Berriak Lana eta Enplegua
qrcode

Gobernu Kontseiluak Lanbideren estatutuak aldatzea onartu du, Prestazioen eta Inklusioaren Zuzendaritza indartzeko (Gobernu Kontseilua 2022-08-30)

2022-08-30
  • DSBE eta BGDS gizarteratzeko eta laneratzeko ibilbideekin lotzen dira

Jaurlaritzaren Kontseiluak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Estatutuak aldatzea onartu du gaur, Prestazioen Zuzendaritza indartzeko eta DSBE eta BGDS gizarteratzeko eta laneratzeko ibilbideekin lotzeko. Idoia Mendia lehendakariordeak eta Lan eta Enpleguko sailburuak proposatuta, aldaketa hori Lanbide Hobetzen proiektuaren barruan sartzen da. Proiektu horrek herritarrei arreta emateko zerbitzuen eredu berri baten oinarriak ezartzen ditu. Eredu horrek pertsonen ezaugarrien eta premien diagnostiko egokia du oinarri, eta, horren ondorioz, zerbitzu eta ibilbide pertsonalizatu eta dibertsifikatuak definitzen ditu, enplegagarritasun-mailaren eta enplegura arteko distantziaren arabera.

Aldaketa horren bidez, Prestazio eta Gizarteratze Zuzendaritzari gizarteratzearen arloko berariazko eginkizunak eman nahi zaizkio, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta eta Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera prestazioak gizarteratzeko eta laneratzeko programa eta neurriekin lotuz. Programa horien helburua da lan egiteko moduan egonik lan-merkatutik urrunen dauden pertsonen gizarteratzea eta enplegagarritasuna sustatzea. 

Zehazki, eginkizun berriak esleitzen zaizkio Prestazio eta Gizarteratze Zuzendaritzari, hala nola: gizarteratze aktiborako hitzarmenak sinatzea; baztertuta geratzeko arriskuan dauden pertsonen eta desgaitasunen bat duten pertsonen gizarteratzea eta laneratzea eta enplegagarritasuna errazteko tresna eta programa espezifikoak kudeatzea; intentsitate handiko laguntza eta enplegagarritasuna hobetzeko laguntza espezifikoa behar duten pertsonak gizarteratzeko eta laneratzeko ibilbideetan buru izatea; eta Laneratzeko Enpresen Erregistroa eta Enplegu Zentro Berezien Euskal Erregistroa zuzentzea eta kudeatzea.

Hau da Lanbideren estatutuetan egiten den bigarren aldaketa. Lehenengoa 2021eko ekainean egin zen, aurreko Enplegurako Prestakuntzako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Zuzendaritza bi eremu espezializatu desberdinetan banatzeko beste dekretu bat onartu zenean. Hala, Enplegurako Lanbide Heziketako Zuzendaritza eta Prestazioen eta Inklusioaren Zuzendaritza sortu ziren. Horrela, prestazioak kudeatzeko unitate espezifiko bat sortu zen, eta, gainera, Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarreraren errealitatea sartu zen. Prestazio hori joan den apirilean transferitu zitzaion EAEri, eta Lanbidek kudeatzen du.

 

 

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko