Elkarlan Sariak
Berriak Osasuna
qrcode

Euskadiren eta Portugalen esperientzia eredutzat hartuko da historia klinikoa eta errezeta elektronikoa Europar Batasun osoan hedatzeko.

2022-07-21
  • Uztailaren 15etik, Euskadin edo Portugalen bizi den edonork erabili ahal du osasun-txartela bai bere historia klinikoan sartzeko bai botikak farmazietan jasotzeko.

 

  • Helburua da esperientzia hori ebaluatzea eta Europar Batasuneko herrialde guztietan hedatzea 2025erako.

 

  • Osasuneko sailburua: “aurrerapen teknologiko honek, batetik, osasun-prestazioa hobetzen du eta, bestetik, nazioarteko koordinazioa areagotzen du, Euskadi elkar eragingarritasunean erreferente gisa kokatuz”.

 

Uztailaren 15etik, Portugalgo osasunaren arloko edozein profesional sartu ahal da Portugalen dagoen eta bertako osasun-zentro batean artatu behar duten Euskadiko edozein herritarren historia klinikoan, haien aldetik ahalik eta osasun-arretarik onena jaso ahal izateko. Era berean, Portugalen bizi den edonork jaso ahal izango du osasun-arreta Euskadin, osasunaren arloko bertako profesionalak haren datu klinikoetan sartuta.

 

Bestalde, Osakidetzaren errezeta elektronikoa, “e-rezeta”, Portugalen erabili ahal da; izan ere, Europar Batasunak Euskadi eta Portugal aukeratu ditu programa erabat garatzean jarraitzeko erreferente izateko, eta horri esker EBko herritarrek beste edozein herrialdetako edozein farmazia-bulegotan eskuratu ahal izango dituzte botikak eta izango dute sarbidea euren historia klinikoetara.

 

Gotzone Sagardui Osasuneko sailburuak adierazi duenez, “albiste bikaina da Europak gai honetan Euskadin egiten ari den lana aitortzea eta hemengo esperientzia elkar eragingarritasuna gainerako herrialdeetan hedatzen jarraitzeko erreferentzia gisa hartzea.  Berrikuntza teknologiaz haratago, Europako programa honek herritarren farmazia-prestazioa eta osasun-arreta hobetuko ditu”.

 

ZERTAN DATZA EUROPAKO PROGRAMA?

 

Helburua da zerbitzua Europar Batasuneko 25 herrialdetan ezarrita egotea 2025erako.

 

Asmoa da Europako Elkar Eragingarritasun Esparru bat garatzea mugaz gaindiko osasun-informazio elektronikoko zerbitzuetarako (Cross-Border eHealth Information Services – CBeHIS), mugaz gaindiko osasun-asistentziari buruzko 2011/24/EB Zuzentarauan ezarritakoa betez, konfiantza eta segurtasun maila handia lortzeko helburuarekin, asistentziaren jarraipena hobetuz eta osasun-arreta segurua eta kalitate handikoa izango dela bermatuz.

 

Europan errezeta elektroniko elkar eragingarria ezartzeak eta historia klinikora sarbidea izateak eragin zuzena izango du pertsonengan, izan ere,

  • botikak egoki eta zentzuz erabiltzen laguntzen du
  • botikak eskuratzeko prozesua arintzen du
  • behin tratamenduak agintzen direnean ez dago osasun-zentrora joan beharrik
  • ez dago errezeta galtzeko arriskurik, paperekoekin gertatzen zen bezala
  • ez da beharrezkoa botikak denbora luzez pilatzea
  • eta erabiltzaileentzat askoz ere erosoagoa eta, batez ere, seguruagoa da, jatorrizko osasun-zentroan norberaren medikuak agindutako tratamenduarekin jarraitu ahal izango baitute.
  • datuetara sarbidea baimendutako pertsonek bakarrik izango dute.
  • osasun-arreta segurua, datuen babesa errespetatzen duena, bermatzen du.

 

EUSKADIKO ESPERIENTZIA

 

Euskadin errezeta elektronikoaren elkar eragingarritasuna 2018ko urtarrilean ezarri zen, eta erkidegoen elkar eragingarritasunari esker, Estatuko edozein farmazia-bulegotan eskura daiteke medikazioa, osasun-txartel indibiduala aurkeztuta. Abian jarri zenetik, guztira 393.255 euskaldunek eskuratu dute dagokion medikazioa beste autonomia-erkidego batzuetako farmazietan.

 

Euskal e-rezeta elkar eragingarriarekin 5.541.895 errezetaren bidez eman zaizkie botikak euskaldunei beste autonomia-erkidego batzuetako farmazia-bulegoetan. Gaztela eta Leon izan da, 1.791.456 errezetarekin, e-rezeta gehien erabili den autonomia-erkidegoa, eta bere atzetik daude Kantabria (1.026.031 errezetarekin), Valentziako Erkidegoa (512.353rekin), Galizia (433.950ekin) eta Errioxa (431.589rekin).

 

Bestalde, Euskadiko farmaziek beste erkidego batzuetako 93.824 paziente artatu dituzte, eta guztira 681.195 errezeta hartu dituzte: Araban 133.664, Bizkaian 336.135 eta Gipuzkoan 211.336. Errezeta horietako gehienak jatorri hauetako pazienteenak ziren: Gaztela eta León (133.893) eta Kantabria (75.376). Zehazki, 2021ean Euskadiko farmaziek guztira 37.674.047 errezetaren bidez saldu zituzten botikak, eta horietatik % 0,26 elkar eragingarriak izan ziren.

 

e-rezetak segurtasun eta erosotasun plus bat ematen die erabiltzaileei, eta bere eskuragarritasunagatik, errendimenduagatik eta eraginkortasunagatik nabarmentzen da. Gainera, ia guztiz ordezkatu du paperezko errezeta. 2021ean fakturatu ziren errezeten % 99,85 elektronikoak izan ziren.

 

 

Vitoria-Gasteiz, uztailaren 21a

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)