Kultura eta Hizkuntza Politika sailak ia 45.000 euroko dirulaguntza emango dio Jakin Fundazioari Juan San Martin Ortiz de Zarateren obra digitalizatzeko (Gobernu Bilera 2022-7-19)

2022-07-19

 

Gobernu Kontseiluak gaur onartu du 44.650 euroko dirulaguntza Jakin Fundazioarentzat Juan San Martin Ortiz de Zarate (Eibar 1922-Hondarribia 2005) idazle, historialari, euskaltzain eta lehen Arartekoaren obra digitalizatzeko. Jakin Fundazioa 2018. Urtetik ari da San Martinen obra idatzia digitalizatzen.

Juan San Martin Ortiz de Zaratek euskal kulturaren hainbat alderdi aztertu zituen eta liburuez gain, hainbat izan ziren egunkari eta aldizkari ugaritan jorratutako alorrak. Kultura eta Hizkuntza Politika sailak emandako dirulaguntzarekin 792 argitalpen tratatuko dira (4.970 orrialde): 11 liburu, 19 liburu-atalak, 672 aldizkarietako artikuluak, 17 itzulpen, 4 lan editore gisa burututakoak, eta baita Juan San Martini buruzko idazlan eta elkarrizketak (orotara 73). Idazlanak bildu, aztertu, katalogatu, zuzendu eta OCRz irakurgarri izateko digitalizatuko dira. Asmoa digitalizatutako obra guzti hori 2022. honetan sarean jarri ahal izatea da.

Dirulaguntzaren helburua San Martinen obra, sakabanatua eta eskuragaitza, ikerlari eta belaunaldi berrien eskuetan uztea da, hiritarrentzat eskuragarri izateko eta ikertzaileei azterbide berriak sortzeko.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko