Gas-kontsumo intentsiboa duten industrientzako laguntzak zabalduko ditu Eusko Jaurlaritzak
- Laguntzak enpresa bakoitzeko 400.000 euroko gehieneko partida batekin eskatzeko aukera beste industria-azpisektore batzuetara zabalduko da, hala nola siderurgiara, sektore kimikora edo zeramika-produktuen sektorera. Abuztuaren 31ra arte aurkeztu daitezke eskaerak.
- Guztira 8 milioi euroko dirulaguntzarekin itxi zen aurreko deialdian bezala, Ukrainako inbasioak eragindako gas-kostuaren igoera arintzea da orain ere helburua.
Gas-kontsumo intentsiboa duten industriei eskainitako zuzeneko laguntzak zabalduko ditu Eusko Jaurlaritzak errusiarrek Ukraina inbaditu izanak eta ondoren Errusiari ezarritako zigorrek eragindako gas-kostuaren igoeraren efektu kaltegarria arintzeko. Gaurdanik eta abuztuaren 31ra arte irekita egongo da eskaerak aurkezteko epea duela hiru hilabete abian jarritako aurreko deialdian sartu ezin izan ziren beste industria-azpisektore batzuentzat.
Konpainia bakoitzak jaso ahalko duen gehieneko laguntza 400.000 euro izango da. Helbide fiskala EAEn duten enpresak izango dira onuradunak, betiere 2021ean EJSN Kode hauetan aurreikusitako jardueretatik gutxienez bat gauzatu badute eta eskaera egiteko une horretan jarduera egikaritzen jarraitzen badute:
Kod. EJSN2009 |
Izenburua EJSN2009 |
133 |
Ehunen akabera. |
089 |
Beste inon sailkatu gabeko erauzketa-industriak. |
239 |
Beste inon sailkatu gabeko produktu mineral ez-metalikoen fabrikazioa. |
201 |
Oinarrizko produktu kimikoen fabrikazioa. |
241 |
Burdinazko, altzairuzko eta ferroaleaziozko oinarrizko produktuen fabrikazioa. |
234 |
Beste produktu zeramiko batzuen fabrikazioa. |
235 |
Zementuaren, karearen eta igeltsuaren fabrikazioa. |
244 |
Metal preziatuen eta burdinazkoak ez diren beste metal batzuen fabrikazioa. |
203 |
Pinturak, bernizak, inprenta-tintak eta masillak. |
"Beste inon sailkatu gabekoa´" esapideak jarduera ekonomikoen beste epigrafeetan espezifikoki definituta ez dauden jarduera ekonomiko guztiei egiten die erreferentzia.
Ukrainako gerraren ondorioei aurre egiteko neurriak barne hartzen diren irizpideei erantzuten die laguntza horien argitalpenak; 158 milioi euroko laguntzak iragarri zituen Iñigo Urkullu lehendakariak, eta apirileko gobernu-kontseiluan onartu ziren. 15 milioi euro baino gehiagorekin hornitutako erreskate-funts batek eta ia 143 milioi euroko asignazio bat duen funts ekonomikoak osatzen dute neurrien pakete hori, eta gaur egun baliagarria da ekonomia dinamizatzeko, enplegua atxikitzeko, eta pertsona eta familia kalteberenei laguntzeko.
Horrenbestez, aurkezpen-epea gaurdanik abuztuaren 31ra arte duten laguntzak laugarren neurria dira Errusiak hasitako gatazka belikoak eragindako egoerari aurre egiteko, gatazka beliko hori ondorio garrantzitsuak eragiten ari baita maila guztietan ere. Europako ekonomiari dagokionez, gas naturalaren prezioaren igoeraren ondorioz 2021eko udaz geroztik jasaten ari den eskaintza-shocka areagotu du, eta ziurgabetasun handia gehitu du egoera horren iraupenari eta intentsitateari buruz. Bostekin biderkatu da gas naturalaren prezioa urtebetean, eta % 25 igo da inbasioa hasi zenetik.
Honako helbide honetako Egoitza Elektronikoan aurkeztu ahalko dira eskaerak: https://www.euskadi.eus/servicios/1215701