qrcode

Hegazti-gripearen beste kasu bat baieztatu da Gipuzkoan jasotako hegazti basati batengan

2022-08-09

• Euskal administrazioak eta hegazti sektoreak babes-neurriak indartu dituzte, eskortako hegaztiak animalia-gaixotasun horren bidez ez kutsatzeko.

• Birusak nagusiki hegaztiei eragiten die, eta ez da arriskutsua hegazti-jatorriko elikagaiak kontsumitzen dituzten pertsonentzat.

H5N1 azpimotako patogenotasun handiko hegazti-gripearen (PHHG) beste kasu bat detektatu da Donostiako Aquariumaren ondoan Gipuzkoako Foru Aldundiko basozainek jaso duten zanga gaixo batengan. Hegaztia herritarren laguntzari esker aurkitu zuten, eta Urnietako (Gipuzkoa) Arizmendiko foru-finkan dagoen Basabizi basafauna berreskuratzeko zentrora eraman zuten. Bertan, balizko gaixotasunak detektatzeko laginak hartu ziren. Badaezpada, zanga isolatuta dago, laborategiko emaitzak jaso bitartean.

Behin hegazti-gripearen birusa dela baieztatu ondoren, hegazti-sektoreari jakinarazi zaio, eskortako hegaztiak hegazti basatiekin kontaktuan egotea saihesteko beharrezko neurriak har ditzan, kutsatzea saihesteko. Neurri horiek autokontsumorako hegaztiei ere aplikatu behar zaizkie, zeregin garrantzitsua izan baitezakete gaixotasun hori hegaztien artean transmititzeko unean.

Bestalde, osasun-agintaritzek jakinarazi dute hegaztien haragia, arrautzak, gibel orea edo hegaztiz egindako edozein elikagai kontsumitzea ez dela arriskutsua pertsonentzat, ez eta kutsatuta egonda ere.
Hegazti-gripea gaixotasun birikoa da, eta, gehienetan, hegaztiei baino ez die eragiten. Birus horren andui batzuk oso patogenoak dira, oso-oso kutsakorrak hegazti-espezien artean, eta hilkortasun-tasa handia izaten da kutsatutako hegaztien artean. Horregatik, ustiategi batean hegazti-gripearen kasuak antzematen badira, gaixotasuna kontrolatzeko neurri bakarra ustiategiko hegazti guztiak hiltzea da, eta horrek galera ekonomiko handiak eragingo lituzke hegazti-ustiategietan.

Gaur egun, Europan bizitzen ari garen epidemia hegazti-gripearen azken urteetako epidemiarik larrienetako bat da, eta hegaztien migrazio-garaia hasi zenetik (2021eko udazkena eta negua) 5.349 kasu (nagusiki H5N1 anduia) jakinarazi dira 36 herrialdetan. Frantzia da herrialderik kaltetuena. Bertan 1.376 foku hauteman dira eskortako hegaztietan, 108 foku hegazti basatietan eta 37 foku, berriz, itxian hazitako hegaztietan.

Euskadin ez zen hegazti-gripearen fokurik detektatu 2006az geroztik, baina joan den maiatzean Matxinbentan eta Aiako Harrian aurkitutako bi sai arrerengan PHHGren H5N1 azpimotako bi kasu positibo baieztatu ziren. Azken kasua kontuan hartuta, hiru foku deklaratu dira Gipuzkoan aurten.

Beste kasu hau detektatu da hiru foru-aldundietako eta Eusko Jaurlaritzako animalien osasunaren arloko agintaritza eskudunek egindako ikuskapen zorrotzari eta indartuari esker. Arreta berezia jarri dute arrisku handiagoko eremuetan, hala nola hezeguneetan edo hegaztiak biltzen diren beste eremu batzuetan. Zehazki, 2022an Neikerreko animalia-osasunaren laborategian etxe-hegaztien 217 lagin aztertu dira, hegazti basatien 248 lagin eta hegazti urtarren etzalekuetako gorozkien 137 lagin. Hau da, 2021ean eginda ziren analisiekin alderatuta, % 42 gehiago egin dira.

9 iruzkin
  • Argazkia SN Robot
    @HiperlocalSnSn
    2022-08-09
  • Argazkia SN Robot
    @MariaLLilly
    2022-08-09

    Comentario de Twitter:
    RT @HiperlocalSnSn: https://t.co/WQdxcEKK7C

  • Argazkia SN Robot
    @APETAKdonostia
    2022-08-09

    Comentario de Twitter:
    RT @HiperlocalSnSn: https://t.co/WQdxcEKK7C

  • Argazkia SN Robot
    @LocalDigitalGip
    2022-08-09

    Comentario de Twitter:
    RT @HiperlocalSnSn: https://t.co/WQdxcEKK7C

  • Argazkia JAVIER MARTÍNEZ VADILLO
    2022-08-10

    Era berean, inportazio posibleak gehiago zaintzeak arazo patogenoak sor ditzake, nahiz eta erromesaldiaz arduratu eta gainerakoak kutsatu ez.

  • Argazkia JAVIER MARTÍNEZ VADILLO
    2022-08-10

    también vigilar más posibles importaciones puedan dar problemas patógenos novedad puedan darse aunque se cuide del peregrinaje no contamine el resto

  • Argazkia SN Robot
    @RegalosItziar
    2022-08-10

    Comentario de Twitter:
    RT @HiperlocalSnSn: https://t.co/WQdxcEKK7C

  • Argazkia SN Robot
    @MasDigitalGipuz
    2022-08-10

    Comentario de Twitter:
    RT @HiperlocalSnSn: https://t.co/WQdxcEKK7C

  • Argazkia SN Robot
    @AutonorSan
    2022-08-10

    Comentario de Twitter:
    RT @HiperlocalSnSn: https://t.co/WQdxcEKK7C

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak