Elkarlan Sariak
Berriak Kultura eta Hizkuntza Politika
qrcode

F2P campus munduko free-to-play bideojokoen lehen campus azeleratzailearen hirugarren edizioa hasi da Gasteizen, hautatutako 5 taldeen presentziarekin, AEBtako 2, Kanadako bat eta Bartzelonan egoitza duten 2

2022-07-18
  • Arabako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Euneiz Unibertsitateak bultzatutako ekimenak Euskadiko hiriburura ekarriko ditu sektore horretan aditu nagusien artean dauden ia hamabi pertsona, eta esan beharra dago dagoeneko sektore horrek, Espainian bakarrik, 1.105 milioitik gora fakturatzen duela urtean.
  • Datozen 2 hilabeteetan talde parte-hartzaileek beren proiektuak garatuko dituzte askotariko gaiei loturik, hala nola osasuna, kirola, euskal mito eta kondairak, karta-jolasak eta futbola.

Gasteizko F2P Campusaren hirugarren edizioa abian jarri da gaur Euskadiko hiriburuan. Arabako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Euneiz Unibertsitateak bultzatutako ekimen hau lehena da pandemiaren geldialdiaz geroztik, eta, datozen 2 hilabeteetan, mundu osoko hautagaien artean hautatutako 5 talde Free-to-Play bideojoko berriak sortzeko lanetan murgilduko dira. Jokatzeko ordaindu beharra eskatzen ez dutenak dira Free-to-Play bideojokoak. Ramiro González Arabako diputatu nagusiak, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Jordi Roche Eunizeko presidenteak eta Raúl Herrero F2P Campuseko zuzendariak ongietorria egin diete Estatu Batuetatik, Kanadatik eta Bartzelonatik etorritako taldeei. Aurten egindako hautaketak agerian jarri du berriz ere hitzordu honek sektorerako nazioartean egin duen aurrerapen handia, 3 ediziotan bakarrik hainbat herrialde eta kontinentetako profesionalen arreta erakartzea lortu baitu. F2P Campusek Gasteizko Udalaren, Vital Fundazioaren eta Euskaltel Fundazioaren laguntza ere badu, baita Basquegame-ren eta Game BCNren kolaborazioa eta BIC Araba-ren kudeaketa-laguntza ere.

Ramiro González Arabako diputatu nagusiak ongietorria egin die parte hartuko duten pertsona guztiei, eta nabarmendu du Arabako lurraldearentzat oso garrantzitsua dela horrelako nazioarteko ekitaldiak hartzea, "Araban sektore hori bultzatzen laguntzen dutelako, askotariko profilak bilduz talentu berriak txertatzeari berebiziko garrantzia ematen dion sektore bat, hain zuzen". Guretzat poz handia da hainbat kontinentetatik talentua erakartzea, nola talde parte-hartzaileen eskutik, hala bideojokoen industriako aditu eta guruen eskutik. Merkatu-nitxo berrietan balioa eta aberastasuna sortzen eta gure ekonomia dibertsifikatzen jarraitzearen aldeko apustu bat da”, nabarmendu duenez.

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak bideo-jokoen sektorea Euskadin hartzen ari den indarra azpimarratu du: “Bideo-jokoen sektorea aspaldi hasi zen indarra hartzen baina gero eta zabalagoa da daukan merkatua. Nabarmentzekoa da sektoreak azken hamar urteetan ia bikoiztu egin duela enpresa kopurua (2010ean 5 ziren eta 2020an 9). EAEko enpresen %0,01 da hori. Horrek erakusten du gure gizartean eta ekonomian gero eta indar gehiago hartzen ari dela bideo-jokoen sektorea. 2020tik 2021era ere enpresa kopurua igo egin da (9tik 10era). Horrek esan nahi du pandemia bat tarteko ere igotzeko indarra duen sektorea dela bideo-jokoena”.

Jordi Roche EUNEIZ Unibertsitateko presidentea oso pozik azaldu da EUNEIZeko egoitza bideojokoen sektore izugarri garrantzitsuarekin lotutako F2P campus honekin estreinatzeko aukerarekin, “hazteko ahalmen eta inpaktu positibo itzela duen sektore bat delako, ekonomiari, kulturari eta gizarteari dagokienez”. Ildo horretan berretsi du, 2023-2024 ikasturterako aurreikusitako gradu berrietako bik bideojokoen programazioarekin eta diseinuarekin zerikusia dutela. “Ezagutza-arlo hori gure jarduera ekonomikoaren bandera-ontzia da, eta arrakasta handiz sendotu da Katalunian eta Mexikon dauzkagun zentroetan; datorren urtean Gasteizera ere lekualdatuko dugu, kalitate- eta abangoardia-irizpide berberekin”. Azkenik, EUNEIZeko presidenteak F2P campuseko antolatzaileei zorionak eman dizkie, ekimenari esker “Gasteizek pultsu sortzailea hartu eta sektoreko joerak neurtzeko aukera izango duelako”, eta bost talde parte-hartzaileei opatu die “arrakastarik onena izatea beren bideojoko-proiektuen garapenean”. “Enplegua eta jarduera sortuko duten konpainia emankorren hazia izango ahal dira!” esanez amaitu du.

Gaurtik hasita, talde guztiek beren lan-eremua antolatuko dute, Euneiz Unibertsitateak aurten Salburuko Vital Eraikinean estreinatutako instalazio berrien barruan erreserbatu zaien tokian. Hortik beren proiektuak azeleratuko dituzte, gai horretan munduko aditu nagusien artean dauden ia hamar pertsonaren aholkularitza eta laguntzarekin, campusera bertaratuko direnak irailaren 18ra arte, aurreikuspenen arabera campusa amaituko den egunera arte, hain zuzen. Sektoreko guru horien artean honako izen hauek izango ditugu gurekin:

- Javier Barnes: Product manager-a da alor horretako enpresa aitortuenetako bat den King-en, eta esperientzia luzea duena beste enpresa batzuetan, Gameloft-en eta Social Point-en adibidez. Espezialista da joko-ekonomian eta free-to-play monetizazioan.

-Min Woo Ryu: Hego Koreatik dator, eta gaur egun Ten Birds Corp-en dihardu lanean. Esperientzia luzea du, eta nabarmentzekoa da Nexon eta Devsister enpresetan jardun duela. Kontzeptuak sortzeko eta garapena kudeatzeko alorretan du esperientzia, bideojokoen esparruan.

-Fran Bravo: Venezuelar hau produktuko eta live operations-eko burua da beste enpresa erreferente bat den Zeptolab-en. Nazioartean ibilbide luzea egin du bideojokoen industrian, eta nabarmentzekoa da Gameloft eta DeNA bideojokoen garatzaile garrantzitsuetan jardun duela.

-Guillaume Verlinden: Jatorriz frantziarra izanik, produktuko presidenteordea izan da Social Point eta Tilting Point enpresetan, eta sektoreko garrantzizko beste estudio batzuetan ere aritu da.

-Mathias Royer: Frantziar hau manager nagusia da Tilting Point internazionalaren Bartzelonako estudioan. Bi gai nagusitan zentratuko da: esperientzia produktu bat kudeatzeko garaian, eta nola lor dezakegun jokalariak gure jokoan jokatzera erakartzeko.

-Manel Sort: Bartzelonan sortu zuen, zerotik abiatuta, King multinazionalaren estudiorik handiena, 800 langiletik gora ere izan duena. Urte askotako esperientzia dauka, Digital Chocolate-n hasi zenez geroztik. G4AL Entertainment-en fundatzailea da gaur egun, eta handik gidatzen du blockchain-aren iraultza bideojokoetan.

Campusa ondo baino hobeto ezagutzen duten beste aditu batzuk ere itzuliko dira Gasteizera.

-Joony Koo:  Bera ere korearra eta ibilbide luzekoa, Com2Us estudioan egin zuen lana da nabarmentzekoa. Aitzindarietako bat dugu free-to-play jokoen garapenean. Aitzindaria dugu halaber blockchainaren eta NFTen erabileran bideo-jokoetan. Orain 3.0 webgunea eta komunitate birtualen sorkuntza hartu ditu bere jardunaren ardatz.

-Eugene Yailenko: Zuzendari sortzailea da Zeptolab estudioan, eta free-to-play joko-mekaniken diseinatzaile aditu eta aparta dugu. Joko-diseinu dibertigarri eta ekonomikoki ondo dabilen bat nola lortu dezakegun jorratuko du.

-Isabel Tallos: Warhammer 40.000 marka ezagunarekin lan egiten duen Everguild estudio independente arrakastatsuaren fundatzailea da. Argazkiaren arloan mundu osoaren errekonozimendua izan duen artista dugu, baina bideo-jokoengatik duen irrikak estudio propioa jartzera eraman du, eta arte-zuzendari gisa dihardu estudioan.

-Andrés Tallos: Everguild estudioaren fundatzailea Isabelekin batera; estudioko CEOa da, eta bere esperientzia luzean metatu duen ikuspegi eta ezagutza handia aplikatzen du. Iraganean Japoniako GREE konpainia erraldoiarentzat negozio-estrategiako zuzendari gisa egin zuen lana nabarmendu behar da.

-Alba Iniesta: Produktuko buru eta UX game designer da Scopley estudioan. Aditua da joko-diseinuan eta erabilgarritasunean. Joko bat erabilgarritasunaren ikuspuntutik nola diseinatu behar den kontatuko digu.

Nazioarteko taldeak

Datozen 2 hilabeteetan, free-to-play bideo-jokoen erdigune bihurtuko da Gasteiz. 2 lehenengo edizioetako eduki tradizionalari berritasun garrantzitsuak gehituko zaizkio aurten, hala nola blockchain teknologia, play-to-earn negozio-eredua, eta NFTak eta arte digitala. Guztiak ere free-to-play jokoekin estu lotutako gaiak dira, funtsezkoak baitira bideo-jokoen modelo honen bilakaeran.

Hautatutako 5 taldeek hemen garatuko dute beren lan eta prestakuntza guztia gaurdanik irailaren 18ra arte, eta Bakh Baskoniaren kirol-hiriari erantsitako instalazioak izango dituzte otorduetarako eta aisialdirako. Aristi Lorategietako apartamentuetan hartuko dute ostatu guztiek ere, kirol-hiritik gertu.

Hauek dira F2P Campusaren hirugarren edizioaren talde protagonistak:

-Giggilng Piglets: Bere kideetako 3rekin datorkigu euskal hiriburura talde kanadiarra, taldea izatez ugariagoa bada ere. "Side scroller" (alboko desplazamendua) motako joko bat aurkeztuko dute.

-Project Legends: Bartzelonakoak dira. Taldeko 4 kide datoz, eta 9 kidek osatzen dute talde guztia. Kartak eta futbola uztartzen dituen joko polit bat aurkeztuko dute. Taldearen berezitasuna zera da, ikasle lizentziatu berriak baina potentzial handikoak direla.

-Venko Games: Hauek ere Bartzelonakoak dira eta taldeko 2 kide etorriko dira. Lehendik ere zenbait joko atera dituen talde esperientziaduna da. Bere proiektuak ikuspegi berria ematen die elkarrizketa-abenturei. Lurraldeen araberako elezahar eta mitoetan oinarrituta daude taldearen istorioak, Euskadiko elezahar eta mitoekin hasita.

-Happy Hedgehog Studio: Estatu Batuetakoak dira eta jada jokoren bat argitaratuta duten estudio txiki honetako 2 kideak datoz.

-Glossbirds: Estatu Batuetakoak eta Britainia Handikoak. Esperientzia duten 4 kide datoz. Oso bestelako proposamena dute. Kirola modu dibertigarrian egitea eta ohitura osasungarriak joko bihurtzea sustatzen duen jokoa da.

Guztiek ere 2 hilabete emango dituzte estu lanean irailean egingo den campuseko azken Demo Day ekitaldian beren aurrerapausoak azaldu aurretik. Horretarako, Raul Herrero zuzendaria buru duen F2P Campuseko talde teknikoaren babes osoa izango dute, baita Gasteizera bertaratuko diren adituen zentzuzko aholkuak ere. Aditu horiek guztiek ere hitzaldiak emango dituzte irekian bideo-jokoetan interesatutako edozein pertsonak munduko espezialista onenen eskutik ikasteko aukera izan dezan. Gazteenentzat eta beren karrera profesionala berbideratzen pentsatzen ari diren pertsonentzat pentsatutako tailer espezializatuak izango dira, Games Academy kateak ekainaren amaiera-aldera Amurrion egindakoak bezala, arrakasta handiarekin jendeari dagokionez.

 

2 iruzkin
  • Argazkia SN Robot
    @Gob_eus
    2022-07-18

    Comentario de Twitter:
    🎮 Bingen Zupiria Free2Play campusean parte hartuko duten taldeen aurkezpenean izan da
    📎https://t.co/sDkb0gzETa

    🎮 B… https://t.co/uwHYYXJ4eq

  • Argazkia SN Robot
    @F2PCampus
    2022-07-18

    Comentario de Twitter:
    RT @Gob_eus: 🎮 Bingen Zupiria Free2Play campusean parte hartuko duten taldeen aurkezpenean izan da
    📎https://t.co/sDkb0gzETa

    🎮 Bingen Zupir…

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)