Sei finantza entitatek urrats berriak emango dituzte Euskaraldian

2022-07-28
  • Euskaraldian parte hartuz euskaraz lasai aritzeko espazioak sortuko dituztela azaldu dute sei finantza erakundetako ordezkariek
  • Bankoa-ABANCA, BBVA, Caixabank, Nafarroako Rural Kutxa, Kutxabank eta Laboral Kutxa dira agerraldian bere asmoen berri eman duten erakundeak
  • Era guztietako entitateak Euskaraldira batzen ari direla azaldu dute azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo den ekimenaren antolatzaileek

Finantza entitateetan euskararen erabilera areagotzen jarraitzeko urratsak emateko konpromisoa berretsi dute gaur Bankoa-ABANCA, BBVA, Caixabank, Nafarroako Rural Kutxa, Kutxabank eta Laboral Kutxako ordezkariek. Azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo den Euskaraldiaren hirugarren edizioan parte hartu eta ahalik eta bulego gehienetan ariguneak osatuko dituztela adierazi dute aipatutako finantza erakundeek, Euskaraldiko koordinatzailearekin eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarekin egindako agerraldian. Finantza entitateetako langile eta bezeroen artean euskara harreman-hizkuntza izan dadin entitateok dituzten planak aintzat hartuta, Euskaraldiak ematen ari diren urratsak ikusgarri egiteko aukera ematen diela nabarmendu dute agerraldian parte hartu dutenek.  

Euskaltzaindiak Bilbon duen egoitzan egin den agerraldiak balio izan du era guztietako entitateei gonbitea egiteko aurtengo Euskaraldian parte hartu eta ariguneak osatu ditzaten. Izan ere, bi urtez behin egiten den ariketa sozialean hizkuntza ohiturak aldatu eta euskararen erabilera handitzea da helburu nagusia eta, horretarako, oso garrantzitsua da euskara erabiltzeko gune erosoak sortzea. Gune horien sorreran erakunde, enpresa, elkarte zein era guztietako eragileek ekarpen garrantzitsua egin dezaketela gogoratu dute ekimenaren antolatzaileek.

Arlo sozioekonomikoan eragin nabarmena duten erakundeek euskararen erabilera bultzatzeko eragile garrantzitsuak eta bide erakusleak izan daitezkeela adierazi du Euskaraldiko koordinatzaileak. Horregatik, eskerrak eman dizkie finantza entitateetako ordezkariei beraien erakundeetan erronka berriak proposatzeko eman duten urratsarengatik.

Ariguneek hizkuntza ohituren aldaketan eta euskarazko praktika linguistikoen areagotzean duten garrantzia azpimarratu dute Euskaraldiaren antolaketan parte hartzen duten erakundeetako ordezkariek. Euskara erabiltzeko gune babestuak izateak erabilera errazten duela nabarmendu da aurreko edizioetako balorazio eta ikerketetan.

Maiatzaren 18tik dago zabalik epea era guztietako entitateek Euskaraldian parte hatzeko izena eman dezaten. Euskaraldiaren bigarren edizioan izena eman zuten entitateak beraien parte hartzea berresten ari direla eta entitate berriak batzen ari direla azaldu dute ekimenaren antolatzaileek. Ariguneak sortzen ari diren entitate guztiei gogoratu diete ariguneak.euskaraldia.eus/izen-ematea webgunean eman edo berretsi dezaketela izen-ematea. Era berean, herritarrek irailaren 28tik aurrera ahobizi edo belarriprest roletan izena emateko edo parte hartzea berresteko aukera izango dutela azaldu dute. 

Euskaraldia urrats eta lorpen ugariren gehiketa izan da aurreko edizioetan. Hirugarren edizioan ere proposamen hori egingo zaie parte hartuko duten entitate eta herritarrei: euskararen erabilera areagotu eta hizkuntza ohituretan aldaketak egiteko erronka konkretuak jar diezaizkietela beraien buruei. Erronka guzti horien baturatik gizartean aldaketa eragitea da antolatzaileen helburua, hizkuntza praktikatan eragitea.

Gaurko prentsaurrekoan parte hartu dute Goiatz Urkijo Euskaraldiaren koordinatzaileak, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak eta Bankoa-ABANCA, BBVA, Caixabank, Nafarroako Rural Kutxa, Kutxabank eta Laboral Kutxa finantza erakundeetako ordezkariak.     

Ondoko lerroan parte hartu duten ordezkarien adierazpen batzuk laburtu ditugu:

Goiatz Urkijo Kastañares, Euskaraldiko koordinatzailea: “Oso garrantzitsua da gure gizartean eta egunerokoan hain presentzia zabala duten erakundeek euskararen erabileran urratsak emateko erronka konkretuak zehaztea, Euskaraldiarekin bat eginez. Finantza erakundeetan zein bestelako entitateetan euskararen erabilerarako gune erosoak sortu, zabaldu eta ikusgarri egitea, euskarari eta euskaldunoi ateak zabaltzea da. Izan ere, Euskaraldian jaso ditugun bizipen eta testigantzek baieztatzen duten modura, gure egunerokoan erabiltzen ditugun zerbitzuetan euskaraz lasai eta eroso aritzeko espazioak eskaintzen zaizkigunean, gure erabilera areagotu egiten da”.

Bingen Zupiria Gorostidi, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua: “finantza entitateek Euskaraldiarekin bat egitearen garrantzia nabarmentzerakoan hainbat dira azpimarratu beharreko arrazoiak. Batetik beraien eragin esparrua handia delako, herritarrekin harreman zuzena dute eta. Bestetik gizartean oso errotuta dauden erakundeak diralako eta gizartearekin bat egiten dutela irudikatzen dutelako. Ariguneak bisualizatzen lagundu dezaketelako eta langileen arteko euskarazko harremanak sustatzen dituztelako. Eta bukatzeko,  euskararen erabileraren sustapenari dagokionez, hiriguneetan rol garrantzitsu bat bete dezaketelako”.

Nuria Agirre Unzueta, Laboral Kutxako Pertsonak eta Baliabideak saileko zuzendaritza: “Euskaraldiaren aurreko bi edizioetan ere parte hartu genuen, erakunde gisa, eta esperientzia oso baliagarriak izan ziren: lankideon sentsibilizazioan eragiteko, hizkuntza-ohitura batzuk aldatzeko, euskaldunak agerian jartzeko, euskaraz gehiago egiteko bezeroekin eta lankideekin... 500 lankide baino gehiago izan ziren ahobizi edo belarriprest, eta 150 arigune baino gehiago sortu genituen gurean.

Aurtengo Euskaraldian Laboral Kutxak bi erronka nagusi izango ditu: lehena, lankide gehiagok parte hartzea eta arigune gehiago jartzea martxan; bigarren erronka, Euskaraldiaren ariketa entrenamendua izatea, oinarria, etorkizunean egin beharko dugunerako proba, eta martxan jartzen den dinamikak segida izatea; nahiko genuke arigune horiek jarraitzea abenduaren 3tik aurrera ere, eta egindako ahaleginari etekina atera”.

Ana Urkiza Ibaibarriaga, Bankoa-ABANCAko Euskara koordinatzailea: “Euskaraldiaren aurreko edizioek Bankoa-ABANCAri ekarri dizkion onuren artean, naturaltasuna eta onarpena azpimarratuko nituzke. Batetik, banketxe bezala euskara harreman-hizkuntza izateko egiten ari garen lanari ikusgarritasuna eman dio. Bestetik, egiten ari garen lana naturaltasunez bizi ahal izan du bezeroak, naturaltasunez onartuz euskaraz gauzatzen den harremana. Eta azkenik, eskenatoki ireki bat eskaini digu Euskaraldiak, zeinetan bai banketxeak eta bai bezeroak euskaraz naturaltasunez aritzeko plaza bezala identifikatu ahal izan duten banketxea.

Edizio berriari begira, erronka zera da: ahalik eta bulego gehienak identifikatzea arigune gisa, eta berauetan, naturaltasun eta normaltasun osoz sustatzea, banketxearen eta bezeroaren arteko harremana, euskaraz”.

Jaione Lamy Insausti, Kutxabank-eko Banka Instituzionaleko zuzendaria: “Ariketa honek esperimentaziorako aterki edo babesgune bat eman digu, eta aukera eman digu ikusteko lana euskaraz ere egin ahal izateko gainditu beharreko zailtasunak zeintzuk diren, bai norberak, eta baita erakundeak berak ere.  Erakundeari dagokionez, euskararen ahozko ezagutza kudeatzetik erabilera kudeatzerako urratsa ematen hasteko markoa erraztu digu”.

Iratxe Sainz Arenzana, Nafarroako Rural Kutxako Bizkaia eta Arabako erakunde saileko arduraduna: “2020ko Euskaraldiak jarrera aldaketa bat ekarri zigun bai gizarte eta baita Rural Kutxara. Egun horietan zehar euskararekiko egin genituen ekimenak eta hartu genituen ohiturak egunerokotasunean bilakatzea dugu helburu”.

Igor Goienetxe Olaeta, Caixabank-eko Negozio arloko zuzendaria: “CaixaBank-en lana egiten dugu gizartean eta arlo sozioekonomikoan euskararen normalizaziorako. Euskara eta gaztelaniaren arteko berdintasun sozial handiagoa lortu nahi dugulako, hizkuntzen eta hiztunen elkarbizitza helburua dugu. Eta horregatik Euskaraldiarekin bat egin genuen 2018an.

Euskal kultura eta euskara babestea guztion ardura izan behar da. Eta hau gaur hemen bildu garen erakunde guztion ibilbide-orrian bihurtu behar dugu. Euskalradiak hori ekarri behar digu eta helburu nagusia bai langileon zein bezeroen hizkuntza ohiturak aldatzea eta euskararen erabilera handitzea izan behar da. Hauxe da gure helburua eta guztiona”.

Ana Teresa Bengoa Simón, BBVA-ko Ipar-zonaldeko Ingeniaritza zuzendaria: “Bilbon jatorria duen erakunde gisa, funtsezkoa da euskal gizartearekiko inplikazioa, gizarte horretako kide baikara. Euskararen erabilera eta bultzada gure konpromisoetako bat da, eta egunero bide horri jarraitzen ahalegintzen gara. BBVAn gure babesa adierazi nahi dugu etengabe, eta elkarrekin aurrera egin, gure bezeroei zerbitzurik onena eskaintzeko eta gizarte integratzaileago bati ekarpena egiteko”.

Iruzkin bat
  • @Gob_eus
    2022-07-29

    Comentario de Twitter:
    👄 Sei finantza entitatek urrats berriak emango dituzte Euskaraldian.
    📎https://t.co/Q2aQpM0Zps

    👂 Seis entidades fi… https://t.co/Xh0rpokbxp

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak