Beatriz Artolazabal: “Uko egin diogu ETA-ko bost presoren lekualdatzeari, ez baitzuten sustraitze-baldintza betetzen, kontuan hartuta birsozializazioaren aldeko apustua egiten duen espetxe-ereduaren gako dela”
- Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak esan duenez, ETAko presoen lekualdatzeak “gainerako eskabideen zorroztasun eta zuhurtzia berarekin” aztertzen dira
- Sailburuak esan duenaren arabera, “gogorra da, oso gogorra”, historial “odoltsua” duten pertsonen espedientea berrikusi behar izatea, baina ez diogu horregatik “legea betetzeari utzi behar, hori baitagokigu”
- Bere iritziz, “positiboa da askatasuna gabetuta duten pertsonentzat eta EAEko gizarte osoarentzat” eskumenen eskualdaketaren lehen urtea, kontuan hartuta eskualdaketa “sentikorra eta konplexua” dela, “azpiegituren eta giza baliabideen herentzia” zailaren baldintzapean
Vitoria-Gasteiz, 2022/09/08
Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak gaur nabarmendu du EAEko espetxe-eredua askatasunaz gabetuta dauden pertsonen birsozializazioan oinarritzen dela eta, horretarako, sustraitzea funtsezkoa dela lekualdatzeko eskabide bat onartzeko edo ukatzeko orduan. Elkarrizketa egin diote Artolazabali Radio Vitorian, eta esan du ETAko presoen lekualdaketak “EAEko espetxeetara etorri nahi duten pertsonek helarazten dizkiguten gainerako eskabideen zorroztasun eta zuhurtzia berarekin” aztertzen direla. Esan du, gainera, uko egin zaiela “sustraitze-baldintza betetzen ez zuten ETAko presoen bost eskabideri, gakoa baita EAEko espetxe-ereduan”.
Gradu-progresioen egokitasuna zehazteko orduan, gogorarazi duenez, garrantzitsuena da “espetxeko bertako tratamendu-batzordeen irizpide teknikoa, haiek ezagutzen baitituzte ongi espetxeetan barnekoek dituzten bizitza eta progresioa”. Sailburuak zuzentzen duen sailaren iritziz, “gogorra da, oso gogorra”, historial “odoltsua” duten pertsonen espedientea berrikusi behar izatea, baina ez diogu horregatik “legea betetzeari utzi behar, hori baitagokigu” .
Datorren urriaren 1ean, espetxeen eskumenen eskualdaketa egin zenetik urtebete beteko da, eta, horren harira, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak esan du “positiboa” dela “askatasunaz gabetuta dauden pertsonentzat eta EAEko gizarte osoarentzat” orain arte lortutakoaren balantzea.
Artolazabalek esan du Eusko Jaurlaritza oso jakitun zegoela eskualdaketaren “sentikortasunaz eta konplexutasunaz”, bai eta “azpiegituren eta giza baliabideen” inguruan jasotako “herentzia” zailaz ere; alderdi horiek, gainera, nahitaez “baldintzatzen dute EAEko espetxe-ereduaren abiaraztea". Hori horrela, sailburuak esan du EAEko espetxeetan postu hutsak % 20 inguru direla, Estatuko sistemako gainerako espetxeetan bezala”. Eusko Jaurlaritzaren apustu den espetxe-eredua ezartzeko langile-premiei erantzuteko, LEP egokiaren deialdiaren aurreko lan-poltsa bat sortzeko prozesua zabaldu da, eta Artolazabalek esan du espero duela “legegintzaldi honen amaieran” errealitate bilakatu ahal izatea.
Sailburuak “erantzukizuna” eskatu die eragile guztiei, “gure espetxe-eredua aurrera eramateko eta gizarte-politikak finkatzeko urrats sendoak eman ahal izateko”. Horren harira galdetu diotenean, zenbait sindikatuk Zaballako eta Basauriko espetxeetan deitu dituzten protesta-kontzentrazioak aipatu ditu, eta esan du EAEko funtzionarioek transferitutako funtzionarioen aldean dituzten lan-baldintzek ETA banda terroristaren jardueran haien lanpostuetan ezarritako "salbuespen-egoerari" erantzuten dietela, kontuan hartuta egoera hori oraindik indarrean dagoela. Era berean, espetxe-eremuan gehiengoa duen sindikatuarekin –Acaip-UGT– lortutako akordioa nabarmendu du; haren bidez, “bi urteko aldi iragankorra finkatu zen, eredu berrira egokitzen joateko”. Gainera, jasotako kritika gehienak “espetxeez bestelako gai” batzuen ingurukoak direla salatu du, zerikusi handiagoa dutela “sindikatuen demandekin edo kontu politiko eta demagogikoekin”.
Justizia errestauratiboa
Sailburuak justizia errestauratiboa “Sailaren apustu nagusietako bat” dela aldarrikatu du; hil honetan bertan urrats irmoak ematen hasiko da. Tresna horrek, betiere biktimaren nahi eta premiak lehentasun izanik eta “ahalik eta zuhurtzia” gehienarekin, ahal den neurrian, eragindako kaltea erreparatzeko bide emango du, eta, horretarako, biktima, biktimagilea eta gizartea, oro har, inplikaraziko ditu.
Ukraina
Beatriz Artolazabalek eskerrak eman ditu “elkartasunagatik” eta “familiek Errusiak Ukrainan eginiko inbasioaren ondorioz lekualdatutako pertsonak hartzeko egin duten ahaleginagatik”, eta babes- eta asilo-politikak Espainiako Gobernuaren eskumen direla nabarmendu du.
Estatuko harrera-sistematik kanpo geratu diren pertsonak babesteko, Eusko Jaurlaritzak –esan duenez–, “borondatez jarri ditu zenbait programa eta ekimen abian, pertsona horiei ekonomikoki, sozialki eta emozionalki laguntzeko”. Berez, Estatu-mailako laguntzak “osatzeko” “autonomia-erkidego bakarra” izan da; horretarako, 15 milioi euro baino gehiagoko erreskate-funtsa baliatu du.