Berritze programa psikosozialak 600 pertsona baino gehiago artatu ditu abian jarri zenetik

2022-08-31
  • Horietatik 276 babes-estatutua zuten Ukrainako pertsonak ziren, eta beste 326 harrera-pertsonak
  • Berritze programak orientazioa, aholkularitza eta laguntza emozionala eskaintzen ditu, eremu psikohezitzaileen edo elkarri entzuteko eta laguntzeko guneen bidez, egokitzapenean eta bizikidetzan lagun eginez, Ukrainako adingabeei laguntza psikologikoa emanez edo taldeko aisia terapeutikoko jarduerak eginez
  • Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politika Sailak bultzatuta, ekainaren 1ean jarri zen martxan
  • Jarduera terapeutiko eta konpontzaile berriak egingo dira datorren asteetan EAEko lurraldeetan udan zehar egindakoei gehituta. Gaur bertan bisita gidatua egin da Gasteizko alde zaharrera

 

Gasteiz, 2022/08/31

Ekainaren 1az geroztik, Berritze arreta psikosozialeko programak 602 pertsonari eman die arreta; horietatik 276 babes-estatutua zuten pertsonak ziren, eta beste 326 harrera-pertsonak.

Programa hori 2022ko apirilaren 27ko Errefuxiatuen Harrerarako Mahaian onartu zen, eta bertan erabaki zen, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren bidez, gerraren ondorio ekonomiko eta sozialei aurre egiteko presazko neurriak hartzea.

Errusiako inbasioaren ondorioz Ukrainatik alde egin behar izan duten pertsonei eta harrerako euskal familiei laguntza emozionala, aholkua eta orientazioa ematea du helburu ekimen honek.

Psikologiako profesional-talde handi batek, “pertsonen banakako indarguneak sustatu eta finkatzeko lan egiten du, baliabide erresilienteak ager daitezen”. Era berean, “gerraren esperientzia traumatikoak eragindako zauri emozionalak sendatzea, zaintzan eta ongizatean oinarritutako esperientzia positiboen eta konpontzaileen bidez” bilatzen dute, bai eta “elkarrekiko ulermen komunitarioa erraztea, kultura-errealitate desberdinen arteko topaketa eta harremana sustatuz”, zehaztu dute bertako zerbitzutik. 

Horretarako, Berritze programak hainbat aukera eskaintzen ditu, pertsona edo familia-talde bakoitzak adierazitako beharren arabera, hala nola, gune psikohezitzaileak edo elkarri entzuteko eta laguntzeko guneak; orientaziorako eta aholkularitzarako guneak; hainbat familia bizi diren etxeetan egokitzeko eta elkarrekin bizitzeko laguntza; Ukrainako adingabeak baloratzeko eta haiei laguntza psikologikoa emateko prozesuak edo aisia terapeutikoko talde-jarduerak.

Lan horren erakusgarri dira EAEko lurraldeetan udan egin diren topaketak.

Araban egin diren kulturaz haraindiko jardueren artean, honako hauek aipa daitezke: Santa Maria Katedrala bisitatzea, dantza-saioa Jare Dantza Taldearen eskutik, kulturarteko sukaldaritza-tailerra edo Gasteizko alde zaharra bisitaldi gidatua gaur goizean bertan.

Era berean, Bizkaiko Lurralde Historikoan hainbat jarduera programatu dira, eta arreta berezia jarri zaie haur eta nerabeei zuzendurikoei; esaterako, uztailaren 29an Ukrainako gazteei Bilbo eta bere txoko historikoak hobeto ezagutzeko aukera eman zien irteera. Edo Inpresionistak erakusketara egindako bisita, uztailaren 3an Euskalduna Jauregian beste parte-hartzaile talde batek hartaz gozatu baitzuen, murgiltze-esperientzia emozional batetik artearekin harremanetan jartzeko.

Gipuzkoan, berriz, hainbat jarduera egin dira familia hartzaileentzako orientazio eta aholkularitza taldeen inguruan. Horrela, harrera-prozesuan bizi diren esperientzia pertsonalei buruz hausnartzeko, ulertzeko eta ikasteko gune partekatu bat sortzea lortzen da.

Datozen asteetan, hiru lurralde historikoek proposamen terapeutiko eta konpontzaileak jasotzen jarraituko dute, hala nola Ukrainako emakumeei eta adingabeei zuzendutako talde-espazioak, Araban loturak egiteko asmoa dutenak; Bizkaian Ukrainako amekin, adin txikikoekin eta familia hartzaileekin lan egiteko sortuko diren laguntza-taldeak, neskak, mutilak eta nerabeak ikastetxeetara sartzeko; edo Ukrainako Fundazioan jarriko den talde-jarduera.

Berritzeko profesional-taldearen hitzetan, “talde-espazioak gehien eskatzen den aukera gisa finkatzen ari dira; izan ere, horietan kezka komunak partekatzen dituzte, euskarri naturaleko sarea zabaltzen dute eta partaide izateko eta elkarri laguntzeko sentimenduak garatzen dituzte”.

Jarduera horietako asko, gainera, “Ukrainako errefuxiatuei harrera eta laguntza emateko beste erakunde batzuekin egindako lankidetzari esker gauzatu ahal izan dira”.

Programa honek “egoera ahul eta zailean dauden pertsonei laguntzeko aukera ematen du”, ondorioztatu dute. 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak