Berriak Lehendakaritza

Lehendakariak baieztatu du Euskadin erronka berriei oinarri sendoekin aurre egingo diegula

2022-08-30
  •  Urkulluk hiru lehentasun nabarmendu ditu, hiru aukera bihur daitezkeenak: energia, 2023ko aurrekontua eta autogobernua
  • Eusko Jaurlaritzak lanean jarraituko du autogobernu aitortua lortzeko, “uste dut, borondatea egonez gero, legealdi honetan akordioa posible dela”

Eusko Jaurlaritzak Miramar Jauregian egin ohi duen bileraren ondoren, Iñigo Urkullu lehendakariak agerraldia egin du komunikabideen aurrean, ikasturte politikoko lehenengo Gobernu Kontseiluan landutako gaien berri emateko. Besteak beste, egoera sozio-ekonomikoa, energiaren prezioa eta inflazioa, autogobernuaren egoera eta zerbitzu publikoen egoera aztertu dituzte, bereziki Osasuna, Hezkuntza eta Gizarte Babesa.

Lehendakariak aurreratu du udazkena eta negua oso zailak izango direla, baina Euskadin erronka berriei oinarri sendoekin aurre egingo zaiela ziurtatu du, eta erronka horiek aukera bihurtzearen alde agertu da.

Nahiz eta inflazioa % 10ean mantentzen den, elikagaien eta energiaren prezio-igoerekin, bereziki erregaien, elektrizitatearen eta gasaren prezioekin, interes-tasak igo egin diren eta oinarrizko materialen hornidura-kateek ere eragina izan duten, Lehendakariak ekonomiaren eta enpleguaren bilakaera positiboa nabarmendu du. Hala ere, nazioarteko testuinguruaren mehatxuak nabariak direla eta enpresa askok zailtasunak dituztela adierazi du. “Europako egoera, diruaren prezioa eta energiaren mugak ezagututa, zuhurtzia mantendu behar dugu. Hala ere, orain arteko emaitzek hobekuntzaranzko bilakaera erakusten dute”, adierazi du.

“Hauxe da ikasturte berri honen eszenatokia. Ekaitza gainditu behar dugu berriro. Oinarri sendoak ditugu. Etxeko lanak egin ditugu eta ekintza horretatik erantzun dugu”, azpimarratu du.

Hori horrela, Lehendakariak hiru lehentasun nabarmendu ditu, hiru aukera bihur daitezkeenak: energia, 2023ko aurrekontua eta autogobernua.

Energia

Ukrainako inbasioak bizkortu duen krisi energetikoari dagokionez, Lehendakariak krisi energetiko hau Euskadin trantsizio energetikoa bultzatzeko aukera bihurtzearen alde egin du. Ildo horretan, kontingentzia energetikoaren planaren aurrerapena aipatu du. Plan horrek inbertsio-neurriak, zerga-sistema, araudi berria, zuzeneko laguntzak eta ohitura-aldaketak jasotzen ditu. Planak hiru lehentasun nabarmentzen ditu: eraginkortasun energetikoa, energia berriztagarriak eta mugikortasun iraunkorra. Giza Garapen Iraunkorraren euskal eredua garatzen du eta Agenda 2030en helburuak betetzeko konpromisoarekin bat dator.

Era berean, Urkulluk gogorarazi du euskal erakundeek hasieratik hartu dituztela neurriak egoera horri aurre egiteko.

2030eko aurrekontua

Etorkizunari buruzko ziurgabetasun egoera mantentzen den arren, ekonomiaren bilakaera gertutik jarraitzera behartzen duena, egungo egoera eta diru-bilketaren aurreikuspenak positiboak dira, Urkulluk azaldu duenez. “Errealitate horrek adierazten digu, aurreikusitako gastu eta diru-sarreren kudeaketako tentsioekin ere, planteatutako erronkei aurre egiteko eta politika publikoen hobekuntzari erantzuteko gai izango diren aurrekontuak izateko lanean ari gara», azpimarratu du.

