Lea Ibarrak eta Lekeitiok ardoaren eta arrainaren ibilbidea suspertuko dute Next Generation funtsei esker

2022-08-22

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok, Lekeitioko alkate Koldo Goitiak eta Lea Ibarrako Mankomunazgoko presidente Arkaitz Goikoetxeak eskualdean Next Generation funtsekin finantzatuta garatzen ari diren eta Espainiako Gobernuaren Berreskuratze Planari esker Euskadiko Turismo Jasangarritasuneko lehen Lurralde Planaren parte diren proiektuetan egindako aurrerapenak aurkeztu dituzte gaur.

Lekeitio eta Lea Ibarrako eskualdea Euskadiko Lurralde Planaren lehen deialdian sartu diren Euskadiko 11 helmugetako 2 dira. 2 milioi euro dituzte erdibana banatuta, eta helburu bera dute abiapuntu: ardoaren eta arrainaren ibilbideko bide historikoa lurralde-konexioko elementu gisa suspertzea. Horretarako, hainbat jarduketa egingo dira, digitalizazio-ekintzak, energia-efizientziakoak eta baliabideak berreskuratzekoak barne.

 “Bide historikoek natura errespetatuko duen produktu turistiko bat sortzea, paisaia-, ondare- eta kultura-elementuen balioa agerian jartzea, turisten fluxua ingurunean banatzea eta haien egonaldia luzatzea ahalbidetzen dute. Funtsean, udalerriek eta eskualdeak identitate propioa duen, jasangarritasunean oinarrituta dagoen eta bizi-kalitatea hobetu dezakeen turismo-eredu baten aldeko apustua egin dute”, azaldu du sailburuak.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak azpimarratu duenez, Sailaren apustua da Euskadiko turismo-baliabideen balioa jasangarritasunean oinarrituta agerian jartzen jarraitzea, gure turismo-eskaintzaren aniztasuna bultzatzeko. “Gaur bertan hotelei buruz ezagutu ditugun uztaileko datuen arabera, turisten sarrerek % 16ko igoera izan dute hilabete horretan 2019. urtearekin alderatuta, eta berretsi dezakegu lehen 7 hilabete hauetan turismoak % 5,5eko igoera izan duela 2019ko lehen 7 hilabeteekin alderatuta. Eta bereziki garrantzitsua da nazioarteko turismoaren berreskuratzea. Izan ere, uztailean gure bisitarien ia % 50 nazioartekoak izan dira, eta kontuan hartu behar da nazioarteko turismoa pandemiak neurririk handienean kaltetutakoa izan zela”.

Sailburuak azpimarratu du oso albiste onak direla sektorearentzat. Aipatu duenez, sektoreak “gorriak ikusi ditu, baina udarako genituen aurreikuspenak oso datu onekin berresten ari dira”.

Euskadiko Turismo Jasangarritasuneko Plana 3 deialditan gauzatuko da 2023. urtera arte, eta 67 milioi euroko zuzkidura izango du guztira. Turismora bideratutako Next Generation funtsak Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren barruko Turismo-sektorearen modernizazio- eta lehiakortasun-planean edo 14. osagaian aurreikusitako inbertsiorik garrantzitsuenaren parte dira. Adierazitako Planak 3.400 milioi euroko zuzkidura du turismoaren sektorera bideratutako zuzeneko eta berariazko inbertsioak egiteko.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak