Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

Etxebizitza Sailak jardunaldiak antolatu ditu datorren astean Gasteizen, hirigintza barneratzaileari buruzkoak genero ikuspegiaren ikuspuntutik

2011.eko azaroak 03

  

Arriolak inauguratuko ditu jardunaldiak asteazkenean Europa Jauregian

Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburu Iñaki Arriolak azaroaren 9an, asteazkenez, inauguratuko ditu "Hirigintza barneratzailea. Kaleek badute generoa" izeneko jardunaldiak. Gasteizko Europa Jauregian egingo dira azaroaren 9tik 11ra.

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak antolatutako jardunaldi hauetan psikologia, arkitektura, hirigintza eta zuzenbidearen arloko profesionalek hartuko dute parte. Hirigintza eta generoa uztartzean sortzen diren azaroak eta beharrak aztertuko dira, izan diren esperientziak abiapuntu hartuta. Generoarena faktore erabakigarria da hiri iraunkorrak proiektatzeko orduan, hiriak eskaintzen dituen espazioetaz gozatzeko, zerbitzu publikoez eta aukerez baliatzeko pertsona guztiek aukera-berdintasuna izango duten hiriak, alegia.

Euskadiko udalerrietan hirigintza barneratzailean aurrera egiteko asmoarekin antolatu ditu Lurzoru eta Hirigintza Zuzendaritzak honako jardunaldi hauek.

Hiriaren errealitatean esku hartu eta haren eraldaketa orientatzea da hirigintzaren xedea. Hainbat mailatan jardungo du, espazio publikoa eta hura osatzen duten elementuak diseinatzeko ardura duen hiri-diseinutik abiatu eta hiriaren garapen eredua zehazten duen hiri-plangintza arte, plangintzan jasotakoa nola gauzatu zehazten duen hiri-kudeaketa ahaztu gabe. Maila guzti horietan iraunkortasuna bilatzen da gaur egun, helburu diren efizientzia ekonomikoaren, ekitate sozialaren eta ingurune artapenaren arteko oreka bezala ulertuta iraunkortasun hori.

Mintegi honetan Osoko Bilkurak egongo dira, kontzeptuak eta ideia nagusiak azaltzeko, eta Tailerrak gai horiek sakon aztertzeko. Horretarako, metodologia zehatzak aurkeztuko dira eta arrakastatsuak izan diren esperientziak azalduko, bertaratutakoek ezagupen eta baliabide zehatzak eskura ditzaten zer egin daitekeen eta nola egin daitekeen jakiteko, gero bakoitzak beren tokian tokiko errealitatera egokitzeko.

Hirigintza barneratzaileari buruzko prestakuntza-ikastaroa toki-administrazioei begira diseinatu da zehazki, hirigintzan eskumenak dituzten talde teknikoei beren udalerrietako kaleetan generoa ikusten eta hirigintzako araudietan nola barneratu erakusteko. Jardunaldietan zehar jorratuko diren gaietako bat da genero ikuspegia txertatuta duen hiri-plangintza. Horretarako, emakumeek egin duten espazio publikoaren erabilerari buruzko historia azalduko da.

Hirietan aukera-berdintasuna lortzeko oztopoetako bat segurtasun eza da. Segurtasun eza bi modutara aztertuko da, kriminologiaren ikuspegitik eta ikuspegi soziourbanistikotik. Tresna mota bi erabiliko dira: Segurtasuneko tokiko auditoriak (Kriminologiaren Euskal Institutua) eta hiri debekatuaren mapak (Hiria Kolektiboa) Gasteizko Udalak duela gutxi egin duen udaleko segurtasun-diagnostikoa aurkeztuko du.

Emakundek, bere aldetik, hirigintza barneratzailea lortzeko Euskadiko Autonomia Erkidegoak dituen baliabideak azalduko ditu, hau da, Berdintasunaren Legea hirigintzari aplikatua.

 

Erreferentziako arauak:

 Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legea eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako V. Plana - IX. Legealdirako Jarraibideak.

4/2005 Legeak 3.4 artikuluan zehazten duenez, euskal herri-aginteek genero-ikuspegia txertatu behar dute beren politika eta ekintza guztietan, halako moduz non horietan guztietan ezberdintasunak ezabatzeko eta emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko helburu orokorra ezarriko duten.

 Lege honen ondoreetarako, honakoa da genero-ikuspegiaren integrazioa: emakumeen eta gizonen egoera, baldintza, jomuga eta beharrizan ezberdinak modu sistematikoan kontsideratzea, eta, horretarako, politika eta ekintza guztietan, maila guztietan eta horien plangintza-, egikaritze- eta ebaluazio-fase guztietan, ezberdintasunak ezabatzeko eta berdintasuna sustatzeko xedea duten helburu eta jarduketa zehatzak txertatzea.

Bestalde, 46.1 artikuluan adierazten denez, euskal herri-aginteek beharrezkoak diren neurriak hartuko dituzte beren ingurumen, etxebizitza, hirigintza eta garraioko politiketan zein programetan genero-ikuspegia txertatuta dagoela bermatzeko, eta, besteak beste, ondokoak hartuko dituzte kontuan: pertsonen segurtasuna; etxeko lanak egitea eta pertsonak zaintzea erraztea; bizitza pertsonala familia eta lanarekin uztartu ahal izatea erraztea; bai eta politika eta programa horiek diseinatu eta betetzerakoan emakumeek partaidetza handiagoa izan dezatela bultzatzea ere.

Horrela bada, 2010eko ekainaren 29an Jaurlaritzaren Kontseiluak onartu zuen Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako V. Planak - IX. Legealdirako Jarraibideak honako helburu estrategiko eta operatiboak biltzen ditu hirigintzan genero-ikuspuntua barneratzearekin lotuta:

5.3 helburu estrategikoa. Hirigintzako plangintza eta herritarrentzako zerbitzuak aldatzea kontziliazio erantzunkidea errazteko.

5.3.2 helburu estrategikoa. Kontziliazio erantzunkidea eta pertsonen autonomia erraztuko duten hirigintzako plangintzarako eta garraioaren diseinurako irizpideak identifikatzea eta aplikatzea.

6.2 helburu estrategikoa. Portaera bortitzen prebentzioa hobetzea.

6.2.3. helburu operatiboa. Emakumeak seguru sentitzen ez diren lekuak identifikatzen dituzten eta horiek kontrolatzeko neurriak hartzen dituzten udalerrien kopurua handitzea, eta emakumeak seguru sentitzen ez diren leku berriak sortzea saihesteko irizpideak ezartzea.

Bestalde, joan den martxoaren 9an, Eusko Legebiltzarreko Etxebizitzako Batzordeak ez-legezko proposamena onartu zuen, Eusko Jaurlaritzari Euskadiko Lurzoru eta Hirigintzako Legea garatzeko eskatzen diona, diseinu unibertsalaren printzipioa kontuan hartuta eta seguruak ez diren espazio publikoak gutxitze aldera, genero-eraginaren ebaluazioa hirigintza-planetan eta obra-proiektuetan beren-beregi sartzea aurreikusiko duena.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)