Berriak Hezkuntza

Hezkuntza Sailak 2 milioi euro bideratu ditu hizkuntza indartzeko programetarako

2022-08-09
  • Hizkuntza indartzeko irakasleak kontratatzeko edo programak ezartzeko baliabide bibliografiko eta didaktikoak eskuratzeko gastuak ordaintzeko erabiliko dira laguntzak

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, 2022-2023 ikasturtean, 2 milioi euro bideratuko ditu itunpeko ikastetxeetan hizkuntza indartzeko programak gauzatzeko dirulaguntzetarako. Programa hauek honako ikasle hauei zuzenduta daude: gure hezkuntza-sistemara iritsi berriak izan eta Euskadiko hizkuntza ofizialak ez ezagutzeagatik komunikazio-zailtasun handiak izanik, hizkuntza indartzeko plan bat behar duten ikasleei.

Laguntzen onuradun izango dira Lehen Hezkuntza edo Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza ematen duten itunpeko ikastetxeak, etapa horietan ezartzen baitira hizkuntza indartzeko programak. Laguntzen deialdiaren xedea da programa horiek 2022-2023 ikasturtean egikaritzearen ondoriozko gastuak zein langile-gastuak finantzatzea. Sare publikoko ikastetxeen kasuan, baliabide horiek zuzenean esleitzen dizkie Hezkuntza Sailak horien premia duten ikastetxeei.

Hizkuntza indartzeko programak

Ikasle iritsi berritzat hartzen dira, 2021eko urtarrilaren 31tik unibertsitateaz kanpoko euskal hezkuntza-sisteman lehen aldiz matrikulatu diren ikasleak. Dirulaguntzak eskuratu ahal izateko, halaber, ikasle horiek 6 urtetik gorakoak izan beharko dute eta gehienez 18 urte bete beharko dituzte 2022-2023 ikasturtean.

Dirulaguntza horiek jaso nahi dituzten ikastetxeek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute: ikastetxeak ezartzen duen hizkuntza-errefortzuko programaren deskribapena, programa horretan parte hartuko duten irakasle espezializatuak eta haien dedikazioaren ehunekoa, parte hartuko duten ikasleen kopurua eta programazio didaktikoa adierazita, jarduera didaktikoak eta ebaluazio-irizpideak barne.

Ondoko gastuak ordaintzeko erabiliko dira dirulaguntzak: irakasleak (hizkuntza indartzeko irakasleak) kontratatzeko edo metodologia berritzaileak ezartzeko behar diren baliabide bibliografikoak eta didaktikoak eskuratzeko.

Joan den 2021-2022 ikasturtean, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak itunpeko 114 ikastetxetan garatutako era horretako programak lagundu ditu diruz deialdi honen bidez, eta 1.500 ikasletik gora izan zituzten zuzenean onuradun. Era berean, sare publikoan, Hezkuntza Sailak hizkuntza indartzeko irakasleen 204 jardunaldi oso bete ditu 285 ikastetxetan, eta 2.700 ikasle baino gehixeago izan dira horien zuzeneko onuradun.

Laguntza horiek arautzen eta deitzen dituen agindua uztailaren azken astean egindako Gobernu Kontseiluan onartu da.

Lanbide Heziketako atzerriko hizkuntza-errefortzua

Bestalde, Gobernu Kontseiluaren bilera horretan bertan, beste agindu bat onartu zen, 2022-2023 ikasturtean Lanbide Heziketako heziketa-zikloak ematen dituzten itunpeko ikastetxe pribatuetan atzerriko hizkuntza-errefortzu ikastaroak diruz laguntzen dituena.

Deialdi honek, guztira, 100.000 euroko diru-kopurua du Lanbide Heziketako zikloetan ikasleei zuzenduriko atzerriko hizkuntza-errefortzu ikastaroak emateko, baldin eta horiek ikastetxean bertan eta eskola-orduetatik kanpo egiten badira. Ikastaro horiek gutxienez 60 ordukoak eta gehienez 100ekoak izango dira. Gainera, ikastetxeko irakasleek eman beharko dituzte ikastaroak. Deialdi honen bidez diruz lagun daitekeen talde bat eratzeko, gutxienez 8 ikasle eta gehienez 20 izan beharko dira hizkuntza bakoitzeko (modalitate presentzialean).

Ikastaroak modalitate presentzialean, ez presentzialean (online) edo mistoan antolatu ahal izango dira, eta ikasleen komunikaziorako konpetentzia eta ahozko trebetasunak lantzeko erabiliko dira bereziki, elkarrizketa-praktika eta ahozko azalpenak sustatuz. Ikastaroak antolatzen dituzten ikastetxeetan matrikulatutako ikasleek parte hartu ahal izango dute.

Hizkuntzen ezagutza funtsezko faktorea da ikasleen enplegagarritasun eta mugikortasun-mailak hobetzeko; izan ere, merkatu globalizatuetan jarduteko gai diren gero eta profesional gehiago eskatzen dituzte enpresek.

Iruzkin bat
  • @Gob_eus
    2022-08-09

    Comentario de Twitter:
    ✏️ Hezkuntza Sailak 2 milioi euro bideratu ditu hizkuntza indartzeko programetarako
    📎https://t.co/QnGQEbX6Iw

    ✏️… https://t.co/tvKJUwS04p

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak