Javier Hurtado sailburuak turismoaren suspertzea aztertu du SER irratian egindako elkarrizketan
Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadori elkarrizketa egin diote gaur SER Euskadi irratian, eta turismoak hilabete hauetan izan dituen datu onak azpimarratu ditu bertan."Euskadi Autonomia Erkidegoen aurreko taldean kokatuta dago turismoaren suspertzeari dagokionez, eta 2019ko pandemiaren aurrekoak baino zifra hobeak lortu ditu. Zehazki, lehen seihilekoan % 4,2ko igoera izan du sarreretan, eta % 5ekoa ostatu-gauetan".
“Zifra onak dira, eta datu ofizialak falta badira ere, uztailean eta abuztuan hobeak izango dela dirudi. Hori dela eta, Autonomia Erkidegoen aurreko taldean kokatu gara turismo-sektorearen suspertzeari dagokionez”.Sailburuak gaineratu duenez, “nazioarteko turismoa (gehien sufritu duena) berreskuratzen ari gara, eta % 3,9ko igoera izan du".
Sektorearekin energia-aurrezpenerako neurriak aztertzeko egindako bilerei dagokienez, sailburuak zehaztu du atzo bilera bat egin zela hotel- eta ostalaritza-sektorearekin, eta datorren astean 2 bilera egingo direla merkataritza-sektorearekin.“Instalazioak egokitzeko eta trantsizio berderantz aurrera egiteko hainbat laguntza daude dagoeneko eskuragarri sektoreentzat, hala nola Sailak merkataritza-establezimenduak modernizatzeko ematen dituen ohiko MEC laguntzak, turismo-ekintzailetzarako EMET laguntzak eta Next Generation funtsekin finantzatutako ezohiko laguntzak. Euskadik dagoeneko 3,9 milioi euro ditu turismo-ostatuetan energia-efizientziako neurriak hartzeko laguntzetarako, eta hurrengo deialdian beste turismo-enpresa mota batzuetara zabalduko dira”.
Turismo-tasa
Turismo-tasaren ezarpenari buruz galdetu zaionean, sailburuak azaldu du gai hori ez dagoela mahai gainean. Izan ere, ez da horretarako garaia, eta Jaurlaritzak ez du lehentasunezkotzat hartzen. “Turismo Mahaian eta sektorearekin eta erakundeekin egindako bileretan, turismo-sektoreak eta udalerri gehienek turismo-tasaren aurkako irizpidea agertu zuten oro har", eta, gainera, “koalizio-gobernuko alderdiek ez dute gai hori planteatu gobernu-akordioan eta hauteskunde-programetan, eta, beraz, ez da legegintzaldi honetan aztertuko”, adierazi du.
"Erakunde bakoitzaren eskumenak errespetatzen ditugu, beti errespetatu ditugun bezala, baina garbi izan behar dugu ildo horretako edozein ekimenek Gernikako Estatutua eta Ekonomia Ituna bete behar dituela. Eusko Jaurlaritza Estatutua errespetatzen duten proposamen serioak eta landuak eztabaidatzeko irekita dago beti”.Adierazi duenez, "lehentasuna turismoaren suspertzea bultzatzen jarraitzea da".