Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Forum Europa

2011.eko azaroak 03

Egun on denoi.

Eskerrik asko, Javier, egin duzun aurkezpenagatik. Eskerrak eman behar dizkizugu denok -zuri eta zu bezalakoei-, inplikazio handia erakutsi baituzu Tecnalia proiektuan.

Prozesu hura ez zen erraza izan. Horretan murgilduta egon ginen guztiok beti gogoratuko dugu egun hura.

Hirugarren aldiz nator Foro plural eta ireki honetara. Javier Ormazabalek egin duen aurkezpenaren ondoren, nire eskumenekoak diren eremuetan gaur egungo egoera nola ikusten dudan esango dizuet, itzulinguruka ibili gabe.

Legegintzaldiko bi urte eta erdi hauetan, irtenbidea bilatu diegu aurrean izan ditugun arazo guztiei, eta, nire ustez, horixe izan da gure Saileko taldearen ezaugarri bereizgarria.

Inoiz ez dugu saihestu gure erantzukizuna. Aurpegia eman dugu beti, eta egia garden kontatu dugu, baita egoerak irtenbiderik ez zuenean ere.

Berriz gogorarazi nahi dizuet saileko taldeak -nirekin etorri denak- ilusioarekin lan egiten duela krisi-garai hauetan, eta borondatea tinkoa duela euskal ekonomiako agenteen premiei erantzuteko.

Jakin badakigu denok Europatik eta, batez ere, Greziatik iristen ari diren azken berriek ez diotela inori mesede egiten.

Euskadiko industria-politika, berrikuntza eta teknologia, energia-politika, merkataritza eta turismoa nola kudeatzen ari garen azalduko dut orain.

Baina, hasi aurretik, zorionak eman nahi dizkizuet denoi, zorionak eman nahi dizkizuet zuei, hilketen, bahiketen, mehatxuen eta estortsioaren aurrean eutsi egin diozuen enpresaburuoi, ETAren terrorismoa garaitu dugulako.

Eta, bereziki, enpresaburu bat ekarri nahi dut gogora. SEAko presidente Juan Jose Azurmendi, aste honetan bertan joan zaiguna. Eredugarria enpresen alde lan egiteko, beti adostasuna bilatzeko eginkizunean.

Giza faktorea erakundeen barruan alderdi garrantzitsua izatea lortzen zuen, eta hori gogoratzea da hura ohoratzeko modurik onena.

Adierazleak

Jaurlaritzara iritsi nintzenean, egoera zaila nuen aurrean. Krisia zegoen mundu osoan, eta Espainia eta Euskadi ez zeuden krisiaren eraginetik kanpo.

Dakizuenez, lehen egunetik hitz egin dut garbi. Zerga-bilketak eta barne-kontsumoak behera egin duten garai batean bizi gara, eta garai hau administratu behar dugu.

Eta jakintza eta zuhurtasun pixka bat duen inor ez da ausartuko datozen sei hilabeteen ondoren zer gertatuko den iragartzera.

Gure sailean, Estatuko eta nazioarteko iragarpen-adierazle batzuekin lan egiten dugu, eta gehienez urte-erdiko aurretiaz aurreratzen digute nazioarteko merkatuak nora doazen.

Merkatu global batean bizi gara, eta inguruan gertatzen den orok du eragina gugan.

Iragarpen-adierazleen bidez eurogunean ikusten duguna ez da itxaropena pizteko modukoa. Izan ere, Alemaniako, Frantziako eta Italiako ekonomiak gelditu eta uzkurtu egin dira irailetik aurrera.

Hirugarren hiruhilekora arte, hiru ekonomia horiek % 0,1etik % 0,3ra bitarteko hazkundea izan dute. Laugarren hiruhilekoan, ordea, adierazleek geldialdi bat iragarri dute, eta ez dirudi egoerak hobera egingo duenik datorren urteko urtarrila baino lehen.

Aurreikusitakoaren arabera, Espainian antzeko zerbait gertatuko da. Hirugarren hiruhilekoan ekonomiak % 0tik 0,1era bitarte egin du gora, baina irailetik aurrera geldialdi batean sartu da.

Estatu Batuetan, egoera desberdina da. Aurtengo bigarren eta hirugarren hiruhilekoetan, % 0,3ko hazkundea izan du, eta laugarrenerako ere gora egitea espero da, neurri txikiagoan bada ere.

Aztertutako adierazle guztiek diotenez, datozen 6 hilabeteetarako aurreikuspenak hobeak dira herrialde horretan. Horren arabera, hazkundea izango dute 2012ko lehen hiruhilekoan. 

Eremu hurbilago batean, adierazi nahi dizuet Industria Egoeraren Behatokia egin genuela joan den astean. Foro horretan, klusterretan, aurreklusterretan eta beste erakunde sektorialen batean taldekatutako sektore guztiek elkarri ematen diote beren emaitzen eta datozen hilabeteetarako aurreikuspenen berri.

Sei hilean behin biltzen gara, eta ondorioa garbia da: nazioartean sartuen dauden sektoreak ari zaizkio hobekien eusten gaur egungo ezegonkortasun ekonomikoari.

Oraingoan, sektoreen artean alde handiak daudela egiaztatu dugu. Adibidez, aeronautikaren, energiaren, automozioaren eta makina-erremintaren sektoreak oso bilakaera positiboa izaten ari dira.

Eta eraikuntzaren, siderurgiaren eta ontzigintzaren sektoreek, berriz, egoera negatiboa dute.

Elkarte gehienek onartzen dute nazioarteko merkatuetara zuzentzea eta esportatzea oso garrantzitsua eta beharrezkoa dela eusteko eta hazteko.

Ezin dugu ahaztu adierazleen arabera Euskadiko kanpo-merkataritzak % 15eko hazkundea izan duela 2011ko lehen hilabeteetan, 2010eko lehen hiruhilekoarekin alderatuta, eta Euskadik 2.213 milioi euroko balioa duten esportazioak egin dituela. Esan beharra dago serie historiko osoan lortutako zifrarik handiena dela hori.

3 lehentasunak

Horixe da gure enpresa-ehunaren erradiografia gaur egun. Oso garbi daukat zeintzuk izango diren 2012. urterako premiak eta lehentasunak gure politiketan.

Lehenik eta behin, funtsezkoa zainduko dugu, eta ekonomia pizten saiatuko gara, argi eta garbi.

Joan den astean, aurrekontu-proiektua onartu zen Jaurlaritzaren Kontseiluan. Datorren astean, Legebiltzarrera joango naiz gure Sailaren proiektua zehaztera. Aurreratuko dizuet lehentasunez jarduteko 3 ardatz finkatu ditugula:

  • 1) Nazioartekotzea
  • 2) Merkatura bideratutako berrikuntza teknologikoa, eta
  • 3) Finantzaketa

Zalantzarik gabe, hiru lehentasun horiek lotura handia dute gure lehiakortasun-planeko hiru ardatzekin:

ekonomia irekia,

ekonomia berritzailea, teknologikoki aurreratua eta ekintzailea, eta

ekonomia iraunkorra ingurumen- eta finantza-arloan.

Plan hori indarrean dago, eta Euskadin eta sailean lehiakortasun-eraldaketa lortzeko gida da.

Gure Sailaren aurrekontua zorrotza izango da berriz ere. Ia % 27ko murrizketa izango du. Orain arte ezein gobernuk inoiz aurreztu ez duen bezala aurreztuko dugu funtzionamendu-gastuetan.

Datorren astelehenean Legebiltzarrera hori azaltzera joango naizenez gero, eta Legebiltzarrari diodan errespetuagatik, ezin dut xehetasun gehiago eman, baina aurreratzen dizuet murrizketa handiak egin behar izan ditugula eta ekonomia piztuko duten ekintzen alde egin dugula.

Interesatzen zaizkigun lehiakortasun-programetan, sektore publikoko euro bakoitzak kapital pribatua mobilizatu behar du.

Ezin dugu ahaztu krisiari eusten jarraitu behar dugula, eta oso garbi dugu lehendakariak enpleguarekin hartu duen konpromisoa.

Jarduera ekonomikoaren alde egin dugun apustuaren eta jardunaren oinarria enplegua sortzea eta enpleguari eustea da.

Ez dugu ahaztu behar aurreko krisialdian, 90eko hamarkadan, langabezia % 24,4ra iritsi zela Euskadin. Gaur egun, krisia gorabehera, erdira ere ez da iristen. Eta ez da kasualitatea.

Eutsi, Lehiatu eta Buru izan estrategiek badute zerikusia horrekin.

Gastu arrunta murriztu dugu eta askori ez zaie gustatuko, baina aukeratu egin behar zen, eta guk aukeratu egin dugu.

Inbertsioa sendotu egingo dugu berriz.

Krisia gorabehera, Jaurlaritzan gaudenetik beti egin dugu gora alderdi horretan. Zehazki, aurreratuko dizuet inbertsioak 11 milioi eurotan (hau da, % 3,9ko proportzioan) gehituko ditugula.

Gure enpresak lehiakorragoak izatea da helburua. Eta, horretarako, ezinbestekoa da I+G+B+N ekuazioa, hau da, I+G+B gehi nazioartekotzea. Azken horrek ez du behera egingo; aitzitik, hazkunde handia izango du.

Izan ere, gure ekonomiaren oinarrizko zutabe bat da nazioartekotzea. Euskadiko enpresa guztiak nazioartekotuta daude, oraindik horren jakitun ez badira ere.

Gaur egun, Europako merkatuen aurreikuspenak zalantzakoak dira, garapen-bidean dauden herrialdeek gora egiten jarraitzen dute eta Estatu Batuak hazkunde-joera ahul baina seguru batean jarraitzeko bidean omen daude. Egoera horretan, ahalmenik handieneko merkatuak bilatu behar dituzte gure enpresek.

Eta badakizue Jaurlaritza gertu egongo dela zeregin horretan.

Azken urteetan, berrikuntza-proiektuetarako partida handiak antolatu ditugu. Eta, batez ere, helburu zehatzak eta neurgarriak dituen eta merkatura bideratuta dagoen berrikuntzara.

Garapen teknologikoan eta gure industria-ehunean oinarrituta.

Azen urte hauetan, oso maila handiko proiektuak ikusi eta babestu ditugu, eta lankidetza handia izan da enpresen, zentro teknologikoen eta unibertsitateen artean.

Horixe da etorkizuna, eta, horregatik, gure Sailaren inplikazioa erabatekoa izango da.

Gainera, hirugarren premia bati egingo diogu aurre. Enpresa askok finantzaketa lortzeko arazoak dituzte, eta areagotu egin dira Europako finantza-krisiaren ondorioz.

Bi urte daramatzagu alderdi horretan ahalegin handiak egiten, tresna berriak aplikatzen (hala nola arrisku-kapitala, txoke-abalak edo Ekarpen Funtsa) eta banku-pasiboak berregituratzeko laguntza ematen. Eta hori guztia egiten jarraituko dugu beharrezkoa den bitartean.

Arrisku-kapitala bultzatzen jarraituko dugu, aldagai guztiak kontuan hartuta: partaidetza-kredituak eta arrisku-kapital teknologikoa. Aurreratuko dizuet berrikuntza teknologikorako arrisku-kapitaleko beste funts bat sartuko dugula 2012ko aurrekontuan.

Eutsi, Lehiatu eta Buru izan (Resiste, Compite eta Lidera).

Enpresa bakoitzaren egoera berezia da. Ez dago sektore onik eta txarrik, ezta etorkizuneko sektorerik eta sektore heldurik ere. Enpresa paregabeak, onak, erdipurdikoak eta txarrak daude. Eta bakoitzak bere arazoak edo premiak ditu.

Gure betebeharra enpresei erantzutea eta laguntzea da, betiere gure baliabideak mugatuak direla kontuan hartuta. Liderrak gara industria-politika egiteko modu batean, eta enpresa gehienak ulertzen ari dira hori.

Funtsezko baldintza bat jartzen dugu: bere buruari laguntzen dionari baino ez diogu laguntzen. Ez da eslogan bat, printzipio-kontua baizik. Baldintza sinple bat eskatzen diegu enpresaburuei, zuzendariei eta langileei: Administraziora jo aurretik beren ekarpena egin izana.

Era asko daude. Gakoa konpromisoa da. Jarduera eta enplegua sortzen duenari eta horretan ahalegin guztiak egiten dituenari baino ezin diogu lagundu.

  • Zenbait enpresak, ahalegin handiak egin arren, finantzaketa-arazoak izan dituzte. Horregatik jarri genuen abian Eutsi estrategia.
  • 2009. urtean hasi ginen neurri horiekin, atzeraldi batean sartuta geundenean. Gaur egun, euskal ekonomia hazkunde-indizeetan dago. Neurri txikian, baina hazten ari da. Hala ere, oraindik badira gure laguntza behar duten konpainiak, eta horregatik laguntzen diegu oraindik.
  • Estrategia abian jarri zenetik, 667 sozietate biltzen dituzten 121 enpresa talderi lagundu diegu. Guztira 9.400 milioi euro fakturatzen dituzten hainbat enpresari lagundu diegu finantza-estualdi honetan aurrera egiteko.
  • Aldi horretan, 4.614 milioi euroko banku-pasiboak berregituratu dira. Eutsi estrategiari esker, finantza-erakundeekin negoziatu eta kreditu-egoera arindu ahal izan dute enpresek.
  • Eta gure laguntzari esker, 40.000 pertsonak baino gehiagok eutsi ahal izan diote lanpostuari Euskadin.

Politika horren barruan, beste formula batzuk ere bultzatu ditugu, hala nola partaidetza-kredituak ematea. Dagoeneko 60,6 milioi euro inbertitu ditugu.

Halaber, arrisku-kapitaleko funts publikoei (hala nola Ezten, Ekintzaile eta beste batzuei) heldu diegu berriz. Datu bat emango dizuet: 2002tik 2009ko ekainera bitarte, 52,5 milioi euroko baliora iristen ziren eragiketak onartu ziren, eta 2009ko bigarren seihilekotik joan den astera arte, berriz, 91 milioi eurotik gorako baliora iristen zirenak.

Hau da, Jaurlaritzaren honen 2 urte eta erdian, aurreko 7 urte eta erdian onartutakoaren ia bikoitza onartu dugu.

Formula berriak bilatu ditugu, hala nola txoke-abalak bere garaian. 2009. urtean, Jaurlaritzara iritsi ginen, eta Europar Batasunak irekitako Denbora Esparrua baliatzeko formularik bilatu ez zela ikusi genuen.

Abal horietan pentsatu genuen, eta, egiaztatu denez, oso neurri eraginkorra da. Gainera, Espainiako Gobernuak ekimen hori eska zezan ere lortu genuen.

Jaurlaritzak Europako Batzordeari jakinarazi zion, eta bidea zabalik izan genuen. Horri esker, arazo asko saihestu ditugu. Hori da gure jokatzeko modua.

Aipatu dizuedan abal-linea horren bidez, 171 milioi euro eman ditugu eskaerak eta lan-karga zituzten, baina finantzaketa falta zitzaien enpresen 22 proiekturako.

Ekimen horretan, foru-aldundiak izan ditugu gurekin.

Eta finantzaketa babesteko tresna gehiago ditugu aldundien eta aurrezki-kutxen partaidetzarekin.

Adibidez, Ekarpen funtsa aipa dezakegu. Izan ere, legegintzaldi honetan trabak gainditu ditu, eta dagoeneko 6 proiektu onartu ditugu, guztira 106 milioi euro inbertituta. 

Eta 120 milioi euroko inbertsioa behar duten beste sei proiektu ditugu onartzeko.

Jakin badakigu finantzaketa lortzeko zailtasunik handienak dituztenak enpresa txikiak direla. Hori dela-eta, MiniResiste izeneko linea bat dago irekita.

650 eskaera onartu dira, eta 3,3 milioi euroko diru-laguntza eman da.

Ez gaude estrategia hori bertan behera uzteko moduan, oraindik zenbait enpresak gure babesa behar baitute garai zail hauek gainditzeko.

