Eusko Jaurlaritzak indartu egingo ditu kontrolak gidatzean arreta-galtzeak eragozteko
- Kontrolak abuztuaren 15etik 18ra eta irailaren 16tik 22ra bitartean indartuko dira
- Gidatzen den bitartean mugikorra eskuan eramateak gidabaimeneko sei puntu galtzea ekarriko du, Trafikoko Lege berriaren arabera
Ertzaintzak, Euskadiko udaltzaingoekin elkarlanean, indartu egingo ditu gidatzean arreta galtzea eragozteko kontrolak; kanpaina berriak abuztuaren 15etik 18ra eta irailaren 16tik 22ra bitartean egingo dira.
Sonia Díaz de Corcuera Trafikoko zuzendariaren esanetan, “Gidatzean arreta galarazten duen faktore nagusia mugikorra erabiltzea da. Horregatik gogortu dira era horretako arreta-galtzeengatik jarriko diren isunak. Gidatzen ari garen bitartean telefonoa eskuan eramateak, mugimenduan egon edo ez egon, 6 puntu galtzea ekarriko du; eta ibilgailua semaforo batean edo pilaketa batean geldi egonda ere bai, zirkulatzen ari dela ulertzen baita”.
Bestalde, Trafikoko Lege berriak ezartzen du zirkulatzen ari garenean telefono mugikorra manipulatzeak, dispositiboa euskarri batean edo antzeko zerbaitetan badago, hau da, eskuarekin ukitzen ez bada ere, hiru puntu kentzea ekarriko duela. Debekatuta dago gidatzen den bitartean entzungailuak soinu-irakurgailuetara konektatuta izatea, radar-detektagailuak aktibatuta izatea edo Internet, TB, bideo edo DVD hargailuak manipulatzea ere. Arau-hauste horiek 200 euroko isuna eta gidabaimeneko hiru puntu galtzea ekarriko dute.
Eusko Jaurlaritzatik gomendatzen dute mugikorrean “auto modua” edo “hegazkin modua” aktibatzea, eta ibilgailua aparkatuta dagoenean bakarrik erabiltzea. Bestalde, komenigarria da irratia edo musika zuzenean bolantetik manipulatzea eta GPSn ibilbidea autoa abian jarri aurretik programatzea, inoiz ez bidaian zehar.
Arreta-galtzeen ondorioz sarrien gertatzen diren istripuak errepidetik ateratzea, aurrez aurreko talkak, aurreko autoa jotzea edo norbait harrapatzea dira. Hori guztia saihesteko jartzen dira abian kanpaina hauek, trafikoa zaintzeko eta kontrolatzeko aurtengo urterako programatu diren 46 kanpainen egutegiaren barruan daudenak.