Arantxa Tapia: “Euskadik badu, dagoeneko, Energia Kontingentzia Plana bideratuta, Europarekin eta 2019ko Jasangarritasun Legearekin lerrokatuta”

2022-08-02

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua elkarrizketatu dute gaur goizean Euskadi Irratiko “faktoria” saioan. Bertan, eraginkortasun energetikoari eta kontsumori lotuta, Tapia sailburuak azpimarratu du Euskadik baduela, dagoeneko, Energia Kontingentzia Plana bideratuta, Europarekin eta 2019ko Jasangarritasun Legearekin lerrokatuta. “Estatuak ezer aipatu aurretik, Euskadin plana lantzen hasi ginen Bruselak esandakoarekin”, nabarmendu du.

Horrela, sailburuak azaldu du hainbat neurri martxan daudela jada eta aurreko ostiralean Jaurlaritzako zenbait sailek, foru aldundiek eta Eudelek adostutako neurriak irailean jarriko direla martxan. “Ez dira neurri efektibistak eta momentukoak, baizik eta epe luzekoa, benetan murrizketa eta eraginkortasuna lortuko duten neurriak”, adierazi du. 

Gainera, azpimarratu du Euskadiko kontingentzia plana klimatizazioaz eta argiztapenaz haratago doala eta neurriak tentuz ezarri behar direla “ez baita gauza bera erresidentzia bat eta kiroldegi bat. “Administrazioek eredu izan behar dugu. Kontsumo nagusia gure enpresetan eta mugikortasunean dagoelarik programak ezarri behar dira, baita biztanleria sentsibilizatu ere", gaineratu du.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak gure gizartea heldua eta arduratsua dela nabarmendu du eta, beraz, ezin dugula isunetan oinarritu neurrien betearazpena. “Solidaritatea eta ardura dira gure planaren oinarriak”, esan du.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak