Berriak Kultura eta Hizkuntza Politika
qrcode

Urduñako Udalak 700.000 euro jasoko ditu Berpiztu programatik, bere kultura-ondarea sendotu eta balioesteko (Gobernu Bilera 2022-7-19)

2022-07-19

Gobernu Kontseiluak 700.000 euroko dirulaguntza onartu du gaur Urduñako Udalarentzat, 2022-2023 aldirako, Urduñako kultura-ondare berezia sendotu eta balioesteko proiektua finantzatzeko. Dirulaguntza honen bidez bi jarduera egingo dira: batetik, Urduñako harresiak sendotu eta balioztatzea, eta, bestetik, Txarlazo mendiko Antiguako Ama Birjinaren Monumentua sendotzea eta balioestea.

Urduñako jarduera hauek Aiaraldeako Lehentasunezko Jarduera Eremuetako (ZAP) proiektu traktoreetako baten barruan daude. Era berean, Eusko Jaurlaritzak 2020ko azaroan Euskadiko ekonomiaren eta enpleguaren susperraldiari aurre egiteko onartu zuen Berpiztu programan integratutako dirulaguntzak dira.

Urduñako harresia

Harresia Urduñako Hirigune Historikoaren zati da. 1997an, EAEko Babes Bereziko Kultura Ondasun izendatu zen, Monumentu Multzo kategoriarekin. Hirigune handi hori harresiz inguratuta dago, eta harresiaren horma-atala udaletxetik Andra Marira dago, baina hiriko hainbat gunetan ere tartekatzen da harresia.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 200.000 euro bideratuko ditu Andra Mari elizaren ondoko harresi-barreneko eremua leheneratzeko lanetara, hainbat jarduera garatzeko gune bat sortzeko.

Antiguako Ama Birjina

Antiguako Ama Birjinaren Monumentuak, Txarlazo mendian, Urduñako zaindaria oroitarazten du, eta Bizkaiko (Urduña) eta Burgosko (Villalba de Losa) lurretan dago. XX. mende hasierako hormigoi armatuzko obra handienetako bat da, eta ikur bihurtu da bizilagunentzat, erakargarritasun turistiko handia izateaz gain. 25 metroko garaiera eta 50 bat tonako pisua duen monumentua da, zapata handi batez, enbor zilindriko batez eta masustondo bat imitatzen duten adar batzuez osatua – Zuhaitz horren gainean Ama Birjina artzain xume bati agertu zitzaiola kontatzen du historiak –, Ama Birjinaren gorputz nagusia, irudia eta koroa ditu. Berezitasunetako bat da enborraren barrualdetik harmailadi bat igarotzen dela, eta bertatik zuhaitzaren adaburura iristeko aukera dagoela. Bertan, sei leihate eta Ama Birjinaren gerriaren parean dagoen goiko balkoi bat daude.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren 500.000 euroko diru-laguntzaren bidez, izan ditzakeen prozesu kaltegarriak hautemateko eta geldiarazteko obrak egingo dira, bai eta egitura indartzeko lanak ere.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko