Gobernu Kontseiluak 200.000 euroko dirulaguntza deialdia onartu du euskal kultura-ondarea katalogatzeko, digitalizatzeko, kontserbatzeko eta zabaltzeko (Gobernu Bilera 2022-07-26)

2022-07-26

Eusko Jaurlaritzak onartu dituen euskal kultura-ondarea katalogatzeko, digitalizatzeko, kontserbatzeko eta zabaltzeko dirulaguntzen helburua euskal kultura-ondarearen deskribapena eta digitalizazioa sustatzea da, ondoren OAI-PMH protokoloa (The Open Archives Initiative-Protocol for Metadata Harvesting) ezarrita duten gordailuen bidez zabaltzeko. Protokolo horrek gaur egun dauden digitalizazio-proiektu nagusien arteko elkarreragingarritasun-estandarrak garatu eta sustatzen ditu, eta Interneteko edukien hedapen eraginkorra errazten du. Bai deskribapenean, bai digitalizazioan, Europeana-kultura-ondare digitalizatuaren Europako atariak estandarizatu eta finkatutako ereduen erabilera sustatzen da. 

Euskal kultura-ondarea osatzen duten kultura-baliabideak katalogatzeko, digitalizatzeko edo digitalizatzeko eta katalogatzeko proiektuak lagundu ahal izango dira diruz, hala nola argazkiak, grabatuak, marrazkiak, ikus-entzunezko materiala, mapak, planoak, kartelak, prentsa, funts bibliografikoak eta Euskal Autonomia Erkidegoko dokumentu-ondarea osatzen duten dokumentuak. Guztira Kultura eta Hizkuntza Politika sailak 200.000 euroko partida bat bideratu du dirulaguntza hauetara.

Aurreko deialdian, 2021ekoan, bederatzi proiektuk jaso zuten diru-laguntza: Bilboko elizbarrutiko kultur ondarea digitalizatu eta zabaltzeak; Bilbao Bizkaia Museoak dokumentu-funtsa katalogatzea eta digitalizatzeak; Euskal Herriko Txistulari elkartearen ikus-entzunezko eta argitalpenen artxibo funtsa; Eresbil Fundazioaren Euskal Kultur Ondareari dagozkion grabazio historikoak; Arrasate Press eta Berrigara aldizkarien digitalizazioak; Argia-ko argazkiak digitalizatzeak; Real Automóvil Club Vasco-Navarroko Euskal Kultur Ondarea katalogatzeak, digitalizatzeak, kontserbatzeak eta zabaltzeak; eta San Telmo Museoko Antton Elizegi argazki-funtsa katalogatzeak eta digitalizatzeak. 

2022ko deialdian eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Proiektu bakoitzeko dirulaguntza ezin izango da 20.000 eurotik gorakoa izan.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko