Elkarlan Sariak
Berriak Ekonomiaren Garapena, Jasangarritasuna eta Ingurumena
qrcode

Euskadik Kontingentzia Energetikoaren Plana aurkeztu du, eragile guztien ekarpeneekin osatuta eta hobetuta

2022-09-01
  • Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak, Energiaren Euskal Erakundeko (EEE) zuzendari nagusi Iñigo Ansolarekin batera, Euskadiko Energia Kontingentzia Planaren bigarren bertsioaren xehetasunak eman ditu prentsaurrekoan
  • Dokumentuak eragile publiko eta pribatuen ekarpenak jasotzen ditu, eta Trantsizio Ekologikoko Ministeriora bidali da, energia sortzeari eta eskariari, sare elektrikoei edo gas-sistemari buruzko neurriekin
  • Gainera, euskal administrazio publiko osoari aplikatzeko jarraibide bat borondatez onartzeko konpromisoa jasotzen da. Jarraibide horretan kasuistika berriak sartu dira klimatizazioan, termostatoan, argiztapenean, elektrizitatearen kontsumo-tresnetan, ur eta hondakinetan, isolamenduan, kontsumo-kontrolean, autokontsumo berriztagarrian, mugikortasun jasangarrian eta sentsibilizazioan eta informazioan
  • Udalen eta tokiko erakunde txikien kasuan, EEEk tutoretza-zerbitzu berria aktibatu du diruz lagundutako energia-auditoriak diseinatzeko, eta enpresentzat ere proposatu da

Eusko Jaurlaritzak Kontingentzia Energetikoaren Planaren bertsio berri bat egin du, Europar Batasunaren esparruan eta Europak bizi duen energia-alertaren testuinguruan gasaren eta energiaren kontsumoa murrizten laguntzeko adostutako helburuarekin.

Dokumentu horrek indarrean eta malgu jarraitzen du, eta administrazioaren, enpresen eta herritarren zutabeei eusten die, Eusko Jaurlaritzako sail guztiek, foru-aldundiek, Eudelek, talde politikoek, klusterrek eta enpresa-elkarteek egindako ekarpenekin.

Dokumentuak berehala jarduteko beharrei erantzuten die indarrean dauden hogei bat programa eta tresna indartzearen bidez, eta, era berean, epe ertain eta luzean jarduteko estrategia definitzen du, erakundeen inplikazioa behar duten egitura-neurriekin eta ekonomiaren deskarbonizazioaren aurrerabidean eragina izango duten 30 proiektu estrategiko zehaztearen bidez.

Kontingentzia Planak Europako erabakiei adi egoteko, Estatuaren eskumeneko neurriak abiarazteko eta Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan erabakitasunez jarduteko beharra aitortzen du.

Planaren helburua lortzeko jarduketa-esparruak energia-efizientzia, energia berriztagarri eta alternatiboen sorkuntza, ekonomia zirkularra eta hondakinen kudeaketa izango dira. Horretarako, herritarrei informazioa zabaltzearen eta herritarrak sentsibilizatzearen garrantzia azpimarratuko da eta informazioa areagotuko da.

Planaren bertsio berriaren berritasunak

Arau-ikuspegitik, lehen bertsioan jasotako erreferentziez gain, Euskadik epe ertainean energia berriztagarriak sortzearen alde egin duen apustuak izapidetzen ari den Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala eta etorkizuneko Energia Trantsizioaren eta Klima Aldaketaren Legea (haren zirriborroa aurki igorriko zaio Gobernu Kontseiluari) hartzen ditu bere gain epe ertaineko erreferentziazko araudi gisa.

Administrazio publikoentzako instrukzio eguneratua

Euskal administrazio publiko osoan aplikatu beharreko instrukzio bat borondatez bere gain hartzeko konpromisoa jasotzen da, aurreko astean Kongresuak balidatutako abuztuaren 1eko Errege Lege Dekretuan adierazitakotik haratago. 

Instrukzio horrek 2019ko Jasangarritasun Energetikoaren Legea erreferentziatzat hartzen jarraitzen du, eta, bertan, hainbat kasuistika eta iradokizun gaineratu dira honako arlo hauetan: klimatizazioa, termostatoa, argiztapena, elektrizitatea kontsumitzen duten tresnak, ura eta hondakinak, isolamendua, kontsumoen kontrola, autokontsumo berriztagarria, mugikortasun jasangarria, sentsibilizazioa eta informazioa.

Irailean, Jasangarritasun Energetikoaren Talde Instituzionala biltzeko deialdia egingo da, instrukzioaren bertsioa berresteko eta hura artikulatzea eta indarrean jartzea erabakitzeko. Nolanahi ere, administrazioek irailaren 1etik aurrera lanean hasteko beharrezkoak diren neurriak eta erabakiak aurreratu ahal izango dituzte.  (ikus Planaren II. Eranskina)

Udalen eta toki-erakunde txikien kasuan, tutoretza-zerbitzu berria aktibatuko da, diruz lagundutako energia-auditoretzak diseinatu eta Energiaren Euskal Erakundearen finantzaketa biguna jasoko duten ekintzak gauzatu ahal izateko.

Enpresentzako programak eta ekimen berriak indartzea

Enpresei lotutako neurri propioei buruzko eranskinari dagokionez, adostasuna dago kontingentzietarako babesik onena dauden programak eta tresnak indartzea dela adieraztean. Hala ere, auditoriak egiteko eta aurreztera bideratutako neurri “zuzentzaileak” aplikatzeko laguntza handiagoa eskatzen da enpresa txiki eta ertainentzat.

III. Eranskinean jasotako indarreko programez gain, ekimen berriak aztertzen dira:

  • Sektore ekonomiko guztietako ETE eta mikroETEentzako aholkularitza eta laguntza espezifikoak abiaraztea proposatzen da (udalentzat diseinatutako ekimenaren ildotik)
  • Salgaien trenbideko garraioa sustatzea
  • Eusko Jaurlaritzak ibilgailu jasangarriak eskuratzeko eman ditzakeen laguntzei buruzko informazioa neurri handiagoan helaraztea (adibidez, MOVES III programa)
  • Salgaien errepideko garraioko flotak modernizatzeko laguntza-programa baten aukera ebaluatzea
  • Enpresetako teilatuak eguzki-plakak instalatzeko baliatzea

Euskadiko eskumen-esparrutik kanpo har daitezkeen neurriak

Enpresa txiki eta ertainetan jarduteaz gain, alerta edo aurrelarrialdiko egoera dela eta, enpresa-jarduera intentsiboan (eta, bereziki, industria-jardueran) eragina izango duten garrantzi handiagoko neurriak hartu behar dira.

Hori dela eta, eranskin berri bat (VI. Eranskina) gaineratu da. Bertan, Trantsizio Ekologiko eta Erronka Demografikoko Ministerioari klusterrek eta elektrizitate- eta gas-enpresa intentsiboek eskatutako hamar bat neurri hartzea iradokitzen zaio, energia-kostu handiak direla eta bizi dituzten zailtasunak nabarmen arindu ahal izateko.

Eskariari lotutako neurriak (etengarritasun-mekanismoari lotutakoak), sare elektrikoei lotutako neurriak (lineak tentsioarekin mantentzea, adibidez), energiaren sorkuntzari lotutako neurriak (kogenerazioari lotutakoak) eta gas-sistemari lotutako neurriak (programatutako gas natural likidotuaren kargamentuak iristea eta gas berriztagarriak sartzea, adibidez).

Abian jarriz gero Estatuko industria osorako onuragarriak izango liratekeen neurritzat hartzen dira.

Energiaren Euskal Erakundearen partaidetza duten etorkizuneko proiektu estrategikoen zerrenda zabaldu da

Dokumentuaren berrikuspenari esker, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak zabaldu egin du energia garbiak (hala nola biogasa, biometanoa, biomasa, hidrogenoa, energia fotovoltaikoa eta geotermia) sortzeko apustuan kontuan hartu beharreko 30 ekimen garrantzitsuen zerrenda. 

Familia eta kolektibo kalteberak

Kontsumoa murriztera bideratutako kontingentzia energetikoaren planak, jakina, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak abiarazitako mekanismoen bidez pertsona eta familiarik kalteberenentzako laguntza areagotzeko konpromisoa jasotzen du.

Sentsibilizazioa eta informazioa

Azkenik, planak informazio- eta sentsibilizazio-ekintzak indartzearen garrantzia azpimarratzen du. Horretarako, Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Idazkaritza Nagusiaren lankidetza baliatuko da.

Ildo horretan, Euskal Irrati Telebista Publikoak, EITBk, konpromisoa hartzen du Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan aritzeko, langileentzako kontzientziazio-, dibulgazio- eta prestakuntza- eta informazio-kanpainen bidez, eta EKIN KLIMA estrategia areagotzeko, herritarrei zuzendutako kanpainekin.

 

 

4 iruzkin
  • Argazkia JAVIER MARTÍNEZ VADILLO
    2022-09-09

    guzkiaren bero handiagoa aprobetxatzea praktika komunitarioetarako, frijiketa posibleetatik hasi eta komunitate ezberdinetako ura kolektiboki berotzeko arte, dutxa bateko ura berotzeko energia gutxiago gastatzea, adibidez ur hotzarekin dutxatu ezin denean. Beste aparatu batzuetarako ere, birzirkulazio-sistema duten ur beroak erabili ur grisak beste erabilera batzuetarako, hala nola komunontzia, berrerabiltzen saiatu aurretik. Giro sargoritsuetan soberan dagoen hezetasuna berreskuratzen saiatuz.

  • Argazkia JAVIER MARTÍNEZ VADILLO
    2022-09-09

    Aprovechar más calor del sol para prácticas comunitarias, desde posibles frituras hasta para calentar colectivamente el agua de distintas Comunidades suponga gastar menos energía para calentar el agua de una ducha por ejemplo cuando no se pueda duchar con agua fría. Incluso para otros aparatos utilicen agua caliente con sistema de recirculación aprovechar las aguas grises para otros usos como pueda ser el inodoro antes de tratar de reutilizarlas. Tratando de recuperar la humedad sobrante en ambientes bochornosos.

  • Argazkia JAVIER MARTÍNEZ VADILLO
    2022-09-03

    Era berean, alokairuko edo elkarlaneko trukeko sare bat badago, tresnak eta makinak eduki egiten dira eta ez dira erabiltzen errendimendua emanez, eta zaharkituta geratzen dira. Horrek beste bat erosteak eragina du, eta hurbileko auzotasunak plataforma alokatzeko aukera ematen du. Fiskalari kontuak emanez, mugimendu ekonomikoak sortzen dira eta alokairu-trukea ziurtatzeko aukera dago.

  • Argazkia JAVIER MARTÍNEZ VADILLO
    2022-09-03

    Pensar también si cabe una red de alquiler o intercambio colaborativo aparatos y máquinas se tienen y no se usan dando rendimiento se hacen obsoletas y supone impacto comprar una nueva teniendo la vecindad próxima posibilidad alquilarla plataforma. Rindiendo cuentas al fisco movimientos económicos se generen y con la posibilidad de asegurar el intercambio alquiler.

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)