Berriak Herrizaingoa
Eu

Aresek genero indarkeriaren aurkako «buru» izateko eskatu die hedabideei, ETAren aurka egin zuten bezala

2011.eko azaroak 03

Hainbat kazetari eta aditu genero indarkeriako kasuei ematen zaien tratamendu informatiboa ari dira aztertzen, azaroaren 3an, ostegunean, eta 4n, ostiralean, Euskalduna Jauregian egiten ari diren Genero Indarkeria & Komunikabideak jardunaldietan

Komunikabideen lana «ezinbestekoa» izan da genero indarkeriaren fenomenoa azalarazteko, hamarkadetan esparru pribatuan ezkutatuta egon baitzen. Orain, hedabideek daukaten funtzio sozializatzailea «erabakigarria» da, gaur egun ere Euskadin ehunka emakumek sufritzen duten indarkeria matxista behin betiko deuseztatzeko. Hauxe izan da gaur goizean, Euskalduna Jauregian azaroaren 3an, ostegunean, eta 4an, ostiralean, egiten ari diren Genero Indarkeria & Komunikabideak jardunaldietako lehen saioan atera duten ondorioetako bat. Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak behin eta berriro azpimarratu du genero indarkeriaren aurkako borrokak «lehentasuna» daukala Eusko Jaurlaritzarentzat, terrorismoarekin gertatu den bezala, duela bi aste ETAk bere jarduera terrorista guztiak «behingoz» bukatutzat ematen zituela iragarri eta gero. «Helburu hau betetzeko komunikabideen rola ezinbestekoa izan zen. Orain, espero dugu komunikabideen lana genero indarkeriaren aurkako buruan egotea», gaineratu du.

Mariola Serrano Eusko Jaurlaritzako Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko zuzendariak gogorarazi du biztanleen % 87 komunikabideen bitartez daukala genero indarkeriaren berri; argi dago, bada, gaitz honen aurkako borrokan prentsaren rolak duen garrantzia. Serranok hedabideei galdegin die «morboa atzean» uzteko eta «biktimarenganako enpatia» agertzeko; era berean, gizonezkoek hildako emakumeen heriotza kasuak genero indarkeriaren fenomenoarekin lotzeko eskatu die, gertaera bakanak balira bezala hartu beharrean. «Komunikabideek objetiboki informatu behar dute, baina ez era neutralean», nabarmendu du Serranok. Bere ustez, «garrantzitsua da hedabideek genero indarkeriaren desagerraraztean lan egitea». Horretarako, ezinbestekoa da komunikabideetan hainbat erabaki hartzea, esate beterako, kode deontologikoak sortzea eta kazetariei genero indarkeriako gaien inguruko prestakuntza ematea.

Genero Indarkeria & Komunikabideak jardunaldietako lehen egun honetan, Miguel Lorente Genero Indarkeriaren Gobernuko delegatuak, Maria Silvestre Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak, Alberto Surio EITBko zuzendariak eta Montserrat Boix Mujeres en Red/ El Periódico Feminista-ko sortzaileak hartu dute parte.

Jardunaldiok gaur arratsaldean eta bihar, ostiralean, streaming bidez jarraitzeko aukera dago Irekiaren bidez.

 

Genero indarkeriaren biktimak diren emakumeei arreta telefonikoko zerbitzua: 900 840 111 ? 016

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)