Elkarlan Sariak
Berriak Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politikak
qrcode

Elankidetzak 2,8 milioi eurorekin 14 proiektu humanitario babestuko ditu gatazketan eta indarkeria egoeretan

2022-08-19
  • Proiektuek lekualdatutako edo errefuxiatutako biztanleen behar humanitarioei erantzungo diete
  • eLankidetzak 7 milioi euro bideratuko ditu aurten ekintza humanitarioko estrategia eta proiektuetara

 

Vitoria-Gasteiz, 2021/08/19

Laguntza Humanitarioaren Nazioarteko Egunean, eLankidetza-Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politika Saileko parte dena, 2,8 milioi euro bideratuko ditu mundu osoko gatazka edo indarkeria testuinguruetan krisi humanitarioak jotako pertsonak babesteko  14 proiektuetara. Artatuko diren ia krisi guztiak Europar Batasuneko krisi ahaztuen 2021eko azken zerrendan daude.

2021eko amaieran, Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandataritzaren (UNHCR) arabera, 89,3 milioi pertsona baino gehiagok etxetik alde egin behar izan zuten gerraren, gatazken, jazarpenen, indarkeriaren eta giza eskubideen urraketen ondorioz, aurreko urtean baino % 8 gehiago. Ukrainako gerraren eta beste larrialdi batzuen ondorioz, 2022an 100 milioi pertsona baino gehiago daude. Pertsona horietako gehienek, gainera, pobretutako herrialdeetara ihes egin dute.  

Euskal zein tokiko erakundeek egiten duten lanari esker, Justizia eta Gizarte Politiketako Saileko eLankidetzak, ekintza humanitarioko 14 proiektu babestuko ditu Mexikon, Venezuelan, Kolonbian, Afrikako Aintzira Handietan, Sahelen edo Ekialde Hurbilean, besteak beste. Ekimen horietako batzuk honako hauek izango dira: Mexikok Estatu Batuekin duen mugan dauden haur eta nerabe migratzaileek artatzen dituzten aterpetxeei laguntzea; Venezuelako krisiaren ondorioz lekualdatutako pertsonen beharrei erantzutea; palestinar biztanleen oinarrizko elikadura eta osasunerako sarbidea bermatzea, eta Kolonbian indarkeriaren ondorioz desplazatutako komunitate indigena emberei laguntzea.

Babestutako zazpi proiektu, gainera, Afrikan gauzatuko dira, eta lehenengo kontzesioaren % 46,67 izango da. Horietatik, hiruk balioko dute kalitatezko osasun zerbitzuak eta sexu eta ugalketa eskubideak bermatzeko Kongoko Errepublika Demokratikoan barne desplazatutako herritarrei, Ugandan dauden Kongoko errefuxiatuei eta Nigerian dauden Kamerungo iheslariei zein harrera komunitateei. Era berean, laguntzak emango dira Saharako haur errefuxiatuak elikatzeko, Tanzanian iheslari diren burundar eta kongoarren ongizatea hobetzeko, Txadeko errefuxiatuei osasunerako sarbidea errazteko eta Maliko krisi humanitarioan dauden adingabeei hezkuntza segurua emateko. 

Ekintza humanitarioko proiektuetarako laguntzen deialdiak irekita jarraituko du funtsak agortu arte. eLankidetzak beste 2 milioi bideratuko ditu krisi humanitarioak jotako pertsonak babestera; ekimen horiek urtebete irauten dute eta premia duten eremuetan gauzatzen dira. 

Udara ostean, laguntza gehiago

Uda ondoren, gainera, eLankidetzak ekintza humanitarioko estrategiak babesteko 3 milioi euroko dirulaguntzetarako deialdia irekiko du, beharrak dituzten eremuetan laguntza emateko. Bi urterako esku-hartzeak dira, eta krisi humanitarioak eragindako pertsonak babesteko ekintzez gain, erakunde humanitarioak indartzera eta euskal herritarrak sentsibilizatzera bideratuta daude.

Azkenengo laguntza hori aintzat hartuta, aurten, eLankidetzak 7 milioi bideratuko ditu guztira ekintza humanitarioko estrategiak eta proiektuak babestera, premia duten eremuetan laguntza hobetzeko.

Dirulaguntzez gain, eLankidetzak erakunde humanitarioak indartzeko eta haien praktikak hobetzeko lanean dihardu. Maiatzean, adibidez, lankidetza agentziak jardunaldi batzuk antolatu zituen Bilboko Udalarekin batera. Bertan, mundu osoko emakume adituek ekintza humanitarioan genero ikuspegia txertatzeko gaia jorratu zuten, ekimen humanitario parte-hartzaileago eta tokikoago bat lortzen laguntzeko. Hitzaldi guztiak eLankidetzaren Youtube kanalean ikus daitezke.

2 iruzkin
  • Argazkia JAVIER MARTÍNEZ VADILLO
    2022-08-20

    Baliabideen kontrolaren ondoriozko gatazka gehiago sar daitezke, eta ingurumen-delituak izan daitezke sabotajeak dituzten azpiegiturei sabotajeak egitea, negozio klientelista egiteko.

  • Argazkia JAVIER MARTÍNEZ VADILLO
    2022-08-20

    más conflictos por el control de recursos pueden darse incluido puede ser posibles delitos medioambientales sabotajes a infraestructuras con sabotajes con tal de hacer negocio clientelismo

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)