Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak Bilduko ordezkariei jakinarazi die premiak ezin duela askatasun aro berria markatu

2011.eko urriak 28

Patxi López lehendakariak Bildu koalizioko ordezkaritza bat hartu du gaur arratsaldean, terrorismoaren amaieraren ostean egiten ari den bilera errondaren barruan. Ordezkaritza, Pello Urizar, Oskar Matute eta Rufi Etxeberriak osatu dute

Bileran, lehendakariak ezker abertzaleari jakinarazi dio zor handia duela euskal gizartearekin, iraganean indarkeria terrorista babestu zuelako eta esan dio Euskadin izan den konflikto bakarra ETA izan dela. Horregatik, bere poza agertu die terrorismoaren amaierarengatik eta erantsi du ETAren ukoa askatasunaren, demokraziaren eta Euskadiko autogobernuaren garaipena dela.

Lehendakariaren aburuz, etorkizunerako aukera berriak irekitzen dituen askatasun aro berri bat hasi da Euskadin.  Garai berri horren isla da Bildun ordezkatua dagoen ezker abertzalearekin gaur egindako bilera, egun batzuk lehenago ezinezkoa izango zatekeelako.  Gaineratu egin du denon elkartzea ezinbestekoa dela garai berriari aurre egin eta gure arteko askatasuna eta bizikidetza demokratikoa finkatzeko.

Lehendakariak azpimarratu du ETAren indarkeria onartu dutenek konpromiso berezi bat aitortu behar diotela bizikidetzari, behintzat, hiru esparrutan:

a) Ezker abertzaleak gertatu denaren egia onartu behar du, hura babestu, justifikatu eta onartu zuelako.

b) Erantzukizuna bere gain hartu behar du iraganarengatik eta biktimei egindako mina aitortu beharra dauka eta aitortza hori gobernatzen dituen erakundeei helarazi behar die.

c) Ezker abertzaleak euskal gizartearen aniztasun politikoa eta nortasun anitzak onartu behar ditu, orain arte izan duen kontzepzio totalitarioari uko eginez.

Ezker abertzaleak alderdien mahai bat osatu eta Aieteko konferentziaren urratsak jarraitzeko egin dituen eskakizunen aurrean, lehendakariak esan du behingoz normaltasun politikoa lortu badugu, ETAk eztabaida politikoan parte hartzerik ez duelako izan dela. Bere hitzetan, erakunde demokratikoak dira alderdi politikoen proposamenak aurkezteko eta eztabaidatzeko leku egokiak.

Era berean, Patxi Lópezek zehaztu du Donostian antzeztu zen konferentziako puntuak ez dagozkiola Euskadiko erakundeen arteko akordio bati, hau da, aldebakarreko desio bati baino ez diote erantzuten, Gernikako Akordioak bezalaxe. Lehendakariak eta Eusko Jaurlaritzak, beraz, ez dute bere edukiarekin bat egiten. Presoen gaian urratsak emateko egin diren eskakizunei dagokienez, lehendakariak adierazi du Zuzenbidezko Estatuak etengabeko proposamenak egin dituela, birgizarteratzeagatik eta zigortuak gizarte demokratikora itzultzeko.  ETA izan da birgizarteratzearekin lotutako ekimenetan parte hartzen utzi ez diena.

Hortaz, aro berri honetan kaltetu guztientzako kartzela politika irekiago eta askeago bat posible  izango den uste osoa du. Halaber, erakunde demokratikoek terrorismoaren amaierari azkar erantzuteko egin diren eskakizunei dagokienez, gogorarazi du ezker abertzaleak bi urte baino gehiago eman dituela gainerakoei bere erritmo propioak markatzeko autonomia eskatzen.

Beraz, orain ezin du bere agendaren premia erakunde demokratikoek bere gain hartzea eskatu. Presa ez da ona, eta are gutxiago hauteskunde garaian. Horregatik, lehendakariak jakinarazi die, une bakoitzean, euskal gizartean askatasuna eta bizikidetza finkatzeko erabaki egokiak hartuko dituela, baita aro terrorista eta bere ondorioekin behin betiko amaitzeko neurriak ere.

Goizean, lehendakaria ELA-ko idazkari nagusi Adolfo Muñozekin eta idazkariorde nagusi Amaia Muñoarekin elkartu da, eta Euskadin irekitzen ari den aro politiko berriari eta krisi ekonomikoaren ondorioei buruzko iritziak trukatu dituzte.

2 iruzkin
  • @NatxoRodriguez
    2011.eko urriak 28

    Comentario de Twitter:
    RT @vali_vali_: Gestos de normalidad en el nuevo tiempo de Euskadi. Quedan muchos más, poco a poco... @irekia http://t.co/uHGOyx5b

  • @vali_vali_
    2011.eko urriak 28

    Comentario de Twitter:
    Gestos de normalidad en el nuevo tiempo de Euskadi. Quedan muchos más, poco a poco... @irekia http://t.co/uHGOyx5b

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)