Euskadik Tourraren lekukoa hartu du eta Gran Départ Pays Basque 2023ko atzerako kontaketa hasi da
- Juan Maria Aburtok, Bilboko alkateak, erreleboa irudikatzen duen garaikurra jaso du Eliseo Zelaietan Sophie Hæstorp Andersen Kopenhageko alkatearen eskutik.
- Aburtok garaikurra Euskadira bizikletaz ekartzeko erronkari ekin dioten Ziortza Villa eta Julián Sanz txirrindulari ultrafondistei eman die. Agintariek Donostian, Gasteizen eta Amorebieta-Etxanon egingo diete harrera, uztailaren 26an, Bilbora iritsi aurretik (20:00ak aldera), 48 ordutan 1.000 kilometro inguru egin ondoren.
- Grand Départeko lekukoa esku aldatzerakoan aurreikusitako ekitaldien egitarauaren barruan, euskal gastronomiak ere protagonismoa izan du euskal ordezkaritzak antolatutako koktelean, Thierry Marx eta Andoni Luis Aduriz sukaldari ospetsuak 4 eskutara aritu direlarik lanean.
Grand Départ Pays Basque 2023rako atzerako kontaketa hasi da. Euskadik dagoeneko bere esku du datorren urteko uztailaren 1, 2 eta 3an gure herri eta errepideetara iritsiko den Frantziako Tourraren Irteera Handia irudikatzen duen garaikurra. 2022ko edizioko azken helmuga igaro ondoren, Juan Mari Aburtok, Bilboko alkateak, Parisko Eliseo Zelaietan erreleboa sinbolizatzen duen garaikurra jaso du. Sophie Hæstorp Andersen Kopenhageko alkateak eman dio garaikurra Bilboko alkateari, beste mugarri bat ezarriz zazpi euskal erakundeek bultzatzen duten Gran Départ Pays Basque 2023 delako ekimen itzel honetan.
Ekitaldian, Aburtorekin batera, Grand Départ Pays Basque 2023an parte hartzen duten zazpi euskal erakundeetako hainbat agintari izan dira, hala nola, Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailburua eta Bozeramailea, Javier Hurtado, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailburua, Daniel Solana, Basquetour-Euskal Turismo Agentziako Zuzendari Nagusia, Ramiro González, Arabako Ahaldun Nagusia, Ainara Basurko, Ekonomia sustatzeko sailaren Bizkaiko Foru Diputatua, Iker Goiria, Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo Zuzendaria eta Xabier Ochandiano, Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enplegu Saileko zinegotzia. Erakundeen babes garrantzitsu honekin, Euskadik berretsi egin nahi du Frantziako itzuliarekin duen konpromisoa, eta aukera aprobetxatu nahi du herrialdeak mundu mailako garrantzia duten kirol-ekitaldiak arrakastaz hartzeko duen gaitasuna balioesteko, bai eta euskal herritarren inplikazioa ere kirol-ekitaldi handi guztietan, batez ere txirrindularitzarekin zerikusia dutenetan.
TOURREKO GARAIKURRA, EUSKADIRA BIDEAN
Protokolo-ekitaldia amaitu eta berehala, Aburtok lekukoa bizikletaz Euskadira ekarriko duten Ziortza Villa eta Julián Sanz ultrafondoko txirrindulari eskarmentudunei eman die garaikurra. Iraupen luzeko bi txirrindulariek Frantziako Tourreko podiumera bertaratu diren erakundeetako ordezkarien berotasuna eta babesa jaso dute.
Garaikurra jaso bezain laster, eta euskal agintariekin familia argazkia atera ondoren, Ziortzak eta Julianek hasiera eman diote erronka berri honi. 48 bat ordutan egitea espero duten 1.000 kilometro inguru izango dituzte aurretik, uztailaren 26an, 20:00ak aldera, Bilbora iristeko (Guggenheim Museoaren plaza, Puppyren alboan), agintariek Donostiatik (9:50, Kursaalaren aurrean), Gasteiztik (15:20, Andre Maria Zuriaren plazan) eta Amorebieta-Etxanotik (18:00, udaletxeko plazan) pasatzen direnean harrera egin ondoren. (*Ordutegiek aldaketak izan ditzakete)
Ibilbide hau zuzenean jarraitu ahal izango da, estreinatu berri den Grand Départ Pays Basque 2023 web gunean https://letour.euskadi.eus instalatutako tracking plataforma baten bidez. Web orrialdera sartzean eta garaikur itxura duen ikonoan klikatzean, pantaila bat irekiko da, eta, bertan, une oro jakin ahal izango da zein den espedizioaren aurrerabidea eta, sare sozial integratuen bidez, azken nobedadeen berri emango da.
EUSKAL GASTRONOMIA, PARISEN
Frantziako chef ospetsuenetakoa den Thierry Marx eta Andoni Luis Aduriz sukaldari donostiarra izan dira Frantziako Tourreko podium ekitaldiaren ondoren ordu hauetan zerbitzatzen ari den koktela diseinatzeko arduradunak. Eliseoko Zelaietako lorategian dagoen Pavillon Elysée enblematikoan, bertaratutakoek bi sukaldari ospetsuen plateren fusioaz gozatzen ari dira. Koktel hau lekukoaren esku aldaketa egiten denean aurreikusitako ekitaldi ofizialetan kokatzen da.
Gaurkoan, Gran Départ Pays Basque 2023ko erakundeetako ordezkariek hausnarketak partekatu dituzte Frantziako Tourreko zuzendaritzarekin eta Kopenhageko ordezkaritzarekin, honelako ekitaldi bat antolatzeak dakarren esperientziari buruz. Laburbilduz, euskal espedizioak gogoan hartu ditu Euskadin irteera handi eta ikusgarri bat antolatzeko ideiak eta gomendioak.