Dena dela, horrek ez du esan nahi gure enpresa-sarearen lehiakortasuna bultzatzen jarraitu behar ez dugunik. Etorkizunaren oinarria da. Horregatik dugu Lehiatu estrategia.

Arestian aipatu dizuedanez, 2012. urterako aurrekontuen 3 zutabeetako bat berrikuntza izango da.

Hau da, enpresek eskueran duten jakintza errentagarri bihurtzea nahi dugu. Gure I+Gko programek aldaketa teknologikoa bultzatzen dute, eta produktuak berritzeko edo hobetzeko proiektuak (hala nola Gaitek programa) zein erronka handiagoei aurre egin behar dieten proiektu estrategikoak (Etorgai programa, adibidez) biltzen dituzte.

Programa horri buruzko datu pare bat emango dizuet.

Etorgai programa zorrotza da: enpresen I+Gko inbertsioa 4 milioi eurotik gorakoa izateko agintzen du, enpresen, zentro teknologikoen edo unibertsitateen arteko lankidetza eskatzen du, eta 3 urteko jarraitutasuna behar du gutxienez.

2008. urtetik aurrera, 68 proiektu onartu dira ia 100 milioi euroko diru-laguntzekin, eta 530 milioi euroko enpresa-inbertsioa mobilizatu da.

Esparru horretako apustu estrategikoak askotariko arloetan egin dira, hala nola energiaren, manufacturingaren, nanozientzien, IKTen, biozientzien, elektronikaren, turismoaren, elikaduraren, merkataritzaren eta abarren arloetan.

2011. urtean soilik, Etorgai programako 43 proiektu ari dira ebaluatzen, eta proiektu horiek 240 milioi euroko enpresa-inbertsioa dakarte. Horrek guztiak Euskadin lider diren enpresek berrikuntzarekiko interes handia dutela eta berrikuntza horren aldeko apustu estrategikoa egin dutela erakusten du.

Hobeto uler dezazuen, 2008ko deialdian 20 milioi euro bildu ziren, eta 2010eko deialdian, berriz, 60 milioi.

Gure hirugarren estrategia Buru izan izenekoa da. Lehendakariak gure industria- eta enpresa-sareak jauzi kualitatibo bat egiteko hartu duen konpromiso pertsonal bat da.

Lankidetza publiko/pribatuan eta gure sektorerik aurreratuenetako batzuen ahalmenean oinarrituta dago. Iaz aipatu nizuen estrategia hori, eta harrez geroztik, herrialde-proiektu horiek guztiak betetzen ari dira.

Sei dira guztira. Guztien berri izan duzue, eta guztien plangintza egina dago dagoeneko. Legegintzaldi hau amaitu aurretik, denak egongo dira abian, eta jardueraren eta ongizatearen trakzio-elementu izango dira:

  • 1. Ibilgailu elektrikoa
  • 2. Sare adimendunak
  • 3. Gas naturala
  • 4. Belaunaldi berriko Interneterako sarbidea
  • 5. Merkataritza elektronikoa, eta
  • 6. Zientziaren industria

1-Ibilgailu elektrikoa

Gogoratuko duzuenez, 2009ko urrian hasi ginen ibilgailu elektrikoaren proiektuaz mintzatzen. Eta, jakingo duzuenez, bi akordio ditugu.

Bata, Mercedes enpresarekin, merkatuko serieko lehen furgoneta elektrikoa egiteko. Akordio horretan, zentro teknologikoak eta automozioko eta energiako klusterrak inplikatu genituen.

Eta, aurtengo otsailean, Mercedes enpresak Gasteizen duen instalazioan fabrikatutako lehen furgoneta atera zen.

Bigarren akordioa Repsol enpresarekin egin da, eta, horri esker, gaur egun ibilgailu elektrikoak kargatzeko sarean liderra den IBIL enpresa sortu da Euskadin.

Gainera, hainbat akordio sinatu dira auto-fabrikatzaileekin, Estatu osoan ibilgailua eta IBIL enpresaren karga-zutoina batera sal ditzaten. Euskadin, 100 zutoin baino gehiago egongo dira aurten.

Ibilbide luzeko proiektua da. Marka guztiek beren modelo elektrikoa dute, eta ibilgailu elektrikoak etorkizuna duela adierazten du horrek. Garrantzitsuena da iritsitako lehenetako bat Euskadi izan zela eta, beste leku batzuetan ez bezala, Euskadin berariazko finantzaketa publiko/pribatua duten proiektu jakin batzuk daudela.

Eta esan dezakegu kanpoan estimatu egiten dutela ahalegin hori. Eusko Jaurlaritza EV20 taldean sartuta dago, hau da, ibilgailu elektrikoaren garapena mundu osoan gidatzen ari diren 20 hiri, eskualdeko gobernu eta konpainia handiek osatzen duten taldean.

Horrez gain, munduko enpresarik handienetako 80k klima-aldaketaren kontra eta iraunkortasunaren alde indarrak batu eta Climate Group erakundea sortu zuten, eta erakundea bera Europan zuzen dezan eskatu dio lehendakariari.

Asmatu egin genuen mugimendu horretan aurrea hartu genuenean. Gure automozioko eta energiako enpresek abantaila hori baliatu behar dute.

Batzuek diote auto elektrikoen salmenta zenbaitek aurreikusi baino motelago doala, baina inork ez du ukatzen auto horiek ahalmen handia dutela etorkizunari begira, eta lehenago edo geroago errealitate izango direla.

Erregai tradizionalen prezioa bera dela-eta, aurki erakargarriagoa izango da auto elektriko bat izatea.

2-Sare elektriko adimendunak (smart grid)

Otsailean, asmo handiko beste proiektu bat jarri zuen abian EEEk: sare elektriko adimendunak. Iberdrolaren eta BBKren eskutik (lankidetza publiko/pribatuaren adierazgarri), ekimen hori beste erronka bat da gure enpresentzat, garapen teknologikoari eta industria-garapenari dagokionez.

Iberdrolarentzat ez ezik, haren hornitzaileen sare osoarentzat ere bai (hornitzaile horietako asko Euskadikoak direla kontuan hartuta).

60 milioi euro inbertituko ditugu Bilbon eta Portugaleten 230.000 kontagailu aldatzeko eta 1.100 transformazio-zentro baino gehiago egokitzeko, abangoardiako ekipo elektronikoak erantsiko baitzaizkie.

Proiektu hori ibilgailu elektrikoarekin lotuta dago, eta, horri esker, Euskadi eraginkorragoa izango da energia erabiltzean. Izan ere, energia berriztagarriak, elektrizitatearen sorkuntza banatua eta eskariaren kudeaketa integratu ahal izango dira.

3-Gas naturala

Entzungo zenuten azken herrialde-proiektua gas natural ez-konbentzionalari lotutakoa da. Datozen bi urteetan, 100 milioi euro inbertituko dituzte EEEk eta Estatu Batuetako bi konpainiak, Araban aurkitu diren erreserba batzuk ustiatzeko.

Euskadiko Hidrokarburo Baltzuak azken urteotan egin dituen lanek iradoki dutenez, gas-bolumen handia dugu Euskadin, eta, hori berretsiko balitz, 60 urteko kontsumoa berma liteke gure erkidegoan.

Teknologiaren aurrerapenei esker, duela bost urte pentsaezina zena gaur egun alferrik galdu ezin den aukera bihurtu da Euskadirentzat.

Bi urteko lana dugu proiektuaren bideragarritasun teknikoa, bideragarritasun ekonomikoa eta ingurumen-bideragarritasuna egiaztatzeko. Horrela, beraz, miaketen bidez zer kantitate dagoen, ustiapena bideragarria den eta zer ingurumen-baldintza bete beharko diren jakin ahal izango dugu.

Bi gauza utzi nahi ditut garbi. Alde batetik, proiektuak aurrera egingo du baldintza teknikoak eta ingurumenari eta finantzei lotutakoak betetzen baditu.

Legebiltzarrean adierazi dudanez, ezinbestekoa da hiru baldintza mota horiek betetzea. Gure betebeharra da hori horrela izatea.

Bestetik, adierazi nahi dizuet arduragabekeria handia izango litzatekeela Euskadiri aberastasuna eta ongizatea ekarriko dion iturri hori ez miatzea.

4-Interneterako sarbide bizkorra orokortzea

Belaunaldi berriko banda zabala. Herritarrek eduki eta zerbitzu digitalak erabiltzeko aukera bermatu nahi dugu, eta, horien artean, izaera unibertsala duten oinarrizko eduki eta zerbitzuak bereziki, hala nola osasuna, hezkuntza, merkataritza edo informazioa lortzeko aukera.

Hori dela-eta, banda zabalaren estaldura unibertsala bermatu nahi dugu, pixkanaka segundoko 30 Megabitera iritsiko diren interneteko abiadurekin.

Bestetik, belaunaldi berriko sarbide-sareak zabaldu nahi ditugu lurraldearen zati handi batean, segundoko 100 Megabitetik gorako konexio ultrabizkorrak ahalbidetzeko.

Aurki, gai horri buruzko informazio zabalagoa izango duzue. Nolanahi ere, astelehenean Legebiltzarrean azalduko dudanez, horretarako aurrekontu-zuzkidura handia bideratuko dugu datorren urtean.

5-Merkataritza elektronikoa

Bosgarren proiektua merkataritza-sektorearekin eta merkatu globalera egokitzeko beharrarekin lotuta dago.

Ekimenaren bidez, merkataritza esportazio-sektore bihurtu, eta informazioaren teknologien industria dinamizatu nahi da. Ekimen honetan, merkataritza, enpresa logistikoak eta IKTen sektoreko enpresak erakarri nahi ditugu.

Denbora luzea behar izan dugu proiektu hori zehazteko, baina dagoeneko abian da, eta, aurrekoak bezala, partida bat izango du aurrekontuetan.

6-Zientziaren industria

Seigarren ekimenak nazioartean garatzen diren zientzia-azpiegitura handien sektorea sustatzea du helburu.

Instalazio horiek oso teknologia altuko ekipoak dituzte, eta bolumen ekonomikoagatik merkatu interesgarri bat izateaz gain, aukera ematen dute gure enpresen garapen teknologikoa bideratzeko.

Datozen hilabeteetan, hobeto zehaztuko ditugu proiektu horiek. Edonola ere, adierazi beharra dago ilusioa pizten dutela eta Euskadin lankidetza publiko/pribatuaren bidez zer egiteko gai garen erakusten dutela.

AEBetarako misioa

Arestian hitz egin dizuet duela gutxi Estatu Batuetara egin dugun bidaiaz. Orain bidai horretan zabaldu egin nahi dut zertxobait, merezi duelakoan bainago. Esperientzia oso positiboa izan zen.

Merkataritza-ganberez, klusterrez, zentro teknologikoez eta Jaurlaritzaz gain, 90 enpresa joan ziren, AEBak oso aukera ona baitira.

Lehen aipatu dizuet aurreikuspenen arabera herrialde horrek hazkundea izango duela 2012an. Europa gelditzen ari den une honetan, eskari handiagoko merkatuetara jo behar dugu.

Eta ez soilik Estatu Batuak munduko lehen potentzia direlako. Edota gure hirugarren bezerorik onena delako.

Hazkunde-bide jarraituago batean dauden merkatuei eta herrialdeei adi egon behar dugu. Horregatik jo dugu lehenago Brasilera, Txinara eta Arabiar Emirerri Batuetara.

Gaur hemen zaudetenetako batzuk gurekin izan zineten leku horietan, eta nola errespetatzen gaituzten ikusi duzue. Funts eta kontratu handiak darabiltzaten erakunde garrantzitsu batzuk bisitatu ditugu.

Gogoan dut orain Garapenerako Banku Interamerikarrean (BID) eman genuen eguna.

Ateak erabat ireki zizkiguten, ez baikinen modu indibidualean joan, herrialdeko markarekin baizik.

Ez naiz identitateaz ari. Konpromisoaz ari naiz. Eta hori da Administrazioa eta, batez ere, zuek, enpresaburuok eta langileok, egiten ari zareten ekarpena. Gauzak ongi egiteko konpromisoa.

Euskadik erakutsi zuen indar handiak dituela hainbat eremutan, hala nola berrikuntzan eta lehiakortasunean, energia berriztagarrietan, hirien iraunkortasunean edo osasunean.

Dagoeneko badira BID bankuarekin lanean ari diren enpresak, baina orain aukera handia zabaldu zaigu Latinoamerikako herrialdeetan lan egiteko behar bezala prestatuta dauden beste sektore eta enpresa batzuentzat.

Era berean, Harvardeko Unibertsitatean azaldu genuen Euskadiko lehiakortasuna. Han aztertzen ari dira gure kasua, eta harrituta geratuko zinatekete gure posizioa, gure estrategia zein ongi ezagutzen duten ikustean.

Gure klusterrak sektore bereko enpresen artean lankidetzan joka daitekeela erakusten duten adibide arrakastatsuak dira.

Harvarden, gure Espezializazio Adimenduneko Estrategia azaldu genuen (hau da, indartsuak garen eremuetan espezializatzeko estrategia).

Hori guztia Lehiakortasun Planaren bidez egiten ari gara, baita funtsezko bi elementuren bidez ere: enpresen eta klusterren arteko lankidetza, eta lankidetza publiko/pribatua.

Eta, gainera, teoria hori adibide zehatzetan nola gauzatu dugun zehaztu genuen. Adibide horien artean, ibilgailu elektrikoa eta sare adimendunak aipatu genituen (hau da, klusterren arteko proiektuen bi adibide).

Autokonplazentzian erori gabe, erronka berriak jarri behar ditugu. Bat ezarri dugu jada: sektore desberdinen arteko lankidetza dagoeneko abian dagoen kluster arteko proiektu baten bidez.

Luzaroan jarrai nezake gure enpresa-misioaren emaitzak agertzen. Baina ez naiz luzatuko. Leku horietan finkatuta dauden euskal enpresak baino ez ditut aipatu nahi. 60 ditugu guztira, eta aurki gehiago izatea espero dugu. Progenika (dinamismoaren adibide garbia), Ingeteam eta Gamesa bisitatu genituen.

Gainbeheran zegoen altzairu-fabrika bat kokatuta zegoen lekua energia berriztagarriei lotutako produkzio-instalazio bihurtu dela ikusi genuen Pensylvanian izan ginenok. Hantxe ulertu nuen Obama presidenteak zergatik bisitatu duen bi aldiz Gamesako instalazio hori.

Kontatu dizuedana Pensylvanian gertatu da, baina arazorik gabe extrapola liteke Sestaora.

Guk ere bilakatzeko eta inbertsioak eta talentua erakartzeko gai izaten jarraitu behar dugu.

Iraganean egin genuen hori, eta sekretua ez datza espekulazio-ekonomiara jotzean. Euskadin, askok "produkzio-ereduaren aldaketa" deitzen dioten hori ere ez dugu behar.

Aitzitik. Gure indarrak sendotu egin behar ditugu. Industria da gure potentzial handia, gaur egun ditugun aberastasun- eta ongizate-mailetara iristea eta Espainian langabezia-tasarik txikiena duen erkidegoa izatea ahalbidetu diguna (% 11, hots, Espainiako batez bestekoaren erdia).

Brusela: irizpena

Horregatik, ez da kasualitatea -eta Estatu Batuetatik Bruselara noa- Europan Eusko Jaurlaritza, lehendakaria aukeratu izana Erkidegoko industria-politika berriaren bidea zehaztuko duen irizpidea ezartzeko.

Joan den urriaren 11n, Europako Batzordeari bidea egingo dion irizpena aurkeztu zuen lehendakariak Eskualdeen Batzordean. Irizpen horretan oinarrituko dira babestu beharreko politika motak finkatuko dituzten EBko etorkizuneko jarraibideak.

Ildo horretan, Europako Batzordeak atera duen ondorio bat gure gain hartzen dugu erabat.

Hau da, "Europak industria behar duela". Horri buruzko komunikazioan, Batzordeak honako hau adierazi du:

"Europak inoiz baino gehiago behar du industria, eta industriak Europa behar du. Merkatu bakarrak 500 milioi kontsumitzaile, 220 milioi langile eta 20 milioi enpresa biltzen ditu, eta funtsezko tresna da Europa industrial lehiakor bat lortzeko.

Europar Batasuneko sektore pribatuko lau enplegutik bat manufaktura-industriakoa da, eta lau enplegutik bat, gutxienez, industriaren mendeko zerbitzuei lotuta dago (hornitzaileak edo bezeroak, adibidez).

Sektore pribatuko ikerketa- eta garapen-jarduera osoaren % 80 industrian egiten da, gure gizarteek aurrean dituzten erronketarako irtenbideak eskaintzen dituen berrikuntza-motorra baita industria".

Eta, Batzordeak gaineratu duenez, I+Gan gehien inbertitu duten herrialdeek eta eskualdeek eutsi diote hobekien krisiari.

Lehiakortasun Plana

Hori da Jaurlaritzak defendatzen duen eredua, Lehiakortasun Planean argi eta garbi zehaztuta dagoena. Plana iaz onartu zen, eta gure ibilbide-liburua da euskal enpresak lehiakorragoak izan daitezen lortzeko.

Arestian esan dizuedan bezala, oinarrizko hiru ardatz ditu. Gure espezializazio adimenduneko estrategia da, eta horixe azaldu dugu Europan.

-ekonomia irekia

-ekonomia berritzailea, teknologikoki aurreratua eta ekintzailea

-ekonomia iraunkorra, ingurumenaren zein ekonomiaren arloan

Ziur gaude horixe dela bidea. Arestian esan dudanez, Espezializazio Adimenduneko Estrategia da, eta sektore publikoko zein pribatuko baliabide kantitate handia jarri dugu horretan: guztira, 12.000 milioi euro.

Planaren bidez, gure enpresak nazioarteko merkatuetara zabaltzeaz gain, kanpoko inbertsioak erakarri nahi ditugu.

Halaber, gure enpresa guztien berrikuntza eta bikaintasuna sendotu nahi dugu, ETEena batez ere, gure ekonomiaren euskarri nagusia baitira.

Dena dela, ditugun enpresei laguntzeaz gain, ahalegin berezia egin behar dugu aberastasuna eta enplegua sortzeko gai izango diren enpresa-proiektu berrien sorkuntza bultzatzeko.

Hau da, ekintzailetza bultzatu behar dugu. Gaur egun, zeregin horretan eraginkorragoak izateko formulak bilatzen ari gara. Eta funts gehiagoren ekarpena ez da beti erarik onena izaten. Aitzitik, ausartagoak izan behar dugu, eta hobeto koordinatu behar dugu.

Milaka enpresaburu txikiren ahaleginaren eta ekimenaren gainean eraiki da gure herrialdea, egun batean zerotik hasi eta amets berezi eta lehiakorra aurrera eramatea erabaki zutenean.

Beste kontzeptu garrantzitsu bat iraunkortasuna da. Ingurumen-arloan ez ezik, ekonomiaren arloan ere bai.

Iraunkortasuna aukera handia da gure enpresentzat, gure aholkularitza-enpresentzat. Eredugarriak gara gure hiri adeitsu eta iraunkorrengatik. Eta eredu hori esportatu, eta gure egiten jakiteko modua helarazi dezakegu arlo horretan eskaria dagoen beste herrialde batzuetara.

2020rako Euskadiko Energia Estrategia

Eta, jakina, iraunkortasuna ingurumen-arloan bultzatu behar dugu. Ildo horretan, Lehiakortasun Planaren babesean, gure ekonomiaren etorkizuna markatuko duten beste plan eta estrategia batzuk ditugu.

Datozen asteetan, 2020rako Euskadiko Energia Estrategia berria eramango dugu Jaurlaritzaren Kontseilura. Estrategia horrek oinarrizko 3 printzipio ditu:

-energiaren aurrezpena eta eraginkortasuna

-energia berriztagarriak eta gasa (trantsizioko energia gisa) babestea

-eta energiari lotutako gure industria-sektorea sustatzea.

Sektorean liderrak diren eta eremu horretan ETE ugari mugitzen dituzten enpresak ditugu.

Lurra ongarritu behar dugu enpresa horien garapen teknologikoa eta nazioartekotzea errazteko, eta Euskadin sektore horretan ditugun eta 68.000 enplegu (24.000 Euskadin) biltzen dituzten 350 enpresek erreferentzia izaten jarrai dezaten lortzeko.

EIGP eta ZTBP planak

Aurki, Euskadi Informazio Gizartean Plana (EIGP) eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Plana (ZTBP) emango dira argitara.

Lehena gure zuzeneko ardura da, eta bigarrena, berriz, lehendakariaren mende dago zuzenean, eta eragin handia izango du nire ardurapeko arloetan.

Nolanahi ere, asmo handikoa denez gero, Jaurlaritza osoaren jarduna bildu behar du, aurreko planetan ez bezala. Joan den astean Legebiltzarrean adierazi nuenez, ZTBPa Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Kontseilura eramango da hilabete honetan.

Merkataritza

Lehiakortasun Planaren babesean abian jarri dugun beste plan bat Euskal Merkataritza Egokitzeko Plana da. Iaz, egoeraren diagnostikoa egin genuen, eta gure BPGaren % 11 hartzen duen sektore hori babesteko hainbat neurri hartu genituen.

