Eusko Jaurlaritzak HANDITU programa martxan jarri du, lehen sektorean inbertsio handiko proiektuei laguntzeko (Gobernu Bilera 2022-7-26)

2022-07-26

 

  • 25 milioi euroko hornidura dago, eta tokiko eta eskualdeko ekonomiak eraldatzeko ekimen estrategikoak gauzatuko dira, baldin eta horien inbertsioak 6 milioi eurokotik gorakoa badira 
  • Ukrainiako gudaren ondorioei aurre egiteko Erreskate Ekonomikorako Funtsaren barruan dago.

Eusko Jaurlaritzak inbertsio handiko proiektuak egiteko laguntzen deialdia onetsi du,  nekazaritzako, abeltzaintzako eta basogintzako produktuak eraldatzeko eta merkaturatzeko (HANDITU 2022 programa). Horren xedea da enpresa-lehiakortasunaren hobekuntza, Euskadiko elikakateari eta zurari lotutako baliabideen hobekuntza, enpresa-hazkuntza eta kalitatezko enpleguaren sorrera ahalbidetzea.

Laguntza horien finantzaziorako 25 milioi euro bideratu dira, inbertsio handiko ekimen estrategikoak sustatzeko. Ekimen horien bidez, tokiko eta eskualdeko ekonomiak bultzatu eta eraldatuko dira, dibertsifikazioa sustatu eta negozio-aukera berriak eratuko dira eta izaera teknologikoko azpiegitura handiak sortuko dira.

Laguntzak Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburu Arantza Tapiaren aginduaren bidez araututa daude, eta honako hauetara bideratuta: 6 milioi eurotik gorako inbertsioak, elikadura- eta baso-produktuak eraldatzera, garatzera eta merkaturatzera bideratuak, baita jatorrian nekazaritzarekin, arrantzarekin, akuikulturarekin, ur mineral naturalarekin, alkoholik gabeko edariekin edo nekazaritza-produktuetatik hartzitutako edarien konbinazioa dutenekin lotutako produktuak ere (ardoa izan ezik).

Diruz lagundu ahal diren jarduerak

Zehazki, honako hauek izango dira diruz lagundu ahalko diren jarduerak:

  • Ondasun higiezinen eraikuntza eta/edo erosketa, baldin eta lehenengo aldiz funtzionatzen hasten badira, edo, bestela, bigarren eskuko ondasun higiezinen erosketa eta berritzea, baldin eta azken hamar urteetan ez badute jaso laguntzaren bikoizketa eragin ahal duen dirulaguntza nazional edo komunitariorik.
  • Obra zibila eta/edo instalazio industriala egiteko derrigorrezko ordainsari profesionalak, proiektuaren gauzatze materialaren % 8ra arte.
  • Makineria erostea, instalazioak egitea eta ekoizpen-plantak ekipatzea (bulegoetako altzariak, ekipamendu bulegotikoa eta enpresaren funtzionamenduarekin lotutako informatika-programak barne).
  • Hobekuntzako, kalitateko eta ingurumen inpaktua murrizteko inbertsioak egitea, produktuen akreditazioa, ziurtagiria edo egokitzapena lortzeko, ekoizpen-prozesuen betetze tekniko-sanitarioari dagokionez.
  • Hardware eta software sistemak, web/merkatartitza elektronikoko plataformak txertatzea, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak (IKT) hartzea eta merkataritza elektronikoa ezartzea.

Eskaerak egiteko epea hilabetekoa izango da, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik, euskadi.eus-en egoitza elektronikora sartuta.

Ukrainiaren Erreskate Ekonomikoko Funtsa

Laguntza hauek Ukrainian gudak izan dituen ondorioei aurre egiteko Erreskate Ekonomikoko Funtsaren barruan daude. Funtsaren xedea da tokiko inpaktu handia duten proiektuak eta inbertsioak bultzatzea.

Apirilaren 12an, Eusko Jaurlaritzak neurrien paketea onetsi zuen, Ukrainian gudak izandako ondorioei aurre egiteko. Paketearen balioa 200 milioi eurokoa da, eta, horietatik, lehen sektorean ekonomiak eraldatzeko eta sortzeko inbertsioetara bideratutako partida bat dago.

HANDITU programaz gain, esparru horren barruan, gobernu kontseiluan egokitzeko ezohiko laguntzak onetsi dira, haragi-abeltzaintzako sektoreetako ekoizleak egokitzeko. Euskadiri 907.000 € dagozkio FEAGA funts europarretatik, eta Eusko Jaurlaritzaren funtsen 1,8 milioiekin osatzen dira. Funts horiek Ukrainiako krisiari aurre egiteko neurri osagarrien planetik datoz, zeinak gobernu kontseiluak pasaden apirilean onetsi zituen.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko