343.750 euro STEAM hezkuntzako berrikuntza-proietuak garatzeko (Gobernu Bilera 2022-07-26)
Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, itunpeko ikastetxeek 2022-2023 ikasturtean STEAM hezkuntzako berrikuntza-proiektuak gara ditzaten dirulaguntzak ematen dituen Agindua.
343.750 euroko diru kopurua duen deialdi honen helburua da, Euskadin Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza edo Batxilergoa ematen duten itunpeko ikastetxe pribatueetan 2022-2023 ikasturtean STEAM hezkuntzako berrikuntza-proiektuak garatzea (Science, Technology, Engineering, Art & Mathematics).
Hezkuntza Sailaren STEAM Euskadi Estrategiaren helburuak honako hauek dira: hezkuntza-etapa guztietan hezkuntza eta prestakuntza zientifiko-teknikoa sustatzea, horretarako eragile sozioekonomikoak inplikatuz; STEM eremuan bokazio eta asmo profesionalak inspiratzea, arreta berezia jarriz neskei; eta euskal herritarren artean dibulgazio eta kultura zientifiko-teknologikoa sustatzea.
Laguntza hauek eskuratzeko interesa duten ikastetxeek STEAM hezkuntzako berrikuntza-proiektu bat aurkeztu beharko dute, 2022-2023 ikasturtean beren geletan garatuko dutena. Proiektu horiek gorago adierazitako helburuak bete beharko dituzte. Proiektuen ezaugarrien artean, aipatzekoa da, ikasleei ebatzi beharreko erronka edo arazo bat planteatzen dieten egoeretan oinarrituko direla proiektuok, bizitzako hainbat arlorekin lotuta (pertsonala, soziala, globala, lanekoa). Gainera, honako printzipio hauek hartu beharko dituzte kontuan: ikasgaien irakaskuntza integratua (diziplinartekotasuna), STEAM eremuari lotutako gaitasunen garapena, ikerketan/arakatzean oinarritutako ikaskuntza, genero ikuspegia, ekitatea, eta STEM lanbide-bokazioetan oinarritutako ikaskuntza.
Hezkuntza Sailak 2014-2015 ikasturteaz geroztik luzatzen die era honetakoko deialdia ikastetxe publikoei, euren STEAM hezkuntza-proiektuak gara ditzaten. Joan den ikasturtean, 2021-2022 ikasturtean, itunpeko ikastetxeentzako lehenengo deialdiaren bidez, sare horretako eskolek aurkeztutako 84 proiektu finantzatu dira.