Berriak Lehendakaritza

Eusko Jaurlaritza pozik agertu da Mercedeseko langileek hitzarmenaren aurreakordioa babestu dutelako, eta konpainiak iragarritako inbertsioa finkatuko duela espero du

2022-07-19
  • Azken egunotan igaro dugun muturreko egoera meteorologiko honen aurrean eta hartu behar izan diren neurrien aurrean, Eusko Jaurlaritzak eskerrak eman dizkie herritar guztiei, eta, bereziki, lehen sektoreari

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren osteko ohiko prentsaurrekoan.

Hitzarmena berritzeko atzo Mercedesen egin zen bozketari dagokionez, Eusko Jaurlaritzako bozeramailea pozik agertu da Mercedeseko langileek hitzarmena berritzeko aurreakordioa babestu dutelako. Zupiriaren hitzetan, aurreakordio horri esker, enpresa osoak egonkortasuna lortuko du oraingo eta etorkizuneko harremanetan, eta langileei aukera emango die beren lan-baldintzak hobetzeko.

Egoera horrek, bozeramailearen iritziz, abiapuntu hobea eskaintzen du Mercedes Benz multinazionalak iragarritako inbertsioa sendotzeko. “Inbertsio horrek izugarrizko garrantzia izango luke egungo fabrikazio-eragiketen jarraipena ziurtatzeko, baina, batez ere, lantegi horren etorkizuna jarduera berriekin bermatuko luke. Gasteizko Mercedesen lan egiten duten pertsona guztientzat, automobilgintzaren sektorean lan egiten duten pertsona guztientzat eta Euskadiko herritar guztientzat funtsezkoa den zerbait”, azpimarratu du.

BERO-OLATUA

Azken egunotan igaro dugun muturreko egoera meteorologiko honen aurrean eta hartu behar izan diren neurrien aurrean, Gobernuko bozeramaileak eskerrak eman nahi izan dizkie herritar guztiei, eta, bereziki, lehen sektoreari. “Jakin badakigu beroaldi hori zereal-uztaren denboraldi betean gertatu dela, eta nekazariek ahalegin handia egin dutela makineria guztia gelditzeko, arrisku gehiago ez sortzeko. Eta, era berean, eskerrak eman behar dizkiegu joan den astean izandako suak isolatu eta itzaltzeko unean emandako laguntzagatik; izan ere, gune berri bat ireki den bakoitzean, baserritarrak beren ibilgailu bereziekin joan dira suteak itzaltzeko zerbitzuekin batera suebakiak irekitzera. Haien ekarpena erabakigarria izan da suteak gehiago gerta ez zitezen. Eskerrik asko benetan”, adierazi du.

Gainera, sailburuak balioa eman dio suari eusteko indarrean jarri zen ohiz kanpoko araudiari, egoeraren larritasuna ikusita. Horri esker, azken 3 egunetan 4 sute garrantzitsu baino ez dira izan, eta ia 15 hektarea erre dira. “EAEko erakunde guztien artean diseinatutako eta koordinatutako operatiboak funtzionatu du”, nabarmendu du.

Dena ondo badoa, bihartik aurrera alertak amaituko dira eta uztaileko normaltasunera itzuliko gara Euskadin; baina, hala ere, gaur, asteartea, oraindik tenperatura altuekin eta sute-arriskuan jarraitzen dugu. Horregatik, Bingen Zupiriak gogorarazi du Araba osoan eta Bizkaiko eta Gipuzkoako barnealdean erabat debekatuta dagoela 13:00etatik 21:00etara nekazaritza- edo baso-jarduerak egitea.

Bestalde, eta aurreikuspenen arabera tenperaturak behera egingo duen arren, Osasun Sailak gogorarazi du komeni dela aurreko astean argitaratutako gomendioei eustea, 2022ko Euskadiko gehiegizko tenperaturen eraginei aurre egiteko prebentzio-jarduketen plana aplikatuz, eta gomendio horien artean, bereziki egiten zaie dei herritar kalteberei, hala nola haurrei, adinekoei eta gaixotasun kronikoak dituztenei.

GOBERNU KONTSEILUAREN AKORDIOAK

Gainera, ohikoa den bezala, Bingen Zupiria sailburuak, jakitera eman ditu Gobernu Kontseiluak gaur onartutako beste hainbat akordio, besteak beste, honakoak aipatu ditu:

Gobernu Kontseiluak 1,13 milioi euroko laguntzak onartu ditu gaur Gizarte Ekonomiarako, zehazki prestakuntza eta laguntza teknikorako. Dirulaguntza horiek bat egiten dute Enpresen Gizarte Erantzukizuna hedatzeko hilabete honetan bertan berretsitakoekin. Oraindik osatu gabe dago, baina laster onartuko dira Ukrainako gerrak Gizarte Ekonomiako enpresetan izango dituen ondorioak arintzera bideratutako laguntzen sorta.

Halaber, Jaurlaritzak etxebizitza publikoarekin zerikusia duten bi neurri onartu ditu. Alde batetik, Andoaingo Udalarekin sinatutako hitzarmen bati oniritzia eman dio eta hitzarmen horren bidez, alokairuko babes sozialeko 266 etxebizitza sustatuko dira Andoaingo hiru eremutan: Etxeberrieta, Ama Kandida eta Agirialai. Hitzarmen horretan, hirigintzako esku-hartze bat egingo da, hiria berritzeko, azpietxebizitzak kentzeko eta etxe berriak sustatzeko.

Bestalde, Jaurlaritzak baimena eman du Beizamako Udalak 1.314 m2-ko lursail bat doan lagatzeko Eusko Jaurlaritzari, Gipuzkoako udalerri honetan alokairuko babes sozialeko hamabi etxebizitza eraikitzeko. Zupiriak azaldu duenez, proiektua hau oso berezia da ze arkitekturako profesional gazteentzat egindako lehiaketa europar batean hartu zuen parte eta erantzuna eman nahi dio landa herrien erronka demografikoari bai eta etxebizitza produktiboen kontzeptuari, hau da, etxeetan lan egin ahal izateko aukerari.

Gobernu Kontseiluak, gainera, migrazioari eta asiloari lotutako hainbat elkarteei zuzeneko laguntza ematea erabaki du beren jarduerak gara ditzaten. Eta laguntza horien artean, Zaporeak Solidarios Garapenerako Elkarteari 200.000 euroko diru-laguntza zuzena eman dio Greziako Lesbos uharteko Kara Tepe aterpe berrian errefuxiatuei otorduak banatzeko antolatu duten proiekturako, bertako jendea kalteberatasun-indize handia baitute.

Kultura arloan, Gobernu Kontseiluak 700.000 euroko dirulaguntza onartu du gaur Urduñako Udalarentzat, 2022-2023 aldirako, Urduñako kultura-ondare berezia sendotu eta balioesteko proiektua finantzatzeko. Dirulaguntza honen bidez bi jarduera egingo dira: batetik, Urduñako harresiak sendotu eta balioztatzea, eta, bestetik, Txarlazo mendiko Antiguako Ama Birjinaren Monumentua sendotzea eta balioestea. Urduñako jarduera hauek Aiaraldeako Lehentasunezko Jarduera Eremuetako (ZAP) proiektu traktoreetako baten barruan daude. Era berean, Eusko Jaurlaritzak 2020ko azaroan Euskadiko ekonomiaren eta enpleguaren susperraldiari aurre egiteko onartu zuen Berpiztu programan integratutako dirulaguntzak dira.

Merkataritzari dagokionez, 2 milioi euroko programa onartu du Gobernu Kontseiluak, Euskadiko MBT (Merkataritzako Bulego Teknikoak) laguntzen duena. Programa honen helburua da berrikuntzarekin, kalitatearekin eta teknologia berriekin lotutako prozesuak bultzatzea, langile kualifikatuen laguntzarekin, eta maila anitzeko lankidetza-estrategiak sustatzea. Zeregina genero-ikuspegiarekin, jasangarritasunarekin eta eraldaketa digitalarekin beteko da.

Gai-zerrenda

Prentsa-txostena

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak