Zabaldu da krisi humanitarioetan lan egiten duten erakundeei zuzendutako estrategiak aurkezteko epea

2022-09-05

    • Eskaerak egiteko epea urriaren 5ean amaituko da
    • Oro har, aurten eLankidetzak 7.450.000 euro bideratuko ditu krisi humanitarioetara  

eLankidetza-Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailean dagoena, epea ireki du erakunde humanitarioek euren estrategiak aurkez ditzaten. Horretarako, 3 milioi euro bideratuko ditu bi urteko esku-hartzeetara. Ekimen horiek balioko dute alde batetik, bizitza salbatzera, sufrimendua arintzera eta gatazka eta indarkeria testuingurutan krisi humanitarioen eraginpean daude pertsonen eskubideak babesteko; eta, bestetik, erakunde humanitarioak indartzeko eta euskal gizartea sentsibilizatzeko ekintzak sortzeko.

Krisi humanitarioak handitzen ari dira eskalan, konplexutasunean eta gogortasunean. 2022an, NBEren Gai Humanitarioak Koordinatzeko Bulegoaren (OCHAren) datuen arabera, babes eta laguntza humanitarioa behar dutenen errekorra hautsi da, eta 274 milioira iritsi da. Pertsona horiek 63 herrialdetan daude, eta giza eskubideak urratzen dituzten gatazka armatuak eta indarkeria egoerak izan dira ihes egin beharraren arrazoi nagusiak.

Biztanle horiek babesteaz gain, eLankidetzaren helburuetako bat da Euskadiko zein tokiko erakunde humanitarioak sendotzea, modu eraginkorrean lagun diezaieten eta euskal herritarrak sentsibilizatzea, munduan milioika pertsonak bizi dituzten egoera larriak uler ditzaten.

Ildo horretatik, estrategiek, gehienez, 800.000 euro jaso ahalko dituzte, eta babeserako, indartzerako eta sentsibilizatzeko elementuak izan beharko dituzte. Eskaerak, urriak 5 baino lehen egin beharko dira tramitazio elektronikoaren bidez www.elankidetza.euskadi.eus edo www.euskadi.eus webguneetan.


Ekintza humanitarioa 2022an
Guztira, eLankidetzak 7.450.000 euro bideratuko ditu aurten krisi humanitarioetan dauden pertsonak artatzeko. Hala, uztailean ekintza humanitarioko lehen 14 proiektuak onartu zituen, besteak beste, Mexiko eta Amerikako Estatu Batuen artean mugan dauden nerabeak eta haur migratuak babesteko; Nigerian errefuxiatu dauden kamerundarrei eta bertako komunitateei laguntzeko, edo Saharako nerabeentzat eta palestinarrentzat elikagaiak bermatzeko.  

Laguntza horiez gain, eLankidetzak 200.000 euroko laguntza zuzena eman dio NBEko Larrialdi Kasuetarako Ekintzarako Funts Zentralari (CERF). Funts horrek, adibidez, duela gutxiko uholdeek eragindako pakistandarrak artatu ditu. Era berean, Ekialde Hurbileko Palestinako Errefuxiatuentzako NBEko Agentzia (UNRWA) 250.000 euro jaso ditu Agentziak kudeatzen dituen 702 eskoletan irakasle eta ikasle palestinarren gaitasun digitalak hobetzeko.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak