Arte Ederren Museoan, eta gaurtik irailaren 23ra euskal dantzaren transmisioa ardatz duen ‘Soka’ erakusketa egongo da ikusgai Centre des Musiciens du Monde (Munduko musikarien zentroa) gunean, Euskaldunak Québec elkarteak antolatu duena Etxepare Euskal Institutuaren eta Euskal Kultur Erakundearen laguntzaz. Gaur bertan egingo da erakusketaren irekiera ekitaldia, eta Bilaka dantza taldeak emanaldia eskainiko du.
Bilera instituzionalak
Saison Quebec – Pays Basque egitasmoak irailean puntu gorenetako bat izango duela baliatuz, Zupiria buru duen euskal ordezkaritza Montrealen da egunotan eta hainbat bilera egin dituzte Quebeceko Kultura eta Komunikazio Ministerioko, Kanpo Harremanak eta Frankofoniako Ministerioko eta CALQ (Conseil des arts et des lettres du Québec) erakundeko arduradunekin. Egitasmoaren ebaluazio positiboa egin dute, pandemia tarteko, aurreikusitako ekintza ia guztiak burutu ahal izan direlako, eta hemendik aurrera, lankidetzan sakontzeko sintonia azaldu dute. Saison Québec – Pays Basque proiektua urte amaieran bukatuko den arren, marko honetan abiatutako lankidetza batzuk jarraipena izango dute etorkizunean, bereziki dantza eta literaturaren esparruetan, Quebecek euskal literatura frankofonian txertatzeko eskaintzen dituen aukerak baliatuta.
Euskal ikasketen katedra berria
Arlo akademikoari dagokionez, azpimarratzekoa da Etxepare Euskal Institutuak, McGill Unibertsitatearekin elkarlanean, euskal ikasketen katedra berri bat jarriko duela martxan. Irekiera ekitaldia gaur bertan izango da.
Euskarazko irakaskuntzaren aitzindari eta sustatzaile izan zen Elbira Zipitria pedagogo, ikastolen sortzaile eta irakasle berritzailearen izena darama katedrak eta euskal kultura eta kultur berrikuntza izango ditu ardatz.
Irekiera ekitaldia egun osoko egitaraua izango da, fokua hizkuntzan izango duena, bai euskal ikuspegitik, bai quebectar ikuspegitik. Hizkuntza ez hegemonikoen garapenean kultur berrikuntza estrategiek izan dezaketen rola izango du hizpide, eta hiru ataletan banatuko da. Hizkuntzaren irakaskuntza, hizkuntza plangintza eta hizkuntzaren erabilera.
Bestalde, hau ere gaur hasi eta irailaren 18ra bitarte, elkarbizitza, bakea eta euskal gatazkaren ikuspegi anitzak erakutsiko ditu Quebeceko Filmategiak programatutako zinema zikloak. Genero ezberdinak baliatuz (komedia, drama, dokumentala…) kontatutako istorioak dira, 80ko hamarkadatik egunera arteko film aukeraketa baten bidez: ‘La fuga de Segovia’ (Imanol Uribe, 1981), ‘Yoyes’ (Elena Taberna, 2000), ‘La pelota vasca’ (Julio Médem, 2003), ‘Asier eta biok’ (Aitor Merino, Amaia Merino, 2013), ‘Lasa eta Zabala’ (Pablo Malo, 2014), ‘Negociador’ (Borja Cobeaga, 2014), eta ‘Maixabel’ (Iciar Bollaín, 2021) izango dira ikusgai.
Saison Québec - Pays Basque
Euskal kultura, sorkuntza garaikidea eta hizkuntza ardatz hartuta, Saison Québec - Pays Basque kultur trukerako ekimenak diziplina anitzeko eskaintza zabala eraman du Quebecera 2021. eta 2022. urteetan zehar.
Bi urte hauetan guztira ia 90 profesional eta akademiko hurbildu dira Quebecera, egitasmoak sustatutako bost sorkuntza-egonaldi, arte eszenikoei buruzko nazioarteko lau hitzordu, hiru literatura-jaialdi, bi zinema-ziklo, lau musika-bira, arte garaikideko bi jardunaldi, erakusketa bat, mintegi akademiko bat eta euskal ikasketen katedra berri bat egingo dira denera, euskal kultura eta sorkuntza ezagutzera emateko asmoz.
Kultur Konexioak: kulturaren bidez herrialdeen arteko elkarrizketa sustatzen
Etxepare Euskal Institutua 2019. hasi zen Euskadiren nazioartekotzerako esanguratsutzat identifikatutako lurraldeei modu berezian erreparatzen, Euskadi Basque Country estrategiarekin bat eginda. Hala sortu ziren Kultur Konexioak, nazioarteko harreman horietan kultur dimentsioa txertatu eta eremu kultural eta akademikoan hartu-emana sustatzeko. Lehendabiziko jomuga Eskozia izan zen, 2019an; Quebec etorri zen gero, 2021 eta 2022 urteetan; eta Etxepare Euskal Institutua hasi da jada Flandrian 2023an eta 2024an gauzatuko den hurrengo proiektua antolatzen.