Duela urte batzuk industria-sektoreetan bezala, bikaintasunaren kultura merkataritzara eramatearen garrantzia azpimarratu dugu.

Merkataritza Bikaina programa abian jarri duen lehen erkidegoa izan gara, eta sektoreko lehiakortasuna hobetuko duten kalitate-ziurtagiri berriak eman ditugu (ETEei eta mikroETEei nagusiki).

Lehen urrats hori Euskadiko ia 400 enpresak egin dute, eta beste erkidego batzuetan ere egin nahi dute.

Gainera, jakin badakigu merkataritza finantzaketarako laguntza gehien behar duten sektoreetako bat dela. Gure Sailak elkarren bermerako sozietateen eta merkatarien elkarteen arteko akordioak -egun hauetan ezagutu ditugunak bezalakoak- babesten ditu.

Halaber, finantzaketari lotutako bi programa ditugu abian: AFI programa eta Merkataritza Ekipamenduak Modernizatzeko Programa (edo Merkataritzako Renove programa). Azken horrek arrakasta handia izan du, gure babesak gelditu egin baitu enpresen inbertsio pribatua.

Eta gehiago izango dira.

Turismoa

Zentzu berean bideratuta dago Turismo Establezimenduak Modernizatzeko Programa. Hori ere sustatu egingo dugu, turismoaren sektoreak bere lehiakortasuna hobetzen jarrai dezan.

Aurten Euskal Turismoaren Lehiakortasun eta Berrikuntza Plan berria aurkeztu dugu. Plan hori beste Lehiakortasun Planean txertatuta dago. Gure Sailak bultzatu dituen aldaketa sakonetan egindako beste urrats bat izan da.

Ez dizkizuet azalduko turismo-arloan ditugun lorpenak, ongi ezagutzen baitituzue. Dakizuenez, 27 hilabete daramatzagu hazten, 2009ko uztailetik. Eta inork ez digu ezer oparitu.

Urte hauetan, sustapena ongi landu da Marketin Planaren bidez. Euskadi saltzeko era berriek Estatuko zein atzerriko turismoa erakarri dute. Aurten, marka historikoa lortuko dugu berriz, ziur nago.

Hemendik aurrera, zalantzarik gabe, errazago eta hobeto sartuko gara turistak igortzen dituzten merkatu batzuetan. Kanpotik begi onez ikusiko gaituzte.

Terrorismoa: lehiakortasunik eza eragiten duen faktorea

Ez dut aipatu gabe utzi nahi Enpresa Lehiakortasuneko Planak beste elementu garrantzitsu bat biltzen duela: balioak. Izan ere, Euskadi gauza askotan izan daiteke, eta da, erreferentzia: berrikuntzan, kalitatean, iraunkortasunean... eta balioetan ere bai.

Ildo horretan, eraginkortasunik eza eragiten duen faktore bat aipatu nahi dut, Planean ere agertzen dena.

Indarkeriaz ari naiz, terrorismoaz. Betirako desagerrarazi beharko den faktore horretaz. Gure herritarrek -eta, tartean, enpresaburuek- ETAren eskutik jasan dituzten hilketek, bahiketek eta estortsioek inoiz ezabatu ezin izango den aztarna bat utzi dute Euskadin. Ahaztu ezin izango den aztarna. Ez da historia berregiteko garaia.

Nolanahi ere, zabaldu den garai berri honetan, elkarbizitzak izan behar du protagonista. Eta, jakina, gure ahalegin guztiak herrialde hau leku hobe bihurtzeko zereginean bildu ahal izango ditugu, mehatxu terroristaren itzalik gabe.

Euskadi marka, Basque Country marka sustatzeko garaia da. Konpromisoaren garaia da.

Zeregin horretan, eta oraintxe amaituko dut, neure egiten ditut lehendakariak politika orokorrari buruzko Osoko Bilkuran hartutako konpromisoak, nire Sailarekin zerikusi handiagoa dutenak batez ere: enpleguarekiko eta euskal ekonomiarekiko konpromisoa.

Hasieran esan bezala, egoerari buruzko azterketa errealista egiten, gure enpresa-sarerako irtenbideak bilatzen, gutxiagorekin gehiago egiten eta jarduera, aberastasuna eta ongizatea hobetzearen alde lan egiten jarraituko dugu.

Enpresei laguntzeko eta, beharrezkoa izanez gero, neurriko trajea egiteko lan egiten jarraituko dugu.

Eskerrik asko zuen arretagatik.

 

 

 

 

 

 

 

 

Egin litezkeen galderak:

-Zerga-oporrak

-Shale gas

-Aldundi berriekiko harremana

-Tax lease

-Lehiakortasun Plana

-Gutxiagorekin gehiago

-Sozietateen/gastuen murrizketa

 

2 iruzkin
  • @CyberEuskadi
    2013.eko ekainak 08

    Comentario de Twitter:
    Unas cuantas cosas que prometió Bernabé Unda y nunca llevó a la práctica: http://t.co/IwCaYmLqZH

  • @RuthVilar
    2011.eko azaroak 07

    Comentario de Twitter:
    @mikjimenez @cruzccl @Irekia_News El Gobierno Vasco crea un fondo de capital riesgo para innovación tecnológica. http://t.co/oWkzLePs

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
  • Bernabé Unda
    Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburua (IX legealdia)