Hala, Legebiltzarreko talde guztiek akordiorako duten aukera handia nabarmendu du, hiru lehentasuni erantzuteko: funtsezko zerbitzuak indartzea, enplegua eta suspertze ekonomikoa bultzatzea eta Ikerketa eta garapen teknologikoko inbertsioa handitzea.

Autogobernu gehiago eta hobea

Gobernu Kontseiluaren lehen bileran, autogobernuaren gaia ere landu da, eta, Lehendakariak ez du bere kezka ezkutatu. Lehenik eta behin, Konstituzio Auzitegian ebazteke dauden eta ireki diren prozesuengatik. «Une honetan zortzi prozesu irekita ditugu, eta lau eskumen-gai negoziatzen ari dira Aldebiko Lankidetza Batzordean», zehaztu du. Estatutua osorik betetzeari dagokionez, Urkulluk esan du ez dagoela aurrerapen nabarmenik.

Une honetan, Estatuak 2020ko urrian bidalitako kronogramari dagozkion sei gai daude mahai gainean, eta gai bakar batean ireki da elkarrizketa, akordio batean aurrera egin ahal izateko. Beste bost gaietan Eusko Jaurlaritzak akordio-proposamenak igorri ditu, baina Estatuak ez du aldebiko lantalderik deitu. Gainera, kasu batzuetan, Estatuak bideragarritasunari eta indarrean dagoen esparru juridikora egokitzeari buruzko aurretiazko azterketa egiteko asmoa azaldu du.

“Jarrera horrek, antza, zalantzan jartzen du Gernikako Estatutuaren egokitzapen konstituzionala, egindako proposamen bakoitzaren oinarria Euskadik Estatutuaren arabera duen eskumen bat denean”, adierazi du Lehendakariak, eta autogobernu aitortua lortzeko helburuan lanean jarraituko dela ziurtatu du, “Jaurlaritzaren eta euskal gizartearen lehentasun bat izanik”. ”Oraindik ere pentsatzen dut legealdi honetan akordioa posible dela”, azpimarratu du.

Zerbitzu publikoak

Bestalde, zerbitzu publikoen egoeraren balantzea egin da.

Osasun-egoerari dagokionez, Iñigo Urkulluk gogorarazi du pandemian jarraitzen dugula, baina Covid-aren eragina ia laurdenera jaitsi dela aurreko urtearekin alderatuta. "Udan zehar, Osasun Zentroen eta Ospitaleen zerbitzua normaltasunez eskaini da", adierazi du.

Hezkuntzan, ikasturte berria aurreko ikasturtearen hasieran baino lasaiago hastea aurreikusten da, Lehendakariaren arabera, “hala ere,  baliabide gehigarriak mantendu egingo ditugu. Baliabide horiek hezkuntzaren kalitatea eta berrikuntza hobetzera bideratuko ditugu”. Era berean, hezkuntza-hitzarmen bat aipatu du, hezkuntza-komunitate osoarekin lantzen ari dena, eta espero da irailean onartuko dela lege-asmoaren lehen proposamena.

Politika sozialei dagokienez, inflazioaren eta energiaren kostuaren bilakaera aztertu da, eta lankidetza publiko-pribatuko sarea indartzen jarraituko da,” inor atzean utzi gabe, beti bezala”.

Egoeraren zailtasunak eta ziurgabetasunak partekatu dituzte gaurko Miramar-eko Gobernu Kontseiluan.  Horrekin batera, Gobernu Programaren betetze mailaren jarraipena egiteko aukera izan dute.

2 iruzkin
  • 2022-08-31

    Gaitasun on bat herritarren artean daukagunaren eta ordezkatzen dugunaren funtzionamendu ezin hobea da, eta zalantzak egon daitezke.

  • 2022-08-31

    Una buena competencia se entiende un funcionamiento inmejorable de lo que se tiene y representa y puede haber dudas entre alguna ciudadanía

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak