Berriak
Eu

Euskal enpresak zein hiritarrak ingurumenarekiko arduratsuagoak

2011.eko azaroak 03

Euskal herritarrek erantzukidetasun handiagoa hartu dute ingurumen inpaktuari dagokionez, eta hirukoiztu egin dira produktu berdeagoak ekoizten dituzten euskal enpresak

Euskadiko enpresa industrialen % 40k baino gehiagok beren produktuen ingurumen-inpaktua murriztera bideratutako neurriak hartu dituzte eta enpresa horien % 31k «berdetu» egin dituzte zerbitzuak. Horixe da 2011ko ekobarometro industrialean jasotako datu nagusietako bat. Ihobek, Eusko Jaurlaritzaren sozietate publikoak, egindako ekobarometro horretan, euskal industriaren ingurumen-portaera aztertzen da. Txosten horrekin batera, 2011ko ekobarometro soziala ere aurkeztu dute; bertan jasotakoaren arabera, herritarrek erantzukidetasun-sentimendu handiagoa dute, ingurumenari dagozkion arazoetan.

Eusko Jaurlaritzako ingurumen-sailburu Pilar Unzaluk eta Fernando Barrenechea Ihobeko zuzendari nagusiak gaur aurkeztu dituzte 2011ko ekobarometro industrialaren eta sozialaren ondorioak. Txosten horien xedea Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ingurumen-errealitateari pultsua hartzea eta aztertzea da, bai enpresen ikuspuntutik, bai gizarte osoarenetik. Bi txostenetan lortu diren emaitzek ibilbide-orri baliotsua eratzen dute, gero politikak eta estrategiak zehazteko, bai eta Pilar Unzaluk zuzentzen duen Ingurumen Sailaren lan-lerro nagusiak erabakitzeko ere.

«Herritarrak hasi dira ingurumen-arazoen erantzukidetasuna beren gain hartzen, eta, horrekin batera, gero eta murritzagoa da industriari egozten zaion erantzukizun-maila», adierazi zuen ingurumen-sailburuak.

Ingurumena, lehiakortasun faktorea

2011ko ekobarometro industrialaren arabera, Euskadiko enpresen % 52k irizten dio kostuak murriztea dela lehiakorrago izateko helburu garrantzitsuenetako bat. Enpresen lehiakortasuna hobetzeko ezinbestekotzat jotzen diren beste faktore batzuk honako hauek dira: produktibitatea (% 45), nazioarteko merkatu berrietara irekitzea (% 40) eta teknologia eta berrikuntza gehitzea (% 27).

Ekobarometro industrialak dioenez, ingurumen-hobekuntzarako motor garrantzizkoenak ekoizpen prozesuetan eta produktuetan eragina duen ingurumen-legedia (% 41) da, bai eta bezeroaren eta azken kontsumitzailearen ingurumen-betebeharrak ere (% 39).

Euskadiko enpresa gero eta gehiagok eskaintzen dituzte produktu eta zerbitzu «berdeagoak»; hori horrela izanik, euskal enpresen % 40k baino gehiagok dio ingurumen-hobekuntzak egin dituztela produktuetan azken hiru urteotan (aurreko ekobarometroetan baino % 28 gehiago), eta % 31k, berriz, «berdetu» egin dituzte zerbitzuak.  Ekoizpen-prozesuetako ingurumen-hobekuntzak dira, oraindik ere, garrantzizkoenak (% 55), aurreko urteetako maila bertsuan mantentzen baitira.

Ekoeraginkortasuna garrantzia hartzen ari da EAEko industrian. Enpresek % 50eko garrantzia ematen diote datozen hiru urteotarako ekoeraginkortasunari, edo, beste hitz batzuekin esanda, ekoizpen-prozesuetan lehengaiak eta energia aurrezteari, produktu berdeagoetan berrikuntzak egiteari eta bezeroen ingurumen-betebeharrei.

Azkenik, azterlanak hiru enpresa talde identifikatzen ditu, beren jarrerari eta konpromisoari esker, ingurumen hobekuntzan proaktiboenen artean leudekeenak. Zehatzago esanda, honako hauek dira: IPPC araudiak (Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legea) eragin dienak, I+G arloan inbertitzen dutenak eta, azkenik, ingurumena kudeatzeko sistema baten ziurtagiria dutenak (EMAS, ISO 14006 edo Ekoscan).

2011ko ekobarometro industriala Euskadiko industriaren ingurumen-jarrerei buruzko azterketa da, urte biz bat egiten dena eta lehen helburua enpresa munduan ingurumenak lehiakortasun faktore gisa duen pertzepzioa neurtzea duena; horrekin batera, erreminta baliotsua da enpresa horiek jaulkitzen dituzten mezuak eta eskaerak jasotzeko.  Xede horrekin, EAEko industriako 593 enpresatan egin dira elkarrizketak.

Gizarte informatua eta arduratsua, ingurumenaren ikuspegitik

Herritarrek ingurumenari buruz duten pertzepzioa aztertzen duen 2011ko ekobarometro sozialak ondorioztatu duenez, Euskadiko biztanleen % 69k informatuta edo oso informatuta ikusten du bere burua.   Hedabide tradizionalak dira -telebista, prentsa idatzia, irratia...- herritarren informazio-iturri nagusiak, nahiz eta Interneteko foro eta gizarte sareen erabilpen gero eta handiagoa nabaritzen den, 15 urtetik 44ra bitarteko herritarrengan, bereziki.

Herritarren % 85 kezkatuta edo oso kezkatuta agertzen da ingurumenarekin, eta, bizi dugun testuinguru sozio-ekonomikoa gorabehera, Euskadiko biztanleen erdiak ingurumen-politikak indartzearen alde daude, etorkizunerako aukera ekonomiko gisa ere ikusten baitituzte.

Klima-aldaketa da EAEko herritarrak gehien kezkatzen dituen ingurumen-arazoa. Populazioaren % 63 kezkatuta edo dezente kezkatuta dago arazo horrek EAEn izan dezakeen eraginaz. Datu horren aurrez aurre, herritarren lautatik batek dio klima-aldaketak sinesgarritasun eskasa edo hutsekoa duela.  Arazo horri buruz herritarrek duten kontzientzia-maila oso esanguratsua da, hamar herritarretik zazpik uste baitute beren jokabidea lagungarri izan daitekeela klima-aldaketaren eraginak arintzeko eta hamar lagunetatik zortzi prest leudeke, xede horretarako, ohiturak aldatzeko.

Txostenaren arabera, ingurumen-egoeraren hobekuntza argia nabari dute herritarrek; hala udalerrian (% 62), hala EAE osoan (% 56). Aldiz, munduko ingurumen-egoerari dagokionez, okerrera egin duela iritzi dio jendeak (% 42). Herritarren % 72k, bestalde, adierazi dute ahalegina egiten dutela ingurumena babesteko, baina % 20k bestek ez du uste ahalegin horiek emaitza positiboa dutenik.

Txostenean adierazten den joera garrantzitsuenetako bat da herritarrak hasita daudela, neurri handiagoan, ingurumen arazoetan duten erantzukidetasuna beren gain hartzen eta, teorian behintzat, prestasun handia agertzen dute ingurumena babesteko zenbait ekintza garatzeko; adibidez, hondakinak gaika sailkatzeko (% 74) eta garraio publikoa erabiltzeko (% 64).

Joera horrekin batera, ingurumen-arloan industriari egozten zaion erantzukizun-maila pixkanaka jaisten ari da, nahiz eta, oraindik, herritarren erdiek baino gehiagok uste duten (% 53) ingurumen-arazoen eragile nagusia industria sektorea dela. Aipatzekoa da, nolanahi ere, % 10 gutxitu dela datu hori, txosten honek berak 2008an argitaratutako datuekin alderatuta.

Bestalde, garraio bitartekoak dira, herritarren % 18ren iritzian, gure gizartean ingurumen-arazo gehien eragiten duten eragile garrantzizkoenetakoak.

Azkenik, herritarren parte oso garrantzitsu batek uste du ez dela nahikoa egiten ari EAEn ingurumen-politiken arloan. Ildo horretan, egungo egoera ekonomikoa gorabehera, hamar herritarretatik ia zortzik uste dute politikariek ekonomia- edo gizarte-politikei hainbateko garrantzia eman behar lioketela ingurumenari eta, inkestatuen ia erdien iritziz, ingurumen-politikak indartu behar lirateke, lehentasunezkoak direlako eta aukera ekonomikoa eskaintzen dutelako etorkizunari begira.

Ekobarometro soziala lau urtetik behin egiten da, eta Euskadiko herritarren premiak aztertzen ditu, ingurumen-errealitatea hizpide hartuta. Txosten horrek oso informazio baliotsua eskaintzen du, herritarrek kezkagarrien jotzen dituzten ingurumen-arazoei buruzko balorazioa eta postura ezagutzeko bidea ematen baitu. Hona zein diren arazo horiek: Klima-aldaketa, hondamendiak -naturalak edo gizakiak eraginak-, kutsadura edota ingurumenaren kontserbazioa, oro har. Ekobarometro soziala 2010eko azaroan eta abenduan zehaztu zen, EAEn bizi ziren 15 urte edo hortik gorako 2.004 pertsonari egindako elkarrizketetan oinarrituta.

2 iruzkin
  • @eocenico
    2011.eko azaroak 03

    Comentario de Twitter:
    Vía @rgpozo @irekia Ciudadanos y empresas vascas, más responsables con el medio ambiente http://t.co/6pOrEfEN

  • @rgpozo
    2011.eko azaroak 03

    Comentario de Twitter:
    Ciudadanos y empresas vascas, mas responsables con el medio ambiente http://t.co/YnyRNLSy

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
  • Pilar Unzalu
    Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua (IX legealdia)