Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak baieztatu du biktimak bizikidetzaren erreferente morala izango direla

2011.eko azaroak 07

Terrorismoaren Biktimen Partaidetzarako Kontseiluarekin bildu da, bilera errondaren barruan

Patxi López lehendakariak José Luis de La Cuesta buru duen Terrorismoaren Biktimen Partaidetzarako Kotseiluko kideak hartu ditu gaur Lehendakaritzan alderdi politiko eta elkarte sozialekin izaten ari den bilera errondaren barruan, ETAren terrorismoaren amaierak Euskadira ekarriko duen aro berria jorratzeko.

Gobernuak terrorismoaren biktimen memoria gordetzeko eta hura ETAren desagerpena ekarriko duen bizikidetza eta adiskidetasun aro berriaren oinarri izateko konpromiso irmoa nabarmendu du lehendakariak, bileran.  Zentzu horretan, biktimen aniztasuna azpimarratu du eta adierazi du terroristek euren aurka atentatu zutela euskal gizartearen aniztasuna ezabatzeko.

Gaineratu du terrorismoaren porrota, besteak beste, beldurrari aurre egin zioten herritar askoren ausardia zibikoari esker etorri dela. Euren artean, biktimek erresistentzia zibikoaren adibide argia direla erakutsi digute, beren biziarekin askatasunaren prezioa eta besteen duintasuna ordaindu baitituzte.  Horregatik, bizi osorako zorra daukagu eurekin.Hildako pertsonen senide eta lagunak duintasunaren eredu dira guztiontzat. Urte gogor askotan hilketen salaketa egin dute era nekaezin batez eta beren senideen duintasun eta ohorea aldarrikatu dituzte duintasunez.

Etorkizuna irekia dago, baina ez da izango amnesiaz betetakoa, esan du lehendakariak. Ez dugu onartuko historia berridaztea aurretik egindako hilketak justifikatzeko, ezta hiltzaileak biktima bihurtzea ere.  Hori dela eta, iragarri du Eusko Jaurlaritzak Memoriaren Mapa osatzen jarraituko duela, Memoriaren Institutua martxan jarriko duela eta Terrorismoaren Biktimen Memoriala  sustatuko duela.

Gure herrian askatasuna eta adiskidetasuna finkatzeko erronka horretan, terrorismoaren biktimak euskal gizartearentzako ezinbesteko erreferentea izango direla esanez, bukatu du lehendakariak